Bartolo nora zoaz?

Gaur iritsi zait Madrilgo Casa Postal dendan enkargatuta neukan argazki zoragarria. Ezer baino lehen, gauza bat esan behar dizuet: noizbait Madrilera joaten bazarete eta postalak eta horrelako bitxikeriak maite badituzue, zoazte sinfalta Casa Postal dendatxora (calle Libertad 37). Han, Chueca auzoan, gay giroko denda, taberna, galeria, ile-apaindegi, estetika zentro eta abarren artean, betiko denda tradizional bat da Casa Postal. Aita da postal bildumazale amorratua eta jubilatu zenean alabari, Belen Carrascori, utzi zion dendaren ardura. Denda eder-ederra da, dena bitxikeriaz josia eta armairu mordo batekin, denak kajoitxoz beteak; haietan, gaika edo geografikoki antolatuta, milaka postal eta paper. “Erakuts iezadazu Cestona…” esaten badiezu, “rast”, irekiko dizute kaxoia eta eskua bete postal aterako dizute; denek hizki bat dute atzean, lapitzez idatzita, “A”, “B”, “C”… Letra bakoitza prezio bat da.

Bitxia eta ederra da gaur hona dakarkigun postala. Are gehiago, iturri gaineko harrizko gurutzea aspaldi desagertu zelako eta hau izango delako eskuartean daukagun haren argazkirik zaharrena. 2003ko azaroaren 8an, larunbatean, konturatu zen inguruko jendea gurutzea falta zitzaiola iturriari. Broma kaxkar bat egin nahian norbaitek handik kendu eta inguruan utzi zezakeelakoan-edo, udal langileak ibili ziren palazio inguruko bazterrak miatzen baina han ez zen azaldu gurutzerik. Beraz, harrizko elementu apaingarriak salerosten ibiltzen den talderen batek lapurtuko ote zuen juzgua zabaldu zen. Nik oraindik ez dut galdu esperantza, egunen batean, kasualitatez, txalet handinahiko horietakoren baten jardinean ez ote dugun topatuko harri hura. Baina, tira…

1920ko hamarkada amaierako argazkia da. Dena oso, nola esan, antzerki mundukoa edo, beste era batera esanda, pixka bat gezurrezkoa da. Mutikoa –honez gero Josafateko zelaian egongo dena– oso pose itxuran dago eta bitartean ura gainezka. Jakinekoa da zer presa sartzen ziguten neska-mutikoei, ur bila bidaltzen gintuztenean, atzera berriz azkar bueltatzeko etxera, ura epeldu ez zedin. Han ez zen izaten euliei begira egoteko denborarik. Hemen, ordea, etxera ziztuan joateko kezka handirik gabe dago gure mutikoa.

Gero, bestalde, protagonismo handia hartzen du argazkian tuntuix moduko ontzi horrek. Oso xelebrea da eta saiatu naiz horren antzekoren bat bilatzen interneten baina ez dut besterik aurkitu. Bi helduleku ditu eta muturra zabal samarra du tuntuixa izateko; bestalde, goialdea esmaltatuta dauka, beheak ez du ematen… Hara, ezin dut asmatu zer den; imajinatzen hasita, ematen du tuntuixaren beheko zatia eta kafetera bat elkarri itsatsita! Gaineko tapa non ote du?

Eta tuntuixaz ari garenez, esan dezagun zeintzuk izaten ziren ur bila joateko ontziak, tuntuixaz gainera: edarra edo suila, pegarra eta, jada gure garaian, marmita. Suila ezagutu izan dute gure gurasoek, baina pegarra aipatzen zaienean ez dira akordatzen. Gurean behintzat ez: duela bizpahiru urte erosi nuen Blanca Gomez de Segura ontzigile ospetsuak egindako pegarra zoragarri bat, baina gure etxean ontzi ezezaguna egin zitzaien. Pegarra ontzi handi bat da, sabel zabalekoa eta ahoa eta hondoa estuak dituena. Gainean, alde batean heldulekua dauka eta bestean ura irteteko muturra, eta gain-gainean tapa txikia.

* * *

Postalean ageri dena neskatxa balitz, primeran letorkioke Maritxuren abestia, “Aztarka” hau amaitzeko. Baina mutikoa denez, letra azpikoz gain jartzea pentsatu dugu. Hala, hasiera batean kanta xalo samarra denak beste indar bat hartzen du. Abesti tradizionalean Bartolo da “aktiboa” eta berari dagokio neskatxa erakartzea eta ezkontza proposatzea. Guk irauli eta gero, ordea, beste tankera bat hartzen du kontuak: neskatxak protagonismoa hartzen du eta Bartolo desio objektu bihurtzen da. Tira, kanta ezazue…

Bartolo, nora zoaz,
eder galant hori?
Iturrira Maritxu
nahi badezu etorri.
Iturrian zer dago?
Ardotxo txuria.
Biok edango degu
nahi degun guztia.

Bartolo zuregana
biltzen naizenean,
poza sentitutzen det
nere barrenean.
Maritxu, nik ere det
atsegin hartutzen,
ur bila noanean
banazu laguntzen.

Bartolo, lagunduko
dizut gaur mendira,
ur fresko eder bila
hango iturrira.
Iturri eder hortan
dagon ur garbiak,
Maritxu, alaituko
dizkizu begiak.

Bartolo, pentsatutzen
badezu ezkontzea,
lehendabiziko nitaz
oroitu zaitea.
Zure mende jartzen naiz
denbora guziko.
Maritxurekin gaizki
ez zera biziko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide