Akua, zortzi ahotako pa gozo

Ez nuen horren berririk: pasa den uztailaren 8an hil zen, 88 urterekin, Jokin Otaegi Otaegi Salletar Anaia. Matximentako (Azpeitia) Largarate baserrian, Izazpi mendi-magalean, jaio zen Otaegi, 1930ean. Pedagogian lizentziatua, Zarautzen, Bilbon, Irunen eta Donostian izan zen irakasle. Zaragozako auzo baztertu batean lan egin zuen urte askoan, Legazpitik deitu zioten arte ikastola eta herri kultura suspertu asmoz.

58 urte zituela, bizitzaren norabidea aldatu eta Ruandara joan zen. Ez zuen han denboraldi luzea egoteko asmorik: bost bat urte-edo. Baina han zegoela, gerra lehertu zen eta bost urte ez ezik, hamabost ere pasa zituen han, Ruandan. Gaixotasun baten ondorioz, betiko itzuli zen Euskal Herrira 2002an, Ruanda ahaztu gabe betiere. Hango bizipenekin, eta han pilatutako mina arindu asmoz, Rwuanda biotz-minez liburua argitaratu zuen 2008an.

Nik neuk ez nuen pertsonalki ezagutu baina aspalditik dut hark gure bailaratxo ederrari egindako poesia bikaina eta hura ekarri nahi nuke gogora. Egia esan, denbora darama poesia horrek Armokako ermitan jarrita baina apenas inork asko erreparatu dion. Gandiagaren kutsua du neurri batean, erdi bukolikoa erdi mistikoa. Izadia da protagonista: loreak, harri labainak, zozoa, intxaurrak, sagardiak, ardiak, artoa, arte beltzak, zakurra, haurrak, elor-arantzak, arte eta akaziak, hurritzak, arrosak, amapolak, gereziak, traktorea eta abar luze bat. Bestalde, mistikoek duten izaera “lotsagabe” eta erotiko horrek ere, Inkisizioak hain gogor zapaldu zuen horrek ere, sekulako presentzia du lerro horietan, poesia osoari halako panteismo kutsua emanaz: “zortzi bihotzetako orgasmo” eta horrelakoak esaldi bikain-bikainak dira, are gehiago datozen tokitik datozelako (erlijio gizona):

Akua, zortzi bihotzetako orgasmo

lorategian zortzi odol tanta

amodioak zugan zortzi aho,

zortzi tximeleta loretu…

Millet, arte kontuez ez dakienarentzat, XIX. mendeko margolari ezagun bat zen, nekazari giroko bizitzaz ulermen berezia zuena eta Ereilea edo Buruxka biltzaileak bezalako pintura esanguratsuak margotu zituena; horregatik baserriko lanak kontatzerakoan bere izena aipatzen du.

Ez zaio oharkabean pasatzen Kontzesioko ermita ondoan dagoen oroitarria, Xerna, gogoan zaitugu”, han inguruan oso gazterik hil zen mutil aizarnarra gogoratuz. [Gogoan haugu guk ere, Jexux, baita zu ere, Izaskun]

Eta bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, neuri ere ukitzen didalako, zortzikotearen aipamen zoragarria. Zortzikotea, jakina, Akoako baserriak dira (Akoabarrena bat bezala kontatuta):

Zortzi larrosa gorrizko lore sorta

zotzi amapola gorritan odol

zortzi pinporta gorridun neska

zortzi ahotako pa gozo.

Akoako eguna hurbiltzen doan honetan, Otaegiren poesia eder hau hona ekartzea pentsatu dut. Gustukoa izan dezazuela. Bide batez: poesian, dena entenditu gabe ere ez da ezer gertatzen; hitzek, musikak eta, nola ez, gure burmuin zoragarri horrek sortzen dituen loturak eta irudiak dira benetan balio dutenak. Hemen, beraz, Akua (Udaberriz). On egin.

 

AKUA [UDABERRIZ]

Harri bitxiz eta biziz eginiko Kristo,

zuri urdin gorri urre

landare lore-sorta

mosaiko, bide-gurutzean bide,

gorputz arrean zauri umel gorri,

haran ederreko atakan ate.

 

Ezti usaitan banoa

aurrekoek igurtzitako harri labainetan

gora erromes.

Zozo bizia txor txor txor

intxaur sagardi

San Jakuerantz badoa San Jakuetik nator.

Pisu zait bidea harri labainetan gora.

Harrizko ardiak larreetan apal,

arto ereiten,

Millet.

Santa Kutz Zestoakoan seiak tan tan tan…

Arte beltzetan ezkutuzko urek durundi

Kaltzaran gora erromes.

 

Akua

isil

negar herriko bozgorailu

zakur aiuma haur karrasi

galderantzun agindu.

Hiri handiko haurrak baserrietan galdez

ezinezko erreinu galduaren bila,

elor arantz usaidun

arte eta arkazi berde beltz

urritz eta harri,

gorputza makur gizonak

arto ereite

Millet.

 

Akua

zortzi larrosa gorrizko lore sorta

zortzi amapola gorritan odol

zortzi pinporta gorridun neska

zortzi ahotako pa gozo.

Loretan gereziak

ereñozu usaidun

Akua

mendi bideko pausaleku

traktore burrundara

kirkir-dei txori-dei

sasi artean eskura zozoa.

 

Jexus,

nekez uzten du gezalak itsasoa

ez hare-harriak basamortua;

ez du liliak udaberria uzten

ez elurrak zuritasuna;

bere sorterria nekez uzten du

sustraiak han dituenak”,

marmorean

Xerna, gogoan zaitugu”

Karnaba kantari elorri usain

krabelin gorri eta hori txilin lore lili

mendiko lore eta gaztainadi

ahateak oilarrak

huntz aihen amabirjina-hatzapar.

 

Akua isil berritxu

Ertxin lekuko

Ekain ezkutuko zaldi irrintzietan.

Akua lizun

haizeak harrotzen bagadietako gona,

Akua, Zestoa erro duen arbola emankor,

Akua, ale gorrizko gaztainondo,

Akua, amapoladun garisoro

Akua, kaliza.

 

Pelikulako liederra baserritarrak txistuka

Akua, zortzi bihotzetako orgasmo

lorategian zortzi odol tanta

amodioak zugan zortzi aho,

zortzi tximeleta loretu…

 

Akua…

 

Argazkia: https://foro.tiempo.com/endoia-bonita-y-cerca-de-casa-t148742.0.html

Eskerrak eta goraintziak Kepa Aranberri Salletar zestoarrari, berari esker iritsi zen-eta poesia eder hau zestoarron eskuetara. Era berean, Angeles Odriozola Arretxekoari zor diot neure eskuetara ekarri izana poesia hori eta lehenengo aldiz irakurri nuenean izugarrizko zirrara eta poz atsegina sentitu izana. Mila esker.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide