‘Arruako tiplia’

Arroak musika artista handirik ez duela eman pentsatzen badu norbaitek, seko deskuidatuta dagoela ikusiko du ondorengo lerroetan. Gaurko protagonista, Joan Ignazio Lersundi Elustondo (1875-1920), goitizenez “Arruako tiplia”, kantari bikaina eta oso ezaguna izan zen. Arroan jaio zen baina ez dakigu garbi zein etxetan. Edozein modutara ere, pixka bat geroagoko agirietan Motxoka etxean ageri zaigu familia guztia (gurasoak eta bost senide). Aita abarketaria zuen.

Garai hartan, musikarako giro aproposa zegoen Arroan: Motxokan bizi izan zen Eusebio Etxaniz bikarioa ere, 1905a arte, eta haren iloba Anjel Trabadelo (1856-1930) tenore ospetsua maiz hurbiltzen zen Arroara (Gogoratu Trabadelok, Gayarre kantari ospetsuak gomendatuta, musika ikasketak egin zituela atzerrian, eta oso ezaguna izan zela munduan zehar. Hain zuzen ere, Joan Ignazio musika ikasten ari zen urte haiexek izan ziren Trabadeloren urterik oparoenak). Bestalde, dozena bat urte gazteagoa zen Zesareo Erentxun ere (1868-1954) eta gaztetan hasi zen organoa jotzen (jakina den bezala, berrogeita sei urte Arroan organista eginda gero, San Migel eguneko meza nagusiaren amaieran Victimae Paschali laudes jotzen ari zela hil zen). Laburbiltzeko, beraz, Etxaniz bikarioa, bere iloba Trabadelo, Erentxun… taldetxo edo eskola ederra, Joan Ignazio Lersundiren zaletasuna bideratzeko eta auspotzeko.

Dirudienez, berezko dohainez gain, umetan hasiko zen ikasten gure protagonista. 14 urterekin, artista bikaina izan behar zuen, eta batetik bestera zebilen kantari. Hala erakusten du, esate baterako, “El Siglo futuro” aldizkari katolikoak. 1889ko maiatzean Joan Ignaziok Salamancan pasa zituen hiru egun eta hango Clerecia ederrean (gaur egun Pontifize-unibertsitatea) emanaldi bikainak eskaini zituen. Jose Ignazio Aldalur Azpeitiko apaiza eraman zuten hara (“Músico consumado y director habilísimo de la más numerosa orquesta que sabe encadenar al más imperceptible movimiento de la dictadora batuta”), eta harekin batera, gure protagonista eta beste hainbat kantari: “Como repercutida desde el cielo, sonó la angélica voz del niño de Arrona, Juan Ignacio Lersundi; que este, otros dos tiples, y contraltos hechos venir ex profeso, entonaron con muchas más voces que les acompañaban…”. Eta amaitzen du aldizkariak bere hizkera puztuan eta itxuratian: “Acudió la piadosa muchedumbre las tres tardes, inundando literalmente las espaciosas naves en incesante y consoladora oleada”.

Arruako tipliari” buruzko xehetasun gehiago Endoyak (Juan Erentxunek) eskaintzen dizkigu “Argia” aldizkarian, gure protagonistaren heriotza goiztiarraren (54 urte) berri ematerakoan (1929-12-01): “Barakaldon betiko ludi ontatik alde egin du Lersundi ta Elustondo’tar Juan Inaxio’k. Jaunak euki dezala bere madalian!”.

Esan dugun bezala, hamalau urte zeuzkanetik oso zabaldua omen zegoen alderdi guztietan bere ahots bikainaren berri. Mutiko apal hark abesten zuenean –dio Erentxunek– harrituta geratzen omen zen jende guztia: “Iñork ezin du itzez [esan], zer sortzen zitzaion gorputzian abots zoragarri ura entzunik; ‘dir-dir’ egiten omen zuan gorputz barrunian abots hark.” Gero argitzen du Erentxunek Donostiako Antiguako Elizaren lehenbiziko harria ipintzerakoan (1888), askoz lehenagotik zabaldu zela elizkizun hartan “Arruako tipliak” abestuko zuela; eta eguna heldu zenean, Donostia guztiaren, erreginaren eta handiki askoren aurrean abestu zuela. Guztiek harrituta entzunik, aingeru baten ahotsa zela omen zioten. Gasteizko katedrala ere jendez beteta egoten omen zen Eslavaren “Surrexit” eta Weber-en “Benedictus” berari entzutean. Halaxe gertatzen omen zen Loiolan ere. Eslavaren Salbea abesten zuenean, “bai Donosti eta Zarauzko ondartzan, bai Zestuako Udetxean zeuden arrotz aberatsak guztiak joaten ziraden ‘tiplia’-ri entzutera”.

Honela bukatzen du Endoyak: “Entzun dudanez, Bergarako Pedro done elizan, “motete” bat abestu zuen, motete horren egile Gorriti berak organoa joaz; baina abesten hasi zen tiplia, eta ezin izan zuen jarraitu jotzen.”

Benetan, mereziko luke gehiago ikertzea eta ezagutzea Joan Ignazio Lersundiren ibilbide artistikoak baina hurrengo batean beharko du.