Albisteak

Bakearen aldeko ekimena egin dute Aizarnako eskolan

Siriako gerratik ihesean doazen errefuxiatuen aldeko hainbat ekimen izan dira Euskal Herrian azken hilabeteetan, eta Aizarnako Eskolan ere ekimen txiki bat burutu zuten otsailaren 21ean. Aizarnako Eskolako kideek kaleratutako idatzian diotenez “lehenagotik gaia landua izan da LH-ko ikasleekin eta oraingoan UNICEF Euskal Herriko Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Dimensión-Rezink publizitate agentziarekin batera proposatu diguten unitate didaktikoa aurrera eraman dugu”.

Ekimen hori dela eta, gatazkaren inguruko bideo batzuk ikusi eta ikasleei gaia azaldu diete. Gaia landuaz ikusi dute errefuxiatu kanpalekuetan hesiak egoten direla eta bertako haurrek hesi horiek baliatzen dituztela objektu desberdinekin irudiak sortzeko. “Eskolara bidali diguten materialean hau irudikatu nahi izan dute. Horretarako sokazko hesi bat bidali digute eta helburua izan da hesi horretan plastikozko edalontziak erabilita irudi bat osatzea”. Kasua ikasleei azaldu ondoren, asanblada parte hartzaile baten bitartez erabaki zuten “bakea” hitza idaztea eta hau irudikatzen duen usoa marraztea. “Honekin Aizarnako ikasleak mundu osoko bakearen alde kokatzen gara eta dauden gatazka guztiak bukatzea eskatzen dugu” adierazi dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide