Albisteak

Berdaitz Landa: “Biharko partidua garrantzitsua da, taldeak irabazteko gosez jarraitzen duela baieztatzeko”

Zestoa Futbol Taldeko gizonenzkoen lehen taldea bolada onean dabil. Azkenengo 12 partidatatik bat bera ere ez dute galdu. Bihar Iraetako futbol zelaian (15:30) Debako Amaikak Bat taldearen aurka jokatuko dute, liderraren aurka. Partida garrantzitsu horren aurretik Berdaitz Landa entrenatzailearekin izan gara.

  • Nola dabil taldea azken partidetan?

Taldea denboraldi hasiera kaxkar bati aurre egiteko gai izan da, eta 12 jardunaldi gaude porrotik izan gabe, 7 garaipen eta 5 berdinketa. Aspaldi honetan gol gutxi ari gara jasotzen eta horrek garbi erakusten du talde osoak egiten duela lan. Gaur egun, garbi ditugu gure taldeak zein indargune eta zein hutsune dituen eta hortan gabiltza, gure indarguneak ahal diren gehien nabarmendu nahian eta hutsuneak berriz ezkutatu nahian.

  • Garrantzi handia al du biharko partidak?

Lehen esan bezala, hasiera kaxkarraren ondorioak ari gara pairatzen eta ondorioz, sailkapenean behetik gora gatoz. Sailkapenean aurrean daudenengana hurbildu nahi dugu eta horretarako beharrezkoa da partidak irabazten jarraitzea. Biharko partidua garrantzitsua da, taldeak irabazteko gosez jarraitzen duela baieztatzeko.

  • Amaikak Bat arerio gogorra al da?

Amaikak Bat oso talde ona da, orain arte kategoriako talderik onena da eta ezin da hori zalantzan jarri. Bere emaitzek garbi esaten dute hori. Izan ere, 17 partidatik 14 irabazi baititu. Jokalari oso onak ditu, atzean eta erdian langileak eta aurrean berriz oso jokalari biziak dituzte. Azkeneko partida 6-0 irabazi zuten eta guretzat partida oso gogorra eta zaila izango dela iruditzen zait.

  • Zaleei zabaldu nahi diezun mezurik?

Taldeak zaleen laguntzarekin hobeto jokatzen du. Dena den, badakigu zaleei zerbait eskatu beharrean, lehenengo guk eman behar diegula zaleei. Niri pertsonalki gustatuko litzaidake larunbat honetan Iraetako futbol zelaian giro beroa egotea, taldeari lagunduko diolako eta zergaitik ez, horrela 12 jokalarirekin errazago izango delako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide