Albisteak

Aurkeztu da Asier Mendizabalek lurpean aurkitutako gerra garaiko tresnen erakusketa

Gaur arratsaldean, Asier Mendizabal berak Portalen ongi azaldu duenez, ezer gutxi kontatu digute gerra garaiaz. “Mahai gainean ez dago triparik, ez izerdi, ke edo leherketa usainik”, baina gaur mahai gainean zeuden tresnek gerra hartara zertxobait gerturatzen laguntzen zuten eta tresnak, gertakarien testigantza izateaz gain, espekulatzeko aukera ematen zuten. Metalezko detektore bidez urteen poderioz, batez ere Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurpean aurkitzen joan den armak, kañoi zatiak, karlistada garaiko pistola, fusil, kaskillo eta bala mota ezberdinak, metralla, granada, gudarien zenbakidun txapak, kantinplora, plater, kartutxera, garbitasun tresnak, txanponak, gerriko zatiak eta beste hainbat eta hainbat gauza berezi daude ikusgai urriaren 31 arte, astelehenetik ostegunera bitartean.

Ezkabara irteera

Hilaren 21an berriz, Portalek Agiro Mendi Klubrekin elkarlanean, Ezkaba mendira irteera egingo dute. Aurten 80 urte bete dira 1938ko maiatzaren 22an Ezkabarteko Ezkaba mendiaren gainean zegoen espetxetik 700 preso baino gehiagok ihes egin zutenetik. Ihesaldian 585 preso harrapatu zituzten, 187 erailak izan ziren eta hiruk muga zeharkatzea lortu zuten. Tartean, gutxienez bi zestoar egon ziren preso Ezkaban. Urriaren 21ean egingo duten irteeran, ihesalditik ihes egitea lortu zuten hiru preso haiek egin zuten ibilbidearen lehen 14km-ak egingo dituzte oinez. Ondoren, Zestoara itzuli aurretik bazkaltzeko tartea hartuko dute. Ibilaldian parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Portalen. Irteera goizeko 09:00etan izango da Gurutzetik.