Aiakelutik paseoan [buruarekin bada ere]

Izaten dira pertsonak, kanpotik begiratuta normal-normalak diruditenak baina ezagutzen joan ahala izugarrizko aberastasuna erakusten dutenak. Lekuekin ere gauza berdina pasatzen da: ikusten duzu paraje bat, hasieran ezer berezirik erakusten ez duena, eta bertan barneratu ahala konturatzen zara toki liluragarria dela. Horixe gertatu zitzaidan niri, bainuetxeko argazki bat ikusita (Argazkian sakatu handiagoa ikusteko).

Ez da denbora asko “Kutxateka” izeneko argazki bildumari berritu bat eman diotela. Labur esanda, itxura aldatu diote eta, batez ere, argazki berri ugari jarri dituzte web gune horretan. Eta han “aztarrika” nenbilela, Rafael Munoaren fondoan, Zestoan ateratako lau argazki zoragarri ikusi nituen zein baino zein ederragoak. Egia esan behar badut, hasiera batean atentzio gutxiena eman zidana bainuetxeari ateratako argazkia izan zen. Begiratu batean, tamaina txikian ikusita, argazki ezaguna egin zitzaidan, beste makina bat postaletan ageri den ikuspegi berdintsua, baina behin pixka bat handitu nuenean eta, ondoren, tamaina handian deskargatu nuenean (10 euroren truke argazkiak erresoluzio handian deskargatzeko aukera ematen dute) ikaragarrizko ezustekoa hartu nuen: argazkia bainuetxeko Hotel Nagusia egin aurrekoa zen; beraz, gaur egun ezagutzen dugun herriko argazki zaharrena. 

Argazkia miniaturan (tamaina oso txikian) ikusiz gero, ematen du Gran Hotel (Hotel Nagusia) ageri dela argazkian baina ez da horrela. Bainuetxea bera (gazteleraz Casa de Baños deiturikoa) ageri da eta haren aurrean Gesalaga baserria. Kontuan hartuta, Pio Baroja idazleak dioen moduan, bera hemen mediku zegoela (1894-1895) eraikitzen ari zirela Hotel Nagusia, horretarako Gesalaga eraitsita, bada beranduenez 1892-93koa izan behar du argazkia. Gesalagaren jiran, dena artasoroak ikusten dira. Kontuan hartu behar da, gaur egun Gran Hoteletik sartzen dela jendea baina argazki honen garaian Atristain aldetik sartzen zirela; horregatik deitzen zitzaion Casa Entrada (Hotel Victoria ere bai) gaur egun frontoia daukaten eraikuntzari. Beraz, artasoro ederrak Gesalagan, leku hori bainuetxearen eremutik kanpo zegoelako. Erreparatu trenbidea ere ez dela ageri (30en bat urte geroago egin zuten) eta zer nolako toki malkartsuan egin behar izan zituzten bideak eta tunelak. Bainuetxeko hiru zubiak ere ez dira ageri. Geltokiarekin batera (1925) egin zituzten handia eta txikia, eta Hotel Nagusia eraikitzearekin batera, egurrezko zubia (Hotel Nagusia eta Casa de Baños lotzen zituena; zubi hori uholdeak eraman zuen 30eko hamarkadan eta gaur egun ikusten dugun hormigoizkoa egin zuten ondoren). Bentapeligro ere hortxe dago zuri-zuri. Beste gauza bat, inguruari nolabaiteko natural itxura ematen diona, zera da, Urola ibaia ez dagoela hormaz kanalizatua.

Argazkia oso ederra da benetan, eta ez da edozein argazkilarik egindakoa (fitxak ez du horren berririk ematen). XIX. mendeko argazkilaritzan ohikoa zen bezala, monumentalismoa edo handitasuna da argazki honen ezaugarri nagusia: gure begiek hurbilago ikusten duten ikuspegia handiago eta urrutiago azaltzen da argazkian. Bestalde, oso momentu berezian aterata dago, argitasun berezi-berezi batekin, eta horrek lau tonu edo maila ikustarazten dizkigu: lehen planoa, ilunagoa (Benta aldea); bigarren planoa, argixkagoa (Aiakelu); hirugarren planoa, oraindik ere argiagoa (Izarraitz) eta, azkenik, zerua argi-argi. Esan bezala, horrek denak halako handitasun berezi bat ematen dio paisaiari.

Azkenik, argazki zahar hauek badute niri ikaragarri gustatzen zaidan dohain bat, batez ere erresoluzio handian ikusten dituzunean: buruarekin bada ere, txoko horietatik zehar ibiltzeko aukera ematen dizutela eta ikaragarri goza dezakezula orduko bazterrak irudikatzen; bertako zuhaitzak begiratzen, artasoroetan barrena ibiltzen, errepidean paseatzen…

Eta buruarekin XIX. mendeko txoko horiek ikusten ari garela, Italo Calvino idazleak bere “Hiri ikusezinak” liburuan Maurilia hiriari buruz esaten duena datorkigu burura. Han, Maurilian, hiria bisitatzera gonbidatzen dute bidaiaria eta garai bateko hiria nolakoa zen erakusten duten postal zaharrak erakusten dizkiote. Bidaiariak postaletako hiria goresten du bertako hiritarrak ez dezepzionatzeko, baina neurri batean bakarrik. Izan ere, grazia gutxi izango luke hiriak gaur egun lehen bezala igual-igual iraun izan balu. Edozein modutara ere, Mauriliak erakargarritasun hau gehiago du orain: izan zena nostalgiaz oroitzen dela gaur dena izatera iritsitakoan.

Argazkiak ikusteko hemen sakatu

 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.