Albisteak

Berdaitz Landa: ‘Badago etorkizuna Zestoako futbol taldean’

Futbol denboraldia amaituta, Berdaitz Landak Zestoako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile kargua utzi du. Horrela, Landak denboraldian zehar izandako bizipenak kontatu dizkigu elkarrizketa honetan.

Nola laburtuko zenuke denboraldia?

Gorabeherak izan ditu denboraldiak. Lehen bost partidatan ezin izan genuen irabazi, ondoren 13 jardunalditan ez genuen partidarik galdu, eta inauterien ondoren sailkapenaren erdian kokatu ginen. Jokalari batzuek taldea utzi beharra ere izan zuten… azkenean denboraldia zazpigarren postuan amaitu dugu.

Pertsonalki gustura al zaude egindako lanarekin?

Ez nago gustura egindako lanarekin. Nire helburua azken bost partidatan sailkapeneko lehen hiruren artean egotea zen, baina inauterien ondoren bi partida galdu genituen eta helburu hori ezin izan dugu lortu. Hortik aurrera, denboraldia ahalik eta ondoen amaitzen saiatu gara.

Denboraldi hasierak baldintzatu du aurten ere taldea?

Denboraldi hasieran guztiok egon ginen piska bat galduta. Herriko festez aparte, beste hainbat gertakizun ere izan ziren eta taldeko partaide guztiongan eragina izan zuten. Horrela lehen garaipena 6. jardunaldian lortu genuen.

Jubenilen taldeak igoera lortu berri du…

Jubenilen taldeko entrenatzaileak izugarrizko lana egin du azken hiru urteetan, eta hurrengo denboraldian talde horretako jokalari asko lehen taldera pasako dira, beraz badago etorkizuna Zestoako futbol taldean. Hala ere, lehen taldera pasatzean lana gogor egin beharko dute, nagusien mailan jardutea fisikoki gogorragoa baita. Espero dut datorren urterako 20 jokalari baino gehiago egongo direla, guk aurten hori bota baitugu faltan. Zorterik onena opa diet, ea hurrengo denboraldian mailaz igotzea lortzen duten.

Hurrengo entrenatzaileari zein aholku emango zenioke?

Entrenatzaile bakoitzak bere ideiak eta entrenatzeko moduak ditu. Zorterik onena opa diot eta ea denboraldia ondo hasten duten. Dirudienez jokalari gehienek taldean jarraituko dute eta behetik datozenekin ea talde polit bat osatzea lortzen duten.

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet laguntza eman didaten guztiei, nire gertuko lagunei, Txixu, Pello, Ander, Lander,… eta bereziki Kixkurrari ere eskerrak eman nahi dizkiot.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide