Albisteak

30 lagun inguru bildu ziren atzo, Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera irekian

Udalak deituta, herritarren parte-hartzearen bidez Zestoako Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera irekia egin zen atzo Kultur Etxean. Udaletxeko kultur teknikaria, Josetxo Mendizabal alkatea, Itziar Elorza eta Karmelo Mendizabal zinegotziek zuzendu zuten bilera, eta han izan ziren Amagoia Andres eta Marga Eizagirre EH Bilduko zinegotziak ere. Guztira, 30 lagun inguru bildu ziren, norbanako zein talde ezberdinetako kideak.

Bileran, Kultur Etxearen inguruan eztabaidatzeko asmoaren berri eman zen eta parte-hartzaileen ekarpenak jaso ziren. Hasieran, kultur teknikariak eraikina inauguratu zenetik gaur arte gertatutako aldaketa nabarmenenak aipatu zituen. Parte-hartzean oinarritutako Kultur Etxeari buruzko eztabaida prozesua zabaltzea proposatu zuen. Eraikinaren inguruko diagnostikoa egin eta aurrera begira egin beharreko hobekuntzen Proiektu teknikoa osatzeko asmoaren berri eman zuen. Etorkizunean proiektua gauzatzeko diru-iturria izanez gero proiektua prest eduki ahal izateko.

Bertaratu zirenek hainbat gauza aipatu zituzten. Alde batetik, Kultur Mahaiko ordezkariek beraiei gonbidapenik luzatu ez izana kritikatu zuten. Bestalde, hausnarketarako markoa Kultur Etxea edo herria izango den zehaztu behar dela azpimarratu zen. Azkenik, bertaratutakoek adierazi zuten ondo dagoela epe-luzerako proiektua modu parte hartzailean egitea, dirua lortuko balitz proiektua eginda egoteko. Dena den, epe-motz eta ertainean diru kopuru handirik ez dela lortuko aurreikusita, taldeetako ordezkariek epe-motz eta ertainerako egitasmo bat egitea eskatu zuten, dagoeneko dauzkaten espazio eta funtzionamendu arazoei ahalik eta konponbide egokiena eman ahal izateko, inbertsio handirik egiteko dirurik ez dagoen bitartean.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide