Aizarnako errotak

Aizarnako errotak

Askotan esan ohi dugu 40 urtetik aurrera igaro ditugun urteei gehiago begiratzen diegula etortzear daudenei baino, pisu gehiago dutela alegia. Adin horretan hasten gara nonbait igaro ditugunei pasioz begiratzen eta niri ere berdina gertatzen zaidala uste dut, iraganera begiratzea gehiegi gustatzen baitzait.

Bestetan lez, oraingoan ere Aizarnako iraganari begiratuz hasi naiz, zenbat errotarri ibili diren biraka jakiteko asmotan. Berauei gainbegiratu bat egin eta konturatu naiz uste nuen baino gehiago direla gainera. Egun, berauen tresneria baztertuta naiz desagertuta ikusten da gehien bat, baina eraikuntzek hor jarraitzen dute oraindik egoera kaskarrean izan arren.

Hasteko, nik lanean ezagutu nuena aipatuko dut eta berau Aizarnako kaskoan zegoen “Segundonen” eta honek motor elektriko batekin egiten zuen lan. Mendiz inguratuta dagoen haran honetan, ez baitugu errekarik eta ezin presa edo ur saltorik egin, beraz beste indar batez baliatu behar errota harriak jiratzeko.

Errota hau azken belaunaldikoa zela esan genezake, argindarra iritsi eta ondorengoa, modernoa alegia, uraren indarrik gabe lanerako prestatua. Ez pentsa ordea, beti horrela izan denik, argindarra etorri aurretik ere alea ehotzen zen Aizarnan. Horretarako mendi arteko haran honetatik irten eta uraz baliatzen ziren errotetara joaten ziren.

Hauetako bat “Elarritzagoena” baserrian zegoen, hemen izen berarekin ezagutzen dugun errekaren urak mugitzen zituen errotarriak. Eraikuntza eta turbina ikusten dira oraindik, urte pila batean lanean jardundako itxura dauka errota honek, nahiz eta geldirik egon den aspaldian.

Beste errotak ezagutzeko aldiz, salto bat egingo dugu eta Altzolaras edo Granada errekara joango gara. Erreka honek ere ornitu ditu errota bat baino gehiago bere ur-lasterrean.

Goitik behera hasiko gara aipatzen, urak egiten duen bidea eginez eta “Errotaberri” baserrian geldituko gara, hemen ere errota dotore bat izandako aztarnak baitaude. Begirada egin besterik ez dago,aztarna ugari ikusteko; presa, turbinak zuen ardatza eta abar. Alea garraiatzeko bide maldatsuetan ibili beharra dago hemen baina arto-irina nahi zuenak beste aukerarik ez zuen izango inguru honetan. Altzola bailarako baserritarrak ere errota hau izango zuten hurbilena, aleak ehotzeko garaian, nik hala esango nuke behintzat.

Ur-lasterrari jarraituz Errota-txiki baserrira iritsiko gara. Baserri honetako errota Altzolaras jauregiarena zen, oso aspaldikoa da gainera. Ez dakidana da, jauregiaren lur saileko aleak bakarrik ehotzen zituen edota edozeinek eramaten zuen alea irintzeko eta makilaz ordaindu beste errotetan bezala.

Bitxikeria bat irakurria dut errota honi buruz eta azalduko dizuet. Jauregiko nagusia kexatu egiten zen harriak sarriegi aldatzen zituztelako; honen esanetan erosten zituzten harriak kalitate txarrekoak ziren, edo bestela ez zituzten ondo galgatuta erabiltzen. Gastu handia zela harriak hain sarri aldatzea esaten zion errotariari.

Ur-lasterrean jarraituz eta tarte handirik gabe, hurrengoa “Bekola” baserrian dago. Bi errotarrirekin eta egoera egokian, lanean hasteko ere prest dagoela ematen du. Baina orain nongo aleak irindu behar ditu? Ez da egiten ez arto ez garirik bailaran eta.

Erreka honen urak Urola ibaian jaurti aurretik beste errota baten aztarnak ere ikusten dira , Urbieta baserriarena zen berau. Egun eraikuntza egoera kaxkarrean ikusten da, baina ur-andela edo presa egoki nabaritzen da oraindik. Oso antzinako errota dugu gainera.

Artxibo zahar batean irakurria naiz Urbieta jaunak salaketa bat jarri zuela epaitegian, bere errotako presari egin dizkioten kalteak ordaintzeko eskatuz. Artxiboa 1507. urtekoa dugu, beraz pentsa noiztik ari den lanean errota hau.

Amaitzeko, esan behar gainbegira honen arabera sei erroten aztarnak ikusten direla gutxienez gure herrian eta baliteke nik guztiak ez ezagutzea. Ondorioz, konklusio bat atera dut: arto soro eta gari soro ugari landu diren garaiak izan direla Aizarnan.

Jon Egiguren


 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.