Albisteak

Amaitu dira aurtengo udalekuak

Ostiralean amaitu ziren udalekuak. 216 umek hartu dute parte aurtengoan Udaleku Ireki eta Kirol Udalekuetan guztira. Umeen udako oporren zati handi bat hartzen dute udalekuek, hiru edo lau astez ibili baitira goizez udalekuetan. Koordinatzaileekin egon gara eta bi taldeen balorazioa positiboa izan da. Hamaiketakoarekin eman zieten amaiera bi udalekuei eta Udaleku Irekikoek antzerki emanaldiak ere eskaini zituzten.

UDALEKU IREKIAK

121 ume izan dira guztira Udaleku Irekietan, hauetatik 8 ume Aizarnan, 17 Arroabean eta 96 Zestoan. Aizarna eta Arroabean udalekuak 3 astekoak izan dira, Zestoan berriz aukera izan dute 4 astez luzatzeko, eta beste urteetan ez bezala aurten gehiengoek amaiera arte jarraitu dute. Aurreko urteetan 4. asterako erdira jaisten zen ume kopurua eta aurten 83 umek jarraitu dute amaiera arte.

Koordinatzaileak diotenez balorazioa positiboa izan da, “umeak gustura etortzen dira eta begiraleak izugarrizko lana egiten dute”. 18 begirale izan dira guztira. Aurten berritasun bezala, ukendua egin dute LH1 eta LH2ko umeekin.

Txindokiko Itzala abentura parkera ere joan dira, 3. urtez tirolina egitera. “Tirolina beti agertzen zen festetarako proposamenen artean eta udalekuetarako ekintza polita zela ikusi genuen” dio Leire Otaegi Udaleku Irekietako arduradunak.

Aurten, hirugarren urtez, umeek ekintzen planifikazioan parte-hartzeko aukera izan dute. Hau da, hiru ostiraletan umeek erabakitzen zuten zein ekintza egingo zituzten egun horretan. “Nabaritu da dinamika barneratzen ari direla, eta polita da ikustea pixkanaka proposamen gehiago egiten dituztela” dio Jone Esnal, koordinatzaileak . Jolasak, irteerak, eskulanak… proposatzen dituzte gehienetan. “3 urtekoen kasuan adibidez, proposamen bezala 3 urtekoen maila osatzen zuten 3 taldeak salto-gelara elkarrekin joatea erabaki zuten eta eskola handiko gelara joan ziren guztiak elkarrekin, polita izan zen” gehitu du Leirek.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiete eskolari, egoitzakoei eta herritarrei orokorrean, beti esku zabalik hartzeagatik eta parte-hartzeko prest agertzeagatik.

KIROL UDALEKUAK

95 umek hartu dute parte Kirol Udalekuetan eta 6 begirale eta 2 koordinatzaile izan dira beraiekin. Aurtengoan kiroldegirik gabe moldatu behar izan dute, baina zortea izan dute eguraldiarekin eta ez dute babesleku askoren beharrik izan.

Kiroldegi aurreko aterpea, frontoia, dantzalekua eta Iraetako futbol zelaia erabili dituzte ekintzak egiteko. Astero mendira irteerak egin dituzte, bizikletaz ere ibili dira eta Zumaiara hondartzara eta piraguan ibiltzera ere joan dira. Berritasun bezala, aurten, itsuentzako eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako jolasak egin dituzte. “Oso interesgarria izan da jolas hauek umeekin egitea, beraiek pertsona hauen azalean jartzea eta ikustea eurentzako jolasak ere badaudela” dio Aitzol Astiazaran Kirol Udalekuetako koordinatzailetako batek.

Nahiz eta udalekuak 8 urtetik 16 urte bitartekoentzat irekiak izan 12 urtekoak izan dira zaharrenak aurten, “zaharragoak jakin dezatela beraientzako ere irekita daudela  udaleku hauek eta animatu daitezela gurekin kirol pixka bat egitera” dio Aitzolek. “Kirol Udalekuen helburua umeek ahal den kirol mota gehien ezagutzea, hauek kirola egitera bultzatzea eta eskola kiroletan parte-hartzera animatzea da”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide