Azorin eta ‘Udaldi sentimentala’

Poz-pozik nago egun hauetan, Donostiako erakusleiho batean ikusi eta erosi dudan Azorin-en “Veraneo Sentimental” liburua dela-eta. Banuen lehen ere kronika bilduma hori Garcia Mercadal-ek prestatutako 1944ko argitalpen batean, baina orain Miguel Ángel Lozano Marco ikerlariak itxura berria eman dio bildumari, askoz hobeto antolatu du, eta aurrekoan falta ziren zenbait artikulu erantsi egin dizkio.

Azorin (1873-1967), bere garaiko beste makina bat idazle bezala –esate baterako, niri asko gustatzen zaidan François Mauriac bezala– zeharo ezezaguna da gaur egun, irakurketa kontuetan ere modak agintzen du-eta, baina liburu berri hori argitaratu izana ospatzeko gauza da, batez ere zestoarrontzat. Ziento erdi pasa orrialde (liburu laurdena) eskaintzen dizkio Zestoako bainuetxeari. Eta zer orrialde ederrak!

Azorinek Kantauri aldeko hainbat bainuetxe bisitatu zituen 1904ko udan, hasi Zestoatik eta Ontanedaraino (Kantabria), eta hogeita lau kronika idatzi zituen “España” egunkarirako. Hurrengo urtean, “ABC” egunkarirako errepikatu egin zuen bidaia, baina Zestoatik Mondarizera (Pontevedra), eta hogeita bi kronika eman zituen argitara.

Gure inguruari buruzko kronikei dagokionez, 1904an Madriletik Zumarragara heldu zen trenez; hurrengo urtean, berriz, Donostiara. Bietan, Zumarragatik zein Arroako tren geltokitik, diligentziaz egin behar izan zuen Zestoarako bidaia, eta hainbat komentario egiteko aitzakia eman zion horrek idazleari (besteak beste, famatzen ditu gure errepideak). Gero, berriz, Urola aldeko paisaiaren zertzelada ezin miresgarriagoak ematen dizkigu. Eta hortik aurrera, bainuetxeko pasilloak (“Eta esan beharra dago: Zestoan pasilloak besterik ez daude”), langileak (Jazinto Barroeta zuzendaria, Plazido atezaina, Antonio mahaizaina, kamarera nagusia) eta udatiarrak (batez ere bi Kontxitak: Kontxita Isasi eta Kontxita Moreno) aipatzen ditu. Emango nuke, bai, zerbait baliotsua langile horiek zein familiatakoak ziren jakiteagatik!

Hor tartean, Loiolara egindako bisita kontatzen du Azorinek (bere “Los pueblos” liburuan ere ageri dena). Oso kritiko ageri da San Ignazioren etxean, ia oraintxe arte, mantendu diren kapera eta otoiztegi barroko dekorazioz kargatutako haiekin: “Jada, ez da gela honetan hemen jaio zen gizon haren hats bat edo urrutiko aztarnaren bat geratzen”. Artifizioz betetako leku horren kontrapuntu gisa, Loiolako bazterrak irudikatzen ditu idazleak. Eta itzain bat “aida!, aida!” esanez, denboraren erritmoa markatuz.

Azorinen gauzarik ederrenetakoa estiloa da, gauzak kontatzeko modu liluragarria. Ñabardura, erregistro, tonu eta modulazio ugariko idazteko modua. Horrek egiten du, editoreak dioen bezala, “gure historiako prosalari hoberenetakoa”. Gogoan dut Azorinek berak, “Un pueblecito: Riofrío de Ávila” ederrean, dioena: “Estiloa horixe da; estiloa ‘ez da ezer’. Estiloa da halako modu batean idaztea, non irakurleak pentsa dezan: ‘Hori ez da ezer’. Pentsa dezala: ‘Hori nik egiten dut’. Baina hain gauza erraz hori ezin egin, ordea, –hala pentsatzen duenak– ; eta ezer ez den hori zailena izan dadin, neketsuena, konplexuena.”

Aipagarriak dira, bestalde, euskarari buruzko apuntetxoak. Esate baterako: “Gidariak euskarazko hitz korapilatsu horietako bat botatzen du”. Edo Alkorta ostatuan: “Irudikatzen duzue andre xahar bat, irribarre eta begi-keinuak egiten dituena erdaraz hitz egiten diozunean”. Edo beste hau: “Eta zure ondoan, euskaldun batzuk hizketan, hain hizkuntza korapilatsuan, hain bihurrian, zuk –irudipen hutsa– ez duzula uste hizkuntza horretan nahiko hitz egon litezkeenik gauzak adierazteko”. Zoragarria!

Itxura arinekoak dira “Veraneo sentimental”-eko kronika horiek, batzuetan umore puntu bat ere badute. Baina ez dute falta Azorinengan hain berezkoa den malenkonia. Irakurri bestela honako hau: “Ez da ezer gertatzen hotelean: bainuetxeetan ez da inoiz ezer pasatzen. Pasillo luzeak daude, jangela batean zerbait jaten dugu, irakurgelan bizpahiru aldiz egunkari berak irakurtzen ditugu (…). Eta hori egunero errepikatzen da. Nahigabe lauso bat jabetzen da gure buruaz: agian mundua bainuetxe ikaragarri bat besterik ez da”.

Tira, zoazte berehala liburua erostera!

(José Martínez Ruiz, Azorín: Veraneo sentimental (1904 y 1905). Miguel Ángel Lozano Marco-ren edizioa. Biblioteca Nueva – Publicaciones Universidad de Alicante, 2016. 230 orrialde)

* * *

Azorinen pasarte batzuk

Zumarragan dilijentzia hartu beharra dago. Trantze horrek ikara pixka bat sorrarazten dizu. Dilijentzia-gainean ekipaje pilo ikaragarria pilatu dute; barruan, kotxe barruan, bidaiariak elkarren kontra estutuz itxuragabeko metaketa egiten dute. Eserleku eroso bat eskatzen duzu –dilijentzia batean ezinezkoa den gauza– eta erantzuna jakina da: ‘oholtxoko eserlekuak bakarrik gelditzen dira’. Eta orduan begiak gorantz jasotzen dituzu, oholtxoa delakoa ikusten duzu –estalperik gabeko eserleku estu bat da– eta hasierako beldurra benetako istripu-susmo bihurtzen da. Eta ez da ezer gertatzen; alegia, ez da iraulketarik, ez heriotzarik, ez matxurarik, ez estropezurik, ez talkarik.

* * *

Bideak bihurguneak egiten ditu, sakonuneak zeharkatuz; haritz eta gaztainondoz osatutako basoak betetzen dituzte mendiak; behar bada kalamu horizko branka batek ingurune berdea apurtu egingo du; intxaurrondo ilara batek bobeda itzaltsua sortuko du bidean. Eta bat-batean, dilijentzia Azkoitiko kaleetan sartzen da, zaratatsu; bertan abarketariak beren eserlekuetan, lanean, eta urrutixeago nabaritzen da Loiolako monasterioa eta gero beste herrixka bat –Azpeitia–, hau ere zaratatsu pasako dugu…

Zerua iluntzen doa, laino grisez estaliz. Hondoko ingurune berde ilunean, teilatu gorri zabal batzuk ageri dira. Zestoa da. Dilijentzia gelditu egiten da.

* * *

Pasilloak. Eta esan beharra dago: Zestoan pasilloak besterik ez daude. Sartu bainuetxean: eraikuntza gris handi bat da, teila gorrizko teilatuarekin. Atalondo bat, harrizko hiru arkurekin, atearen aurrean; gero bebarrua ageri da zabal-zabala, bi jarroi handirekin dotoretua. Eta pasillo batek hondora eramaten du eta han atean letra doratu handi batzuk diote: ‘Comedor’; eta beste pasillo batek eskuinera eramaten du eta beste batek ezkerrera. Hemen, hormaren luzeran, beheko solairuko logelen atetxoak, lababoetakoak, administraziokoak, kontsultakoak nabarmentzen dira. Beste bi korridore handi ageri dira perpendikularki: batek jangela berezietara eramaten du, erregimenean bizi direnek jaten duten jangeletara, eta mahai borobila dagoenera eta sukaldeetara; besteak festa-gelara, kafetegira eta jolaslekura… Hau dena oso argia eta nabarmena da, irakurle adiskide.

* * *

Zuzendaria. Zuzendaria denok bezalako bainu-hartzaile bat da, axolagabe itxuraz, korridore zabaletan pasean ibiltzen dena, betaurrekoetan zehar begiratzen duena deskuiduz, gora eta behera sartu eta irten dabilena, gogorik gabe, bere txapeltxo grisa eta jaka itxiarekin. Denok bezalakoa da, eta hori da bere dohainik handiena. Ba al da zerbait nekagarriagorik zuzendari eskuzabal, itsaskor bat baino, zuek bakardadea nahi eta hitz gozoak xuxurlatzera datorrena baino, ohartarazi behar ez diren gauzak ohartaraztera datorrena baino, edozein ordutan eta edozer dela ere garaiz kanpo irribarre egitera datorrena baino? Don Jazinto burutsua eta neurritsua da. Taldetxo bateko solasaldian aurretik kortesia gogaikarri eta zailik egin gabe sartzen da, pasaeran bezala, beste zerbait egiterakoan une bat aprobetxatuz bezala; lagunartea uzten du agur gogaikarririk gabe, eskaintzarik gabe, irribarrerik gabe, esku-emate jasangaitzik gabe, urrutitik deitua izan eta momentu batean alde egin beharra izango balu bezala. Zestoako zuzendaria da gizon edo emakume bat bere bizilagunekiko harremanetan izan daitekeen gauzarik handiena: naturala da.

Plazido. Plazido da atezaina. Hotel bateko atezaina beti da gizon zuzena, inpasiblea, serioa, isila eta hiritarra. Plazidok isiltasunaren diskrezioa du. Hotel handi bateko atezainak zerbait galdetutakoan bakarrik hitz egin behar du. Eta orduan, bere erantzunak azkarrak izan behar dute, inpertsonalak, objektiboak. Objektibotasuna: hona hemen hotel mundukoi eta elegante bateko atezaina irits daitekeen gradurik gorena. Plazidok, lortu ote du? Plazido astiro ibiltzen da bainuetxeko saloi zabaletan zehar; smoking egokia janzten du eta bere manerak eta keinuak jaun bikain batenak dira, zerbitzu eta obeditze klase hori eskaintzeko adeitsuki prest agertu den jaun batenak.

Antonio. Oraintxe jo du kanpaiak bazkaltzera deituz. Turista tropel bat jangelarantz doa; zuek ere harantz abiatzen zarete. Eta jarri zaretenean; Dos Aguas-eko markesatxoa, Peralta jauna, don Julian, apaiza, doña Maria, elkar agurtu zaretenean; zopa hartzen hasi zaretenean, gizonezko grabe bat, beltzez jantzia, bizarra moztutakoa, frak egokia duena, zuena hurbiltzen da diskretuki, eskuetan ontzi txiki bat eta zilarrezko pintzak dituelarik eta galdetzen dizue: “Jelarik nahi al du jaunak?” Hori da Antonio. Antonio ez da gaztea; mahaizain gazte bat ulertezina litzateke; absurdoa. Mahaizain batek gaztaroaren mugak paseak izan behar ditu, mahai guztietara hurbildu eta emakumezkoekin hitz egin ahal izateko. Sartzen al da buruan umemoko bat zuen alboko emakume bati galdetzen, adeitsu, zer desio duen?”

Kamarera nagusia. Kamarera nagusiak, bebarruko tinbre zakarrak jotzen duenean, ataurrera irteten du. Orduan, kotxean iritsi den bainu-hartzailea emakumezkoa bada, jaisten laguntzen dio, sarreraraino gidatzen du, berokia hartzen dio, eskularruak, kapela, eguzkitakoa; makurtzen da, adeitsu, eta libre dauden logelen berri ematen dio eta berari gustua egiteko Administrazioak duen nahia azaltzen dio… Eta nora doa gero kamarena nagusia? Kamarera nagusiak lagundu egiten dio gero emakumeari korridore zabaletan zehar, eskaileratan, logelara laguntzen dio, pertxa eta eserlekuetan uzten digu berokia, kapela, eskularruak, eguzkitakoa eta berriro makurtzen da eta andrearen nahiak asmatzen saiatzen da, diskretuki. Eta gero irten egiten du, arin, beste zerbitzarientzako aginduak eramanez, eta berriro Administrazioko iluntasun atseginean murgiltzen da; beste txilin-hots bortitz batek laster aterako du berriro handik, maletazain argi eta azkarraren eta Plazido sendo eta dotorearen segizio ezin hobea eta prestua osatzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide