Albisteak

Astindu taldeak mahai-ingurua antolatu du herriko egoera soziala lantzeko helburuarekin

Zestoako egoera sozioekonomikoaz arduratuta orain hilabete gutxi batzuk martxan jarri den Astindu taldeak mahai-ingurua antolatu du herriko egoera sozialaz hitz egiteko. Mahai-ingurua urtarrilaren 14an izango da, Zentroan 19:00etan hasita. Astinduko kideen esanetan “herriko egoeraren aurrean lanketa bat egiten hasteko, lehenik eta behin jakin beharra dago zer den herriko eragile eta norbanakoek beharrezko ikusten dutena, Zestoan nabari dutena eta egiteko prest daudena. Eta nork hobeto Zestoako egoeraz hitz egiteko gu geu baino?”. Herriko hainbat eragile gonbidatuta daude jada mahai-inguruan parte hartzera; hain zuzen ere Zestoako Gazte Asanblada, Zestoako Txoko Feminista, Elikagaien bankua eta beste herrialde batzuetatik datozen zestoarrak.

Mahai-inguru irekia izango da, eta betiko formatutik pixka bat aldendu nahian, modu parte-hartzailean egingo da. “Gerturatzen den oro bere iritzia emateko eroso sentitu dadin nahi dugu, eta hizlari/entzule arteko distantzia lausoagoa izango da” antolatzileek diotenez.

Osteguneko mahai-inguru hori abiapuntu bat izango da: “badakigu ordu eta erdian herriko egoera sozialaz hitz egiten hasteko denbora bakarrik izango dugula, eta ez dugu saioa bere horretan utzi nahi. Deialdi honek jarraipena izango du otsailaren 18rako prestatzen ari garen ‘Gure Kabuz ala Hil’ dokumentalaren emanaldiarekin. Eta tarte horretan guztian Astinduk bere lan-lerroak zehazten hasteko asmoa dauka, herriko eragileekin elkarlanean.”

Astinduk herritar guztiei zabaldu nahi die mahai-inguruan parte hartzeko deia. Urtarrilaren 14an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Zentroan izango da mahai-ingurua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide