Aspaldiko eraikuntza destartalatu bat

Aurreko batean, bainuetxearekin ikusi genuen bezala, plano zaharrak oso tresna bikainak dira gure herria eta etxeak nolakoak ziren hobeto irudikatzeko. Planoak ez dute, ordea, beti errealitatea irudikatzen: batzuetan, amets bat edo asmo baten berri ematen digute. Oraintxe ikusiko dugun bezala, duela 75 urte, udaletxea eta torilaren artean, erloju monumental bat jartzeko asmoa marraztu zuen plano batean Ramon Cortazar arkitektoak.

Cortazar arkitektoak nahiko ezagunak genituen Zestoa aldean. Ramonen aitak, Antoniok (1823-1884), egin zuen 1855ean, eskola eta etxebizitza bat eraikitzeko proiektua gaur egun Postetxea dagoen lekuan. Eraikuntzaren behe aldeko fatxada, apaindura gutxikoa bezain ederra da; lastima, Correos-en errotulazio inbaditzaileak eta udalaren axolagabekeriak (pintatu eder bat hartuko luke goialdeak) ez dute asko laguntzen edertasun hori aintzat hartzen. Antonio Cortazar ez zen nolanahiko arkitektoa. Berak diseinatuak dira, besteak beste, Donostiako zabalgune osoaren (gaur egun “zentroa” deitzen duguna) antolaketa-planoa eta Urumea ibaiaren gainean Santa Katalina zubia.

Antonio Cortazarren seme Ramonek (1867-1945), berriz, Urolako tren geltokiak diseinatu zituen (gaur egun, monumentu izendatuak), tartean Zestoako bostak. Horrez gain, Donostian eta inguruetan makina bat etxebizitza-bloke proiektatu zituen, baita kultur eraikuntzak ere: pare bat aipatzekotan, Bellas Artes antzokia (1915) eta Printzipe antzokia (1922).

1943an, jada edadetuta zegoen Ramon (76 urte), baina hari enkargatu zion Zestoako Udalak udaletxea berriztatzeko proiektua. Hark esana da Zestoa Gipuzkoako nekazaritza-herri txiki bat gehiago izango zela, ia batere hazkunderik gabe, bere bainuetxeagatik ez balitz; hain zuzen ere, Espainian oso ezagunak eta goraipatuak zirenez, milaka lagun erakartzen zituela udan eta denboraldi luzea pasatzen zutela hemen. Eta segidan, aho-bizarrik gabe, esaten du: “La Casa Consistorial de Cestona es un antiquísimo edificio destartalado, sin locales adecuados para una distribución en consonancia con las actuales necesidades”.

Ez da erraza Cortazarrek gure udaletxean egindako lanen balantze objektibo bat egitea. Bere esku-hartzeak alde onak eta txarrak ditu. Bere helburu nagusia udaletxe funtzionalago bat egitea izan zen. Lehengoak aldaketa oso gutxi izan zituen XVIII. mendeaz geroztik, eta imajina dezakegu garai zahar haietako itxura izango zuela: batere balio ez zuten gela zahar ugari, alferrik galdutako txoko franko, funtzionamendu moderno bat eskaintzeko aukerarik ez… Finean, “un antiquísimo edificio destartalado” (aspaldiko eraikuntza kalamastra). Ondorioz, ezer baino lehen, ondoko etxea erosi eta udaletxea handitzea planteatu zuten. Horretarako, gaur egun Zubia familia bizi den etxea eta udaletxearen artean zegoen eraikuntza erosi egin zuten. Oraindik ere ikus daiteke Udaletxe zaharrak eta hura handitzeko erositako etxeak horma desberdinak dituztela: batek adreiluzkoak eta besteak harrizkoak. Behin udaletxea handitzea lortuta, barruko banaketa guztiz aldatu zuten, bulego eta instalazio funtzionalagoak sortuz. 1985a arte ezagutu genituen gelak ordukoak ziren; bulegoetako leihatila haiek, gillotina bat bailiran gora eta behera itxi eta irekitzen ziren haiek ere, orduan eginak ziren. Beraz, barrua guztiz aldatu zuten, Batzar gela izan ezik (Batzar Nagusiak han bildu izan zirelako, ondare historikotzat jo zen gela hura).

Esaerak dioen bezala, ordea, tortilla egin ahal izateko arrautzak puskatu egin behar izaten dira, eta, hemen ere, zenbait gauzaren kaltetan egin zen berrikuntza hura guztia: XVIII. mendeaz geroztik zeukan harrizko eskailera monumentala guztiz eraitsi zuten, egurrezko eskailera “funtzionalago” batekin ordezkatuz.

Udaletxearen berrikuntzarekin batera, kanpoan ere beste zenbait aldaketa egiteko aprobetxatu zuten. Esate baterako, udaletxea handitzeko erositako etxeari bi arku egin zitzaizkion (proiektuan bat ageri da) Erdikaleko fatxada guztia bateratzeko. Torilen beheko solairuan ere hiru arku egin ziren, goikoen parean (lehen ate karratuan zituen torilak, behe aldean). Azkenik, Alpe inguruetako eta Erdialdeko Europako ereduak imitatuz, erloju monumental bat eraiki nahi izan zuen Cortazarrek udaletxea eta torilen artean; dorreak plaza aldera eta Laranjadi aldera izango zituen erlojuaren esferak, bi aldeetatik ikusi ahal izateko. Ez dakigu, ordea, zein arrazoirengatik, egin gabe geratu zen. Aurrekontu arazoak ote zeuden? Elizako erlojua edukita, alferrikakotzat jo zuten? Baten bati zeharoko nabarmenkeria iruditu zitzaion? Ezin jakin. Kontua da, hor dagoela planoa, 75 urtean gordeta, amets haren edo asmo haren lekuko. Orain, irakurleak du asmo harekin jolas egiteko aukera: Polita geratuko ote zen? Nabarmenegia, agian? Xelebrea edo pintoreskoa?

Argazkia: Udaletxearen Erdikale aldeko fatxada eta torilak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide