BIDEGORRIA BIDEGABEKERIAN

Herriak lotu bidegorria amaitu” herri ekimenak erabili izan duen lema, Urola erdiko bidegorria amaitzeak bertako biztanleen ongizatean izango lukeen eragina ondo baino hobeto laburbiltzen duena. Bi aste pasa dira bidegorriaren aldeko bigarren ekimen jendetsua egin zenetik eta bidegorriarekin enegarren bidegabekeria gertatu da.

Denok genekien Azpeitiko udalaren lehentasuna, Urolako bidegorria amaitzean baino Urrestillakoa egitean zetzala eta gure ustez ere ulertzekoa da herri bateko udalak bere eremuan kokatzen den proiektu bati bere eremutik kanpo kokatzen denari baino garrantzia handiagoa ematea, are gehiago Zumarragatik datorren bidegorria Azpeitiko lur eremuan amaitua dagoenean.

Ulertzen ez duguna da, 2013an Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuen Lurralde Plan Sektorialean Urola bailara lotzea Gipuzkoako bidegorrien sarea osatzeko lehentasunen artean jarri eta gero, orain Gipuzkoako Diputazioak herri baten barruko loturari garrantzia handiagoa eman izana bailara osoa lotzeari baino.

Bidegorriaren gaiarekin denok ikusi dugu Zestoako Udal Gobernuaren azken bi urtetako ekimena hutsaren hurrengoa izan dela, duela urtebete Batzar Nagusietan Urolako bidegorria zela eta egindako agerraldira, han bildu ziren guztien harridurarako, Zestoako alkateak “piper” egiterainoko arduragabekeria izan da Zestoako Udal gobernuak izan duena. Jakina da, udaletxeetatik aldundia bezalako erakunde erraldoi bateko arduradunei etengabeko lata ematen ez bazaie, hauek nekez egingo digutela jaramonik eta Azpeitiko udal arduradunak behin eta berriz aldundira bueltaka zebiltzala jakinda, bagenuen gertatu behar zuenaren kezkarik, hau da, lurralde antolaketa ikuspegitik, Urrestillakoak Urolakoak baino garrantzia eta lehentasun baxuagoa izanagatik berau lehenago bukatzearena.

Arestian esana baieztatzeko bada beste kontu bat oso deigarria egiten zaiguna. Legez idatzia ez badago ere, normalean Ahaldun Nagusiaren alderdi bereko herrietako alkateek zenbait proiektu gauzatzerako orduan aldundiaren aldetik “begirune” berezia izan ohi dute. Kasu honetan ez dakigu non egon den EAJ.

EAJ alderdiak, legeak aitortutako lehentasuna izanda, Zestoako bidegorri zatiari bultzada emateko aukera paregabea zeukan. Bada zoritxarrez. EAJ beste nonbaitera edo inora begira egon da aurten ere, eta hau gutxi ez balitz, 2018ko Gipuzkoako aurrekontuetan ere 0 euro gure bidegorriarentzat.

Gauzak horrela, Ehbilduk bi proposamen mahai gaineratuko ditu: batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako 2018rako aurrekontuei zuzenketa jarriko diegu Urolako bidegorria amaitzeko 2 milioiko diru lerroa eskatuaz eta bestetik, Zestoako Udalean bidegorriaren jarraipenerako mahai edo batzorde ireki bat martxan jartzea planteatuko dugu, non Zestoako udalean ordezkaritzan duten indar politikoez gain, herriko eragile ezberdinek ere parte hartzeko aukera izango luketen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide