Paperekoa

Bakarrik – Sara Matsutani

Bakarrik, gauza gutxi batzuk motxila barruan eta beste plan gutxi batzuk buruan. Horrela ekin nion, orain dela sei hilabete, nire abenturari, hiru hilabetez Asia ekialdean bidaiatzeari.

Ekin aurretik ordea, inori iritzi edo aholkurik eskatu gabe ere, hainbat eta hainbat jaso behar izan nituen: “Nora joango zara ba zu, gaixo hori bakar-bakarrik munduan gaur egun dauden arrisku guztiekin? Urrutiago ezin ahal zenuen joan? Zer galdu zaizu han? Ze nezesidade?” eta beste hainbat galdera.

Emakumezkoa izanda, aholkuak bikoiztu egin ziren: “Kontuz ibili han, bahiketa eta bortxaketa asko egoten dira eta. Herrialde horiek oso arriskutsuak dira neskentzat. Bakarrik joan ordez zergatik ez zoaz zure mutilarekin?”…

Eta noski, keinu arraro eta kezka aurpegiak ez ziren falta izan.

Nire beldurrekin nahikoa lan ez, eta ingurukoen beldurrei ere aurre egin behar. Baina tira, nik argi nuen, nire beldurrek gelditu ez baninduten, besteenek ez nindutela geldituko.

Eta itzuli naiz, inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia zoragarri bat bizi izanda.

Idazle ingeles batek esan omen zuen behin, bidaiatzeak irudimenak errealitatearekin bat egiteko balio duela, gauzak diren bezala ikusteko balio duela alegia, gauzak nola izango diren pentsatzen ibili ordez.

Orain itzuli naizela, esperientzia horrek gauzak diren bezala ikusteko agian ez, baina nik bizi izan ditudan bezala gauzak ikusteko balio izan didala esan dezaket.

Zestoatik irten eta Filipinetan lurra hartu nuen. Herrialde hark aspaldidanik jaso izan ditu turistak, baina soilik gune turistiko batzuetan. Azken urte hauetan ordea, turismoa lurralde osora zabaldu da. Oraindik ordea, gune turistikoetatik urrun bizi den jendeak ez du inoiz edo ia inoiz turistekin harremanik izan, eta bitxia izan ohi da euren lehendabiziko erreakzioa. Hemen, gauza ezezagunen aurrean beldurra sentitzen dugun moduan, han guztiz kontrakoa da. Begirada eta irribarre lotsatiak hasieran, jakin-mina azaltzen duten galderak ondoren, eta konturatzerako euren etxean zaude bazkaltzen.

Eta hori bezala, beste hainbat adibide azal ditzaket, nire irudimenean zeuden hainbat hasierako aurreiritzi eta beldur. Horiek guztiak uxatzen lagundu didate, eta pixka bat errealitatera gerturatu naute.

Honezkero, inuzente samarra naizela pentsatuko du batek baino gehiagok, eta arriskuez ahaztu egin naizela. Arriskuekin ordea, etxetik irten bezain pronto egin dezakegu topo eta arretaz jokatzea beti da beharrezkoa, bai hemen eta bai han. Beraz, zuk nahi baduzu, geratu etxean, nik bidaiatzen jarraituko dut eta.

Sara Matsutani

 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.