Bidearen beste itzulia: Baroja, maitasunez

Argitaratu berria da Pio Barojari buruzko liburutxo eder-eder bat. Lotsa pixka bat ematen dit liburu horren berri hemen ematea, bertan neu ateratzen naiz-eta, baina oso gomendagarria da. La otra vuelta del camino, egilea Daniel Ramirez Garcia-Mina, 25 urteko kazetari gazte bat. Liburua Ipso argitaletxeak argitaratu du (gazteleraz), “Baroja & Yo” deritzan bilduman. Bertan, hainbat idazle, irakasle, kazetarik Barojari buruz idazten dute. Dagoeneko bederatzi titulu argitaratu dira eta beste mordoxka bat ere aterako dira 2019ra bitartean.

Liburuak arakatzera joaten naizenean, lehendabizi atzeko azala irakurtzea gustatzen zait. Hara zer dioen, bada, La otra vuelta del camino horrek: “Daniel Ramirez Garcia-Minak Barojaren literaturan murgiltze azkar bat egiten du, 1898ko belaunaldikoek eta 1990etik aurrera jaiotakoek elkarrekin joan daitezkeela erakusteko. Kazetari gazte hau bertatik bertara lana egitera joan da Baroja ezagutu zutenen lekukotza bila”. Andres Trapielloren hitzaurrea du liburuak: “Baroja gustatzen zaigunoi, berrirakurtzeko gogoa sartuko zaigu. Eta irakurri ez dutenei, bera ezagutzeko gogoa piztu beharko litzaieke. Liburu honekin pizten ez bazaie, hobe dute uztea. Utzi dezatela bertan behera Barojarekikoa, eta beste guztia”. Hitz horiekin eztenkatuta, goazen bada liburua ezagutzera.

128 orrialde ditu liburuak eta horietatik 17 Zestoari buruzkoak (56-73 orrialdeak). Abuztuko eguerdi bero batean, kazetaria Zestoara iristen da eta taberna batean (Uztapide? Fati?) Coca-cola zero eskatzen du. Berezoek kuriositatez begiratzen diote. Barojari buruzko gauzak jakitera etorri omen da eta nigana bidaltzen dute. Ordu biak inguru dira eta bazkaltzera joaten gara Agustin tabernara. Bazkalondoren, Barojaren lekuak erakusten dizkiot Danieli. Lehendabizi, Dolores sakristauaren etxea. Ondoren, eliza; eliz garbitzaileak dabiltza bertan eta erratza eskaintzen digute guk ere lagundu dezagun; ospa egiten dugu. Elizatik Alkorta ostatua zen lekura; han dilijentziak aparkatuta imajinatzen ditugu. Ondoren, Baroja bizi izan zen bigarren etxera (Villar familiaren txaleta); handik, Don Pedroren etxea, Izarraitz aldea eta bainuetxea ikusten ditugu. Gero kanposantura; Barojaren garaietatik nahiz eta oso itxuraldatuta egon, gauza asko etortzen zaizkigu burura. Azkenik, Kultur Etxera eramaten dut eta han zenbait agiri erakusten dizkiot. Ekaitza lehertzeko zorian dago eta aterki bat uzten diot. Bisitatu ditugun toki horietara informazio bila joateko asmoa du kazetariak. Euria goian-behean, haiek kontatutakoa azaltzen du: Don Pedroneko etxean ez du inor aurkitu, Karlos Alkortak ez omen daki ezer, Beatriz Zulaika ez dago etxean eta neska beltzaran argentinar batek irekitzen dio atea; “barkatu, deskuidatu egin naiz”, esaten dio kazetariak. Nik utzi diodan aterkia udaletxera eraman eta blai eginda iristen da kotxera, baina pozik. Oso erraz irakurtzeko moduko liburua da, arina eta aldi berean sakona, eta izugarrizko maitasunez idatzia.

Hitz gutxitan esateko, hiru meritu ditu, besteak beste, liburuak. Alde batetik, informazioa bertatik bertara bildu izana eta testuari halako hurbiltasun eta egiazkotasun bat eman izana; Daniel Ramirez baino ospe handiagoko beste askok, “aztarrika” egiten batere saiatu gabe, bibliografiara jo izan dute eta “copia de la copia de la copia” egin dute, asko estutu gabe.

Meritua da, baita ere, liburuak azpian daukan “filosofia”: Behin eta berriz frogatzen du Baroja ez zela topikoak markatzen duen gizon antipatiko eta zakarra izan, eta behin eta berriz elkarbizitza “inklusibo” baten alde egiten du, bazterketak alde batera utziz.

Hirugarren meritua da adin horretan (25 urte) Barojaz, duela ehun urte baino gehiagoko gauzez, herriko zaharrek kontatzen dituzten “txorakeriaz”, inklusioaz, edertasunaz… arduratzea. Mundu honek oraindik badu edertasunik eta itxaropenik. Bejondeiola!

Ea, segi azkar liburu-dendara, ez zarete damutuko-eta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide