Alfonbra azpian, geure zikinkeria

Frantzian, 68ko maiatzeko gazte idealistek eskatzen zuten, beren pintadetan, hondartza bat kaleko harlauzen azpian: Sous les pavés, la plage. Hondartza askatasunaren sinbolotzat hartu zuten. Askotan, ordea, harlauzen azpian ez dago hondartzarik. Alfonbra azpian ezkutatzen den zikinkeria bezala, harlauzen azpian ere, geuk ikusi nahi ez dugun zikinkeria dago.

Hau guztia dakarkit hona, egun hauetan Jose Maria Zunzunegiren aspaldiko artikulu bat irakurtzen jardun naizelako eta zer pentsatua eman didalako. “Salerosketa arrigarri bat Zestuan” izenburuarekin, gertakariaren harrigarritasuna edota bitxikeria azpimarratzen ditu Zunzunegik baina gaia ikuspuntu serioago batetik har daiteke. Seguru nago berak ere serio hartu zuela nahiz eta, festa egitaraurako izaki, halako tonu arin bat eman artikuluari. Zunzunegik, Oñatiko Protokolo Artxiboko agiri batean oinarrituz, idatzi zuen artikulu huraxe azalduko dut hemen, pixka bat moldatuta.

1613ko urtarrilaren 25ean, Zestoan, Migel de Olazabal eskribauaren aurrean, eta Migel de Arrona, Juan Martinez de Zavala eta Joan Azkue zestoarrak lekuko zirela, Manuel Pixot portugesak Bergarako Joan de Zavalari bi emakume beltz, Antonia eta Maria izanekoak, saldu zizkion.

Inolako obligazio edo hipotekatik libre direla bi emakume beltz horiek, eta inolako zauririk edo akatsik gabekoak direla, garantizatzen du saltzaileak eskribauaren aurrean; eta eroslearen probetxurako osasuntsuak eta sendoak izango direla behartua geratzen da paper horren bidez; deskuidu batean, saltzaileak emandako garantien kontrako zerbait agertuko balitz, ordaindutako guztia itzuli egin beharko luke saltzaileak. Ikusten den bezala, kontratuaren hitz egiteko moduak animaliez ari bagina bezalakoak dira, berdin-berdinak; txekor salmenta bat dirudi.

Bi emakumeak Santomé-tik ekarriak dituela, dio saltzaileak. São Tomé Ginea portugaldarreko uharte bat zen, Mendebaldeko Afrikakoa, kakao, kafe eta palma-olio oso famatuak zituena. Eta ikusten dugunez, baita giza-merkataritzagatik ere. Zestoako plazan salduak eta erosiak izan ziren bi esklaba hauek ez omen ziren izan bakarrak orduko Euskal Herrian eta beste adibide batzuk ere ematen ditu Zunzunegik, esate baterako, Donostia. Eta Pixot delakoa ere ez zen esklabo salerosketan aritzen zen bakarra; zestoar bat baino gehiago ere ibiltzen zirela frogatzeko nahikoa da Iñaki Azkuneri edo beste ikerlariren bati galdetzea, Jose Antonio Azpiazuri, esate baterako.

Zunzunegik dio, 1644an Deban egin ziren Batzar Nagusietan honako informazio hau eman omen zela: Donostian, une hartan, “hemezortzi moro edo mora, zortzi gizonezko edo emakumezko beltz eta hiru mulato edo mulata aurkitu zituzten”. Donostiatik kanpo, berriz, Gipuzkoan: “bi moro, bederatzi beltz eta hamar mulato”. Debako bilera horretan erabaki zorrotza hartu omen zuten, esaten digu Zunzunegik: “Honelako jende hauek, naiz esklabo, naiz liberto izan [askatasuna eman zaion esklaboa], bi hilabeteren barruan alde egin behar zutela Gipuzkoatik kanpora; bestela, kartzelatuak eta indarrez bidaliak izango zirela”.

Batzar Nagusiek jarritako bi hilabeteko epeari itxaron gabe, Donostian, esate baterako, arrisku bereziagoa sentituz, une berean denak kartzelatu egin zituzten. Bakar bakarrik Sebastian de Arriolari utzi zioten hirurogei urtetik gora zituen amona beltz bat bere etxean edukitzen, “bere edadeari esker haurrik izateko arriskuak ondo uxatuak zituelako”.

Orain nik irakurleari gauza bat galdetuko diot: ez al du honek antzik batere gaur egungo errefuxiatuen gaiarekin eta haiek tratatzen dituzten moduarekin? Baietz uste dut. Horrela bada, kontu izan, orduan, Zestoak ere badugula aspaldi-aspalditik gure partea esplotazio latz horretan. Hasieran esan dudan bezala, beraz: alfonbra azpian, geure zikinkeria.

Argazkia: Garai bateko misioetako itsulapikoa