Paperekoa

ARTZAIN BATEN 24 ORDUAK

Bizia duenak alaitasuna daramaki alde batetik bestera”

Kalean bizi garenontzat, oso urrutiko kontua da baserriko bizimodua eta artzaintza (gero eta gehiago). Bai, sarritan ikusi ohi ditugu artaldeak gure bazterretan, larrean, baina sekula ez baserri barruan, beren “intimitatean”. Aizarnako Sorabilberri baserrira etorri gara, eta Joxe Irure eta Karmen Irazusta izan ditugu bide-erakusle (Joxeren osaba Eusebio zena ere bai). Kafearen usain goxoarekin hasi dugu eguna eta ardien eta beren arkumeen arteko maitasun goxoarekin amaitu.

8:00

Eguneko lehendabiziko argi izpiak ageri dira. Suaren goxotasuna eta kafearen usain goxotik urrundu, eta bagoaz ukuilurantz. Hortxe daude arkumeak, elkarren goxotasunean, beren amen babesean. Orain izaten da arkume sasoia, urritik otsaila bitartean edo. Ehun bat ardi eta arkume dituzte momentuan eta oraindik 15 bat ardi daude ume-egiteko.

Etxekoak sumatu orduko, jateko eske hasi dira ardiak: Joxek pentsua eta belar-ondoa eman, eta gosaltzen utzi ditugu lasai. Bitartean beste lan batzuk egitera joan da Joxe, eta gu Karmenekin sukaldera itzuli gara.

Osaba Eusebioren argazkia erakutsi digu, ardiz inguratua. “Bera bai zela benetako artzaina” dio Karmenek: “Orain urte batzuk hil zen eta geroztik Joxe eta bion artean ematen dugu baserria”. Oraintxe da ardiek atentzio gehien eskatzen duten garaia. Maiatza inguruan ekartzen dira ahariak, eta ardiak arkara jarri eta ernaltzen direnetik, bost hilabete behar izaten dituzte umea (edo umeak) egiteko. Beraz, sasoi honetan jaiotzen dira arkumeak. “Ume-egiteko dauden ardiak kanpoan daude, zelaian. Ikusten dugunean errapeak handituta dituztela, ukuilura sartzen ditugu, eta erne ibiltzen gara ume-egiten hasten badira ere. Askotan arkumeak oker irteten dira eta lagundu egin behar izaten zaie, jaiotzerakoan ez daitezen ito. Gauean hiru bat aldiz esnatzen gara ea baten bat ume-sentitzen (ume-egiteko zorian) ote dagoen ikusteko, eta behar bada ume-egiten laguntzeko. Batzuetan ez gara konturatzen ardi bat ume-egiteko zorian dagoela, eta, horrelakoetan, ukuiluan badago ondo, baina zelaian badago erne ibili behar izaten dugu putreek edo azeriek ez dezaten harrapatu”.

9:00

Ederki gaude hemen, kontu-kontari sutondoan, kanpoan hotz dago-eta, baina heldu da txikienei ere gosaria emateko ordua. Berriz ukuilura goaz; ardiek jan dute pentsua eta belar-ondoa eta arkumeen ordua da orain. Ardiak kolore ezberdinez daude markatuak, umea kenduta daukatenak eta umea beraiekin dutenak bereizteko. Koloreen bidez errazago bereizten dituzte ardiak, baina Joxek eta Karmenek ondo asko ezagutzen dituzte ardi guztiak, eta ez dute ia koloreen beharrik bereizteko, badakite ondo zein den zein. Ardi bati heldu eta berehala gerturatzen dira arkume pila bat horren esnea edatera. Arkumeek euren amaren esnea eta besteena edaten dute. Umea kendu zaien amek esnea izaten jarraitzen dutenez, beste arkumeei edanarazten diete.

Tripak bete dituzte arkumeek, eta orain iritsi da etxerako esne pixka bat biltzeko ordua. Bien artean heldu diote ardiari eta Joxe hasi da esnea biltzen. Gazta egiteko erabiltzen dute esne hori. Ez dute asko egiten, gazta etxerako eta ingurukoentzako soilik egiten dute-eta. Orain, arkume sasoian, esne gehiena arkumeei ematen diete.

10:00

Baldea hartu, eta Karmenek gazta egiten duen sukaldetxora joan gara. Bitartean ardiak patxadan utzi ditugu. Sartu orduko, han ikusi ditugu Karmenek eta bere amaginarrebak Zoroperietan irabazitako 6 sariak. Ordubetetxo batean, gazta egina du. Itxura bikaina du baina, lastima, ezin probatu, oraindik egin berriegia da eta ontzen utzi behar da-eta.

11:00

Ardiak zelaira ateratzeko ordua da. Gaur hemen goiko zelaietan ibiliko dira. Ardiak bakarrik, ordea; arkumeak ukuiluan geratuko dira, ez baita komeni horiek zelaiko sagarrak eta jatea, gero haragian nabaritu egiten delako. Joxe eta Karmenek atera dituzte ardiak kanpora, eta zelaira eurak bakarrik joan dira, bidea ikasia dute ardiek. Hantxe egongo dira eguna ilundu arte, mendiak garbitzen eta tripak betetzen.

Gu, bitartean, arkumeekin geratu gara; azpiak egin ditu Joxek eta arkumeak jolasean hasi dira, alde batera eta bestera saltoka. Gu hauei begira gaude, lerdea erori beharrean. Joxe eta karmenen begiradan ere nabari da zenbat maite dituzten: “Egunero-egunero berauekin harremanetan egotean, ezinezkoa da hauek ez maitatzea. Bizia duenak alaitasuna daramaki alde batetik bestera” dio Karmenek. Hilabete eta erdi dituztenean, gutxi gorabehera, hiltegira emateko ordua iristen zaie batzuei, beste batzuk aurrerako uzten dituzte, alegia, ardi egiteko: “Horixe da guretzat momenturik gogorrena. Nahiz eta pentsatu ohituta gaudela, ez gara inoiz ohituko. Beti sentituko dugu tristura hori” dio Karmenek.

Urkaiko hiltegira (Iraeta) ematen dituzte. Euskal Esne Bildotsa Label produktuen barruan daude Sorabilberriko arkumeak, baina gero hiltegian, arkume horien sailkapena egiten dute eta pisuaren, grasaren eta beste ezaugarri batzuen arabera erabakitzen dute prezioa.

11:30-17:00

Lasaitasun apur bat emango digute gure ardiek. Baten bat ume-egiteko baldin badago, begiratu; inor okerrera joaten bada zakurra bidali, eta horrelako kontuak. Arratsaldean, etxera ekartzerako, azpiak egin, lehorgarriren bat bota lurrean (batez ere eguraldi bustia bada) eta pentsua prestatuta jarriz gero, primeran.

17:00

Badoaz Joxe eta Lista ardi txakurra ardien bila. Txintxo-txintxo, euren umeengana itzuli dira ardiak, eta afaltzeko ordua iritsi zaie. Gosaritan izan duten menu berdina, artoa eta belar-ondoa.

Amaren ondora gerturatu dira arkumeak, goxotasunera: “Izugarria da nola babesten dituzten, oso ama onak dira” dio Karmenek.

Bertan utzi ditugu Joxe eta Karmen, atseden hartzen. Bihar beste egun bat izango da.

Sara Matsutani

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.