Albisteak

Amabirjin jaien inguruko erabaki finkorik ez zen hartu lehenengo festa batzordeko bileran

Atzo egin zen Zestoako festak antolatzen hasteko lehen bilera. 25 lagun inguru bildu ziren Kultura Sailak deituta, Kultur Etxean. Ezer baino lehen, ordea, uda amaierako ekintzei buruz hitz egin zen; aurten Leok’k musika taldearen 50. urteurrena denez, abuztuaren 30ean, herriko rock mugimenduari buruzko erakusketa zabalduko da udaletxeko areto nagusian. Hurrengo egunean, Minileok’k eta Leizek kontzertua eskainiko dute eta herriko rock taldeen bideo eta ikus-entzunezkoak jarriko dira ikusgai pantaila handian. Irailaren 1ean emango zaie amaiera ospakizunei, Leok’k taldearen eta Grises-en kontzertuekin.

Festei dagokionez, txupinazorako bi aukera planteatu ziren: irailaren 6an, ostegunez, egitea, arratsaldeko 19:00etan, edo irailaren 7an, ostirala, eguerdiko 12:00etan. Irailaren 9an, igandea, amaituko lirateke festak. Txupinazoa nork botako duen aztertzerakoan, ardura hori Euskaraldiari ematea planteatu zen baina Leok’k taldea ere aipatu zuen jendeak. Zekorketei dagokienez, ez zen azaldu ordezkaririk bilerara. Dena den, argi geratu zen Udal Gobernuak erabakia hartuta duela, eta zekortetak irailaren 8an eta 9an egingo direla. Ikusteko dago paella lehiaketa zein egunetan egingo den: irailaren 7an, ostiralean edo larunbatean, zekorketen egun berean. Ildo horretan, hainbat herritarrek kezka adierazi zuten festa batzordearen erabaki ahalmenaren inguruan.

Zestoako Udal Gobernuak Danbolini adierazi dio bi ekintzak (zezenketa eta paella) egun berean egitea posible dela. “Iraganean ere hala egin izan da eta bi aldeen borondatea izanik, ez litzateke inongo arazorik izango” azaldu dute.

Gainerakoan, Ekain Guraso Elkarteak umeentzako hainbat ekintza proposatu zituen eta beraientzako bazkaria igandean izango da. Igandean izango dira, baita, bigarren zekorketaz gain, txakolina dastatzea, nafar ikurraren erakustaldia, zahagi dantza eta beste hainbat ikuskizun.

Hurrengo bilera uztailaren 18an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxean. Bilera horretarako, aurten paella antolatuko duten taldeei dei egingo zaie.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide