Arozena SOS

Gero eta kezkatuago nago Arozena hotelaren etorkizunaz. Hilabeteak daramatza itxita, mantentze lanik gabe, eta usterik okerrenak etortzen zaizkit burura. Ez dakit nork egin beharko lukeen zerbait eraginkorra, baina lehenbailehen zerbait egitea gustatuko litzaidake. Ondare historikoa delako, zestoarron historia zati bat hotel horretan dagoelako, erorita ikusteak merezi ez duelako…

Goazen historia pixka bat egitera… Jakina denez, Arozena baino lehenago Gran Hotel Oyarzabal zuen izena eraikinak. Oraindik ere, sarrerako ateko logotipoari erreparatzen badiezue, garbi ikusiko duzue “Hotel Oyarzabal” jartzen duela: “H” handi bat eta bueltan “O” bat, behean ixten ez dena. 1908an eraiki zuten hotela Oiartzabal anaiek. Zaharrena, Ignazio (1875-1945) apaiza zen eta bigarrena, Fernando (18877-1936), Zestoako Udaleko zinegotzi eta alkateorde izan zen 1904tik 1909ra bitartean; Joanak (1879-1965) eta Teresak (1883-1963), berriz, garai hartan esaten zen bezala, “sus labores” zuten ogibidea.
Esan bezala, eraikuntza 1908an hasi zen eta 1909ko ekainerako pronto zegoen. Obra azkarra, ikusten denez, eta materialak ere halakoxeak izango ziren. Ez dakigu, zehatz-mehatz, zein izan zen arkitektoa baina hainbat argitalpenetan Jose Gurrutxagaren izena aipatzen dute. Gurrutxaga ez zen edonor; oso arkitekto ospetsua zen Donostian, garai hartan. Ehunka eraikuntza diseinatu zituen, batez ere Donostian, baina baita Gipuzkoako beste herrietan ere. Berea da, esate baterako, Donostiako Justizia Jauregia (1912), San Martin kalean dagoena. Berriro esango dugu; ez daukagu segurtasun osoz esaterik Oyarzabal hotela Gurrutxagak diseinatu zuenik, baina ia seguru gaude hala izan zela.
1920 inguruan, Don Pedroneko etxe inguruko zatia eraiki zen eta handik aurrera, gaur egungo “L” forma hartu zuen. Beraz, hasieran, aurre aldea bakarrik zuen. Arbelezko teilatua ere, gero egina da (1960ko hamarkadan); ordura arte, postal zaharretan ederki ikus daitekeen bezala, terraza itxurako gaina zuen balaustrada batekin.
Barruari dagokionez, aipagarriak dira behe solairuko harrera-gela eta saloiak, burdinazko zutabeekin eta itxura modernista duten ate eta leihoekin.
Adituen esanetan, Arozenak daukan balioa da Gipuzkoan oso hotel gutxi daudela zutik, garai horretakoak, eta are gutxiago nekazal izaera duten herrietan. Eraikuntza oso interesgarria da Zestoako eta, jakina, Gipuzkoako turismoaren historia hobeto ezagutzeko.

Oyarzabal-Arozena: ospe handiko hotela
Gran Hotel Oyarzabal ez zen, garai hartan Zestoan zeudenetatik, beste hotel bat gehiago. Ez horixe.  Oyarzabal, markak berak zioen bezala “Gran Hotel” zen, bainuetxearekin parez pare jartzeko asmoarekin eraikia. Beste era batera esateko, bainuetxeari itzal pixka bat egiteko sortua. Garai hartako publizitate iragarkiak ikustea besterik ez dago, “borroka” horren susmoa izateko.
ABC egunkariak, 1928ko abuztuaren 8an, orrialde oso-oso bat eskaintzen dio Oyarzabali, eta erreportajeari “zurikeria” asko nabaritzen bazaio ere, badira oso kontuan hartu beharreko ondorioak. Batetik, hotelaren kokapena eta kalitatea: “Hotelean gehien gustatzen zaigun gauza, higiene zorrotza aparte utzita, kokapena da; eraikuntza jauregi zoragarria lorategiz eta mendiz inguratuta dago, eta horrek oso giro atsegina eta osasungarria ematen dio establezimenduari. Hotela eta lorategian zehar ibili ginen eta denean higienea nabaritzen da, oso zerbitzu arduratsuak aurkitzen ditugu. Festa-aretoa ikusi genuen, eta hotel gutxik edukiko dute tamaina horretako leku bat. Gran Hoteleko kapera, berriz, Osasunaren Ama Birjinari eskainia, bere itxuragatik interesgarria da bisitatzea eta herri askok nahiko lukete parrokia gisa edukitzea. Logelatan ere ibili gara; ur-korrontea dute, hotza eta beroa, eta altzari elegante eta soilak. 200 logela daude, eta horietatik 25, bainugelarekin eta udaldiko eskaerari ondo baino hobeto erantzuteko moduan. Azken-azken modako bainuak dituzte Majestic izenarekin ezagutzen direnak.”
Pertsonala ere, ezin hobea, ABCren arabera: “Esan dezakegu, tamainagatik eta dotorezia soilagatik, hotel hau nabarmendu egiten dela, eta zer esanik ez, kamarera ederren zerbitzu arduratsua: konplituak, ia-ia automatak, bere eginbeharretan”.
Eta bukatzeko goi mailako bezeroen presentzia ere azpimarratu egin behar da. Esate baterako, datu hauek jasotzen ari garen ABCko orrialdeak argazki eder bat du honako orri-oinarekin: “Zestoako Oyarzabal hotelean eraikitako tribuna; hortik, bezero mordoska batek txaloka hartu du, hotel aurrera iritsi denean, Maria Cristina erregina. Bere semeak ere, Erregeak, bisitatu du establezimendua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide