940 herritar hondakinak biltzeko egungo sistemaren alde!

“Ondo egiten jarraitu nahi dugu” ekimenak 940 herritarren sinadurak aurkeztu ditu gaur Zestoako Udalean. 940 herritar horiek gaur egungo hondakinak biltzeko sistema babesten dute eta hori mantentzea nahi dute. Sinadurak aurkeztearekin batera honako ohar hau argitaratu dute:

Zestoako udalak hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabaki zuen inorekin horretarako adostasunik lortzen saiatu ere egin gabe. Horren aurrean sinadurak biltzen hasi ginen, ondo egiten jarraitu nahi genuela aldarrikatzearekin batera. Hainbat ekimen egin ditugu egindako bidean ez dugula atzera pausurik eman nahi aldarrikatzeko, ardura eskatuz, emaitzei eta bermeei erreparatzea ezinbestekoa dela esanez.

Zuen bultzada eman diguzuen herritar guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, gure eskaerarekin bat egin duzuen guztioi eta, noski, zuen sinadura eman duzuen guztioi ere bai. Eskerrik asko!

Gure ustez iritsi da akordioaren momentua. Herritar asko gara jaramonik ez egiteko, herritar asko gara gure iritzia kontuan ez hartzeko eta herritar asko gara mahai batean eseri eta akordioa lortu nahi dugunak.

Beraz, esan bezala, udalari mahai batean eseri eta hondakinak biltzeko sistemari buruz hitz egin eta guztion artean akordioa lortzeko deia egiten diogu berriro.

“Ondo egiten jarraitu nahi dugu” ekimena




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide