Albisteak

Antonio Bekola hil da

Atzo hil zen Antonio Iriondo Barrena “Bekola”. Zestoako Bekola baserrian jaio zen eta lau senidetan zaharrena zen. Ahotsak.eus egitasmoan irakurri dugu aita Mutrikukoa zuela, eta ama, berriz, Bekola bertakoa. Aizarnazabalen eta Zestoako “hermanotan” egin zituen oinarrizko ikasketak.

Baserrian, lehen burdinola izandakoa, duela gutxi arte zerrategia zuten eta errota ere bai, eta ez zuen, ondorioz, han lanik faltako. 19 urte zituela, etxeko nagusiak, gurasoekin elkar hartuta, Elgoibarrera bidali omen zuen ikastera. Han, zerrak zorrozten eta egurra neurtzen ikasi omen zuen. Handik aurrera, 46 urtean ibili zen Gipuzkoan zehar basoak neurtzen eta tasatzen. Hemen inguruko baserrietan oso ezaguna zen eta oso ondo ikusia.

Antonio Bekola, bere bizitzako ibilbideari esker, asko ikasitako pertsona zen eta oso gizon jakintsua hainbat esparrutan: basogintza, baserriko kultura, lehengo ohitura zaharrak, bertsolaritza… “Ni neu nere buru, ni neu nere buru” izeneko liburuan parte hartu zuen duela 20 bat urte eta makina bat kontakizun eder aletu zituen. Horrez gain, makina bat ikerlari eta kazetarirentzat informazio iturri bikaina izan zen.

Herriarekin ere oso konprometitua izan zen Antonio, eta Zestoako Udaleko zinegotzi izan zen lehenengo legealdian, frankismo ondorengo urte zail haietan, herrigintzan hainbeste gauza egiteko zegoen garai hartan, udaletxean ikurrina jarri zen ute haietan…

Oso solaskide aparta zen Antonio –eta lehen esan dugu moduan, jakintsua– eta plazer handia zen berarekin hizketan egotea; Bekola atarian aplikatuz gero, handik ez zen inor joango gauza berririk jakin gabe eta tragoren bat edo mokadutxoren bat hartu gabe.

Informazio gehiago: Bekolarekin jardunian (2007ko uztaila, 75. alea).

 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.