Baroja, Osinbeltz eta petrikiloa

Pio Barojak bere memoriatan kontatutako pasadizo triste bat dakarkit oraingoan lerro hauetara. Zestoa hobeto ezagutu nahi duen orok eta, zer esanik ez, literatura ona gustukoa duen orok nahitaez irakurri beharrekoak dira Barojak gure herriari buruz idazten dituen orrialde horiek. Esan behar da adituek, askotan, topiko moduko bat zabaldu dutela, alegia, Barojak memoriatan kontatzen dituenak berak moldatuak ote diren neurri handi batean eta, beraz, ez guztiz egiazkoak. Topiko horri kontra eginaz, nik hemen esan behar dut guk aztertu izan ditugun pasarteak oinarrian benetakoak direla, eta horren adibide da segidan kontatuko dudan gertakari tristea.

Barojak kontatzen du Zestoara iritsi eta handik gutxira andre zahar petrikilo edo enplastugile bat ikusten zuela, maiz, belarrak biltzen Osinbeltz aldean: “Mutil koskor zarpail eskale tankerako batek, herrena, eta beti behera begira ibiltzen zen batek lagundu ohi zion. Andre zaharrak ez omen zituen aurrean ikusi nahi medikuak. Seguruenik, molestatu egingo zuten, tontamentean, lanbide-pedantekeriagatik. Ni baino lehenagokoengatik –bat herritik alde egina zen ordurako– zera esaten omen zuen, basoerdiren batzuk gainean zituenean: –Mediku berri hori eta kastillanoa biak barrika batean sartu, eta Ertxiñako puntatik behera botako nituzke…, danba…, danba…, danba”. Mediku berri hura auskalo zein zen, garai hartan oso sarri aldatu ziren medikuak eta; “kastillanoa”, berriz, Don Pedro Diaz zen, Barojarekin hainbeste gorabehera izan zituen huraxe bera.

Garai hartan, “borroka” dezentea izango zen medikuen partetik, petrikilo jende hura hemen inguruetatik behin betirako botatzeko, eta bi medikuntza klaseen arteko ezinikusiak etengabekoak izango ziren. Luzatu egingo naiz pixka bat baina merezi du hemen kontatzea geure etxean oraindik ere gogoratzen duten anekdota bat. Dirudienez, oso larri zegoela eta egun gutxirako bizia aurreikusi zion mediku batek gaixo bati. Hori esanda joan da medikua, eta gaixoaren familiak berehala deitu dio “kurandero” bati. Etorri da petrikiloa eta eman dizkio erremedioak, eta, hala, bere onera etortzen hasi da gaixoa. Hurrengo egunean, joan da berriz bisitan petrikiloa eta ikusi du hobera egin duela. Baina “kuranderoa” gelan dagoela, baserriko atea jo du medikuak. Orduan omen ziren kontuak… Petrikiloak leihotik ihes egin omen zuen, eta medikua gelara sartu zenean eta gaixoa hobeto zegoela ikusi, deiadar batean hasi omen zen: “Hemen zerbait gertatu da! Zein ibili duzue hemen!” Eta zeharo haserretu omen zen.

Kontuak kontu, Osinbeltzeko andre petrikiloari buruz ari ginen. Barojak dioenez, ez zuen izen handiko horietakoa izan behar. Bere belarrak bilduko zituen eta, antza denez, herriz herri, bazterrik bazter, ibiliko zen eskean. Pio Baroja mediku lanetan hasi (1894ko abuztuak 13) eta handik gutxiko kontuak dira hauek. Egun batean istripu larri bat izan zuen gure petrikiloak.

Aguazila joan omen zitzaion Barojari etxera; Osinbeltzera joan behar zutela, andre bat erori zela-eta harrobiaren goikaldetik: “Aguazila, tipo baldar samarra, farol batekin zetorren, niri laguntzeko. Herritik irten eta Iraetako bidetik joan ginen harkaitzetara iritsi arte. Lurra beltz zegoen eta are beltzagoa ibaia. Gorpua zegoen tokira iritsi nintzenean eta farol-argiarekin aurpegira argi egin nioenean, haren ile zuria eta jantzi beltzagatik konturatu nintzen petrikiloaren gorpua zela. Belar sorta bat zeukan estu-estu hartuta behatz artean.

() Hurrengo egunean autopsia egin behar zitzaion, alferrikako gauza, ez zegoen-eta heriotzaren zergatiaren zalantzarik. Hainbat tokitan puskatuta zeukan buru-hezurra (harkaitzetik erorita hilko zen). Aguazila eta biok kanposantuko gorputegian autopsia lanetan genbiltzala, andre zaharrarekin ibiltzen zen mutikoa azaldu zen, eta behin eta berriro galdetu zigun ea hildakoaren arropak miatu al zitzakeen. Baietz esan nion. Miatu zituen arropak. Ez dakit zeren bila ibiliko zen. Liburutxo bat atera zuen eta bizpahiru txakur txiki. Gero galdetu zidan, oso misteriotsu, amonaren gorpua ireki behar al nuen. Erantzun nion hala agintzen zuela legeak, bortizki hildakoei hiru barrunbeak irekitzea, baina ez nuela hala egingo, ez zelako behar”.

 

Eta honetara iritsita, irakurleak zera jakin nahiko du: Eta zein zen ba andre zahar hura? Ba, andre hark Joana Frantziska Zulaika Lizarraga zuen izena. Agiriek diotenez, ezkongabea, 70 urtekoa, lanbidez eskalea. 1894ko abuztuaren 30ean aurkitu zuten Osinbeltzeko harrobian eta “medikuaren adierazpenaren arabera, aipatutako harrobian erortzean hartutako kolpeen ondorioz hil zen”.

Hortik aurrera, “aztarrika” pixka bat gehiago eginda, beste argibide batzuk ere jakin ditugu. Emakumea Zarauzko Kale Nagusiko 13. zenbakian bizi zen. Hangoxe ostatuaren jabe zen, hain zuzen ere, bere anai Jose, 58 urtekoa, bost seme-alaben aita. Aspaldiko ostatua zen Zulaikarena, Zarauzko turismo eta etxegintza afanak hasi baino lehenagokoa. 1868ko egunkari batek honela dio: “Plazan udaletxearen kolomadi [columnata] elegante eta modernoa nabarmentzen da, eta Zulaikaren ostatu handiaren fatxada eta Olidenen eta Hormaetxearen etxeenak. (…) Logela eroso eta merkeak”.

Hara, ba, kontuak eta komeriak… Pio Barojak kontatuak eta Arzallusek baieztatuak. (Hara! Notario sartu zaigu gure oilo aztarkalaria!)

 

Argazkia: Intervenciones a Ricardo Baroja (‘Mendiga’). Antonio Miranda Morales




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide