Paperekoa

Besaulki erosoetatik – Itsaso Zubiria

Zenbat iritzi ematen ditugun gure besaulki erosoetatik. Palkotik begira. Galderarik ere egin gabe. Lehen ere banekien hala zela, baina azken hilabeteotan ezagunago egin zait, baita Kataluniaren kasuan ere.

Lagun batek urriaren 11n poztu egin zidan asteazken goiza. Komunikabideetan Kataluniaren independentzia aldarrikapena besterik ez zegoen hartan, nik ezer esan aurretik, bota zidan aspertuta dagoela inguruan Kataluniako prozesuaz analisi politiko sakonetan sakonenak egin eta egin dabiltzan orojakile guztiekin. Irribarre konplize batekin erantzun nion, askotan hitzek dutena baino balio handiagoz.

Entzun eta irakurtzen ari naiz, Procés-ean ematen duten pausu bakoitzeko, besaulki erosoetatik egindako kritikak eta pausu horrek norabide horretan emanda izango dituen ondorioez ziurtasun osoz jarduten duten analisiak. Baina ikusten ari naiz, baita ere, ustez gaia ezagutu eta herritar xeheoi Katalunian gertatzen ari dena azaldu nahi diguten politikari, politologo, soziologo eta guztilogoek orain arteko analisietan huts egin dutela. Inor gutxik esango zuen orain urtebete katalanak horraino iritsiko zirenik. Gogoratzen CUPek Artur Mas alboratu ezean planto egingo zuela esan zuenekoa? Zenbat guztilogori entzun genien, CUPen jarrera kritikatuz, nola esan zuten tematuta zeudela eta prozesua pikutara botako zutela? Eta hori kritikatu zutenak ari dira, orain, Puigdemonten bai baina ez kritikatzen. Orduan gogorregi batzuk, eta orain ahul besteak. Harmailetatik begira egonda jokalariari oihu egitea zein erraza den…

Agian hainbeste dimentsiotako gaiak handi, urrun geratzen zaizkit, eta agian, egoera ikusita, ez ditut klabeak harrapatzen, eta neu izango naiz Katalunian hurrengo pausuak zein izango diren ez dakien bakarra. Baina hedabideetan edo sare sozialetan bezala kalean, une oro iritzia ematen ari direnei begiratzen diedanean burura etortzen zait Xabier Leteren kanta hura: isilik egoteak zenbat balio duen… Nik, harmailetatik jokalariei oihu egin baino, partida nola doan jakiteko nahiago dut jokatzen ari diren lagun katalanei galdetu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide