Paperekoa

Ahozko literat-ura

Zigarroari azken zupada ematear zen leiho ertzetik bihotzeraino ailegatu zaion doinu eztia barneratu denean. Malenkonia sentitu du, iraganaren mina eta etorkizunaren beldurra, kanpai hotsak hurbilegi, akaso. Gaztetan horrenbeste erabili izan zuen habanera doinua ezagutzeko nahikoa izan ditu hiru segundo, eta txistuaren sorburua jakin asmoz, irria ahoan, burua kristalera ahalik azkarren hurbildu badu ere, ez du kale-argiek nekez ezkuta dezaketen iluntasuna baino ikusi.

Hasiera batean ez du jakin unearen eta Leitzako saioaren loturaren arrazoi nagusia zein izan zitekeen, baina kontua da buruak hara egin diola ihes, eta saio hartan lehen aldiz plazaratutako doinuak zerrendatu ditu banan-banan, aurrez ederki barneratuak guztiak ere. Txapelketa Nagusia, lau urtez behingo jaialdi antsiatua, emozioen gorabehera, gutxi batzuen sufrimendua gehiengoaren gozagarri.

Sendagileei ere harrigarria gertatu zaie gizonaren azken hilabeteetako gorakada. Ohetik jaikitzeko gai ez zen aitona gogogabetuak oso bestelako jarrera erakusten du irailaz geroztik, asteburu arratsaldeak noiz iritsiko igarotzen ditu egunak, egutegiko zenbakiei arkatzez marratxo bat eransten diela. Esana zieten seme-alabek sendagileei zenbaterainokoa den literaturak harengan daukan indarra, baina haiek ez zuten egoera gordin hura iraultzeko adinakoa izango zenik espero. Ez al gaude bada, hitzei indarrik apenas geratzen zaien garaian?

Hasiera batean, higuingarria zeritzon aparatua inork baino hobeto menderatzen du dagoeneko. Orduak eta orduak igarotzen ditu ordenagailuaren aurrean, eta eskainitako orduek bestelakorik iradoki badezakete ere, gauza bakar baterako baino ez du erabili ohi, txapelketaren gorabeherei jarraitzeko. Ohiturari jarraiki, deigarrien edo interesgarrien zaizkion titularrak orri zurira pasatzen ditu. Duela zortzi urteko txapelketa hartan egin zuen lehen ahalegina, eta orduko hartan proposatutako lana nahiko ongi atera zitzaiola iritzita, horretan jarraitzea erabaki zuen.

“Lehen aldiz zazpi lurraldeetara iritsiko den Euskal Herriko bertsolari txapelketak Baigorrin ekingo dio abendura arteko bideari.”

“Maisutasun osoz gailendu da Alaia Martin final-laurdenetako lehen saioan. Apartekoa kartzelakoan erakutsitako narraziorako gaitasuna.”

“Seguran ere oiartzuarra nagusi. Kartzelakoan irristadaren bat izan arren, lehen postua eskuratu du Jon Martinek, ondorioz, 673,50 punturekin, finalerdietarako txartela eskuratu du.”

“Maila altuko saioa Leitzan. Ederki estimatu zuen entzuleak seikotearen jarduna. Ziur, bateren batek buruz ere ikasi dituela honezkero zenbaiten kartzelakoak. Bertsoaldi gogoangarriak. Azkenean, Oihana Iguaran nagusi.”

“Miren Amurizak bereganatu du lehen postua Zallan. Txapelketako saio batean azkenaldian ez bezala gozatu duela nabaritu zaio Mireni.”

“Plazako freskotasuna erantsi dio Nerea Ibarzabalek Zumaiako saioari. Kartzelako dotore batekin biribildu du saioa. Harentzat izan da finalerdietarako txartela.”

Titularren betebeharra, oraingoz, amaitutzat emanik, honako informazio hau gehitu dio orri zuriari, txapelketaren gorabeheren berri ez daukanen bati erakustea egokituz gero, edo:

“Tolosako saioa izango da final-laurdenetako azkena. Beraz, hango garailea ere hurrengo fasera zuzenean pasatzeaz gain, saio horren ostean jakingo da zein diren puntuazioak baimenduta aurrera jarraitzeko aukera izango duten hemezortzi bertsolariak. Lehen postua eskuratutako seiak, eta puntuaziorik altuena daukaten beste hamabi bertsolariak 2013ko txapelketan finalera iritsi ziren sei bertsolarirekin lehiatzeko parada izango dute. Azkenik, Amets finalean izango dute zain”.

Eguneko lanaldia amaitutzat sentitzeak baimendutako hasperen gozoaren ostean, ordenagailua bermatuta daukan mahaiaren eskuin aldeko kaxoira luzatu du eskua. Bost minutu behar izan ditu inongo ordenarik gabe, nahas-mahasean pilatutako paperen artetik bila dabilena ateratzeko, 2013ko Txapelketa Nagusiko titularren bilduma. Arreta handiegirik eskaini gabe pasatu ditu lehen orriak, eta azken orriari so geratu zaio, dagoeneko idatzi zuela ere ahaztua zeukan Lujanbioren finaleko amaierako agurrari begira. “Bertso-eskolak nahi ditut / eskertu eta omendu / bertsoen gailur guztien / oinarrizko kanpamendu”.

Haien bertso-eskolak tabernak izan zirela bururatu zaio. Astea burua lantzen pasa ohi zuen, igande arratsaldea iristean, taberna zuloren batean beste bertsolariren bati gain hartzeko gogoz. Horrela ezagutu zuen bertsoa, nekez uler zezakeen garai hartan hitzaren jolasa basokada ardorik gabe. Baina bertsolaritzaren azken urteetako bilakaera izugarria izan da, eta kuadrillako gehienek ez bezala, ez du sekula zalantzan jarri bertso-eskolen lan eta esfortzu miresgarria.

Izugarrizko poza eman zion biloba txikiak duela hiru egun. Bertso-eskolan izena ematera animatu asmoz, haien eskolara bi gazte joan zirela kontatu zion aitonari, eta klaseak astearte arratsaldeetan izango zirela ere zehaztu zion, arratsaldeko bostak eta erdietan hain justu. Bazekien lehengo urtean jarri zutela martxan haurren bertso-eskola Zestoan, eta bilobaren ahotik berri hori entzun izana pozgarria iruditu zitzaion. Ia ordubetez aritu zirela jolasean kontatu zion, lehenik errimekin jolastuz, gai bat emanda bururatutako argudio sendoak emanez ondoren, eta amaitzeko, pertsonaia ezkutua bilatzeari ekinez.

Horrez gain, Erralla bertso-eskola berriro ere Erniarraitzen parte izango den berria ere iritsi zaio aitonari. Urteak dira helduen bertso-eskolak indarra galdu zuela. Gogoan du, 2002an, Erralla sortu berritan alegia, kuadrilla polita aritu zela astero elkartzeko ahaleginean, eta asteroko elkarretaratzeez gain urtean zehar ere antolatzen zituztela bertso jaialdi, bertso afari, bertso poteo…

Beraz, herrian bertsoak zeukan indarra ikusita, jendearen laguntzeko prestutasuna, antolatutako ekitaldiek izan ohi zuten erantzuna, eta klase orduetan ere izaten zen taldearen zenbatekoa aintzat hartuta, Erniarraitzetik ateratzeko erabakia hartu zen. Ez du zehaztasunez gogoratzen erabaki hori hartu zen urtea. Pistaren bat eman diezaiokeen daturen baten bila ordenagailuan arakatzen hasi da, baina ez du zalantzaren aurrean baliagarria gerta dakiokeen ezer topatu, argazkiren bat salbu.

Zoritxarrez, bertso-eskolara hurbildu ohi den gazteren bati entzun izan dio gaur egungo egoera oso bestelakoa dela. Haren hitzetan bada herrian ordu txikitan bertsotan aritu ohi den bat baino gehiago, beraz, bertsozaletasunik nabari daiteke oraindik ere. Baina helduen bertso-eskolara azaltzeko pausua ez du inork ematen, eta berriro ere Erniarraitzen sartu ezean Errallak ez zezakeela etorkizunik ziurtatu adierazi izan dio. Gaur egun ez daukan bizitasun puntu bat emango diola irizten dio gazteak, eta esandakoa arrazoitze aldera, martxoan, herrian bertan jokatuko den Erniarraitz sariketako saioa aipatu ohi dio adibide modura.

Haurren bertso-eskolei buruz ere aritu izan zaio behin baino gehiagotan. Beharrezkoa iruditzen zaiola adierazi izan dio gaztetxotan haiek edukitako aukera oraindik ere herriari eskaintzea, eta lehengo ikasturtean bezalatsu, aurten ere Maialen Velarde zumaiarra arituko dela irakasle lanetan.

Arrazoia eman izan dio, eskaintza hori ezinbestekoa dela, ez arrazoia emate aldera, horrela pentsatzen duelako baizik. Eta Txapelketa Nagusiak dakarren olatutzarra amu egokia izan daitekeela bertso-eskolara joaten ausartzen ez diren horientzat ere, helarazi zion bere garaian. Ederki daki Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, berarentzat ez ezik, ezinbesteko arnasaldia dela bertsolaritzarentzat ere, eta kultur proiektu horretan sinetsi ezean, ez luketela abenduaren 17an oholtzan, entzulea hunkitu nahian arituko diren haietariko gehienek parte hartuko.

Azken finean, Andoni Egañari entzun izan dio txapelketak ez lukeela inongo zentzurik, BECeko festa ikaragarri horren ondorioz, astelehen arratsaldean bertso-eskolan bildu diren haurrek irakaslearen esanei arreta gehiago eskaini ezean.

Iragan da 2017a, agurtu genuen udazken eguzkitsu hura, baita hotzetik askok desio baino gehiago izandako negu luzea ere, eta 2018 honetako udaberrian azken txapeldunaren agurra ibili da guztion ahotan. Batzuek aipatutako agurra benetan zerk egiten duen berezi aipatu izan dute. Beste batzuk azken puntua behin eta berriz errepikatzen hasten dira, horretarako abagunea aurkitu orduko, eta trebeenek ozen kantatzen dute buruz ikasitako artelana.

Baina udaberriak uda dakar, eta udak udazkena. Zuhaitzak beren presentzia zalantzan jartzeraino biluztean negua iristen da, arrapaladan, lurrera jausitako orriak elurrez estali nahian. Iritsi da abenduaren 17a beste behin, baita iluntzeko hamarrak ere, eta egun osoa ohean igaro duen arren, nekeak gorputz osoa hartu diola sentitzen du agureak. Seme-alabak alde egin arte itxita edukitzen du logelako leihoa, bai baitaki haserretu baino lehen ixteko esango lioketela, zakar. Bakarrik dago dagoeneko, ordea, eta kanpotik datorren hotzetik babesteko bi manta nahikoa izango dituelakoan, leihoa ireki du. Luze joaten zaizkio gauak, loak hartzeko zorian dagoenean karrikako soinuren batek bi begiak guztiz irekiarazten dizkio, habaneraren doinu alai hura leihotik berriro sartuko den esperantzan. Baina urtebete igaro da dagoeneko, eta azken txapeldunaren agur hura oraindik buruz askok dakiten arren, aspertu ziren barra ertzean kantatzeaz.

Aitor Salegi

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.