Albisteak

Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako haurrak Udal ordezkariekin bildu dira

Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten ikastetxeetako ikasle ordezkariak udal ordezkariekin elkartu ziren atzo udalbatzarra ospatzeko. Ekimen hori Eskolako Agenda 21 programaren barruan dago. Komunitatearen partaidetzan oinarrituz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugelaren laguntzarekin, “udalerri bakoitzaren garapen iraunkorrean laguntzen duen heziketa-programa” da. Arroako Herri Eskolako eta Aizarnako Herri Eskolako ikasleak ari dira parte hartzen programa horretan.

Ikasleek hondakinen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak luzatu zizkieten udal ordezkariei. Ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromisoa hartu eta horien berri eman zuten.

Zaborrontzi gehiagoren beharraz, Sansinenea poligonoaren egoeraz, konposta egiteko aukeraz, arropa zaharra biltzeko moduaz, plastikozko poltsen erabilera murrizteko ekimenaz edota birziklapenean hobetzen laguntzeko materialez mintzatu ziren udalbatzarrean bildutako ordezkariak.

Behin aurkezturiko proposamenen inguruko erantzunak eman ostean, ikasle, irakasle edota ikusle gisa udalbatzarrera bertaraturiko herritar guztiek, galderak luzatu eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Aipaturikoen artean, argiteriaren gorabeherak, baserri-bideen egoera, errekan dagoen zikinkeria edota txakur-kakekin dagoen arazoa nabarmendu ziren. Ondoren, hamaiketakoa egin zuten.