[BIDEOA] Badator 40. Herri Krosa

Hemen da beste behin Herri Krosa. Igande honetakoa 40. aldia izango da eta zenbaki borobila izanik, zerbait berezia egin nahi dute antolatzaileek. Orain urte batzuk proba nagusian distantzia aldaketak egin ondoren, aurtengoan garaikurrei iritsi zaie txanda. Hemendik aurrera lehenengoek Lau Iturriren itxura duen trofeoa eta dominak eramango dituzte etxera. Horrez gain, partaide guztiek edizio honetarako bereziki diseinatutako kamiseta bat jasoko dute oroigarri moduan. Gainera, eguna borobiltzeko, proba honentzat garrantzitsuak izan diren hiru herritar omenduko dituzte. Jexux Izeta Koiote, Iñaki Irureta Triku eta Jexux Goikoetxea Fatik jasoko dute guztien esker ona.

Antolakuntzaren aldetik guztia prest dagoela diote. Dortsalak banatzen ibiliko direnak, bidegurutzeak zaintzen egongo direnak edo korrikalariei hamaiketakoak emango dizkietenak besteak beste. Jendeak izena ematea falta da orain. “Guzti hau azalduta, jendeak izena emango duela espero dut. Egun berean Lasturren beste proba bat dago eta azkenean alde batera edo bestera joaten da jendea. Bietara joatea nahiko lukeen jendea egongo da baina egun berean direnez ez dakit zer gertatuko den azkenean” azald du Pedro Cabanillasek.

Lasterketa herrikoia

Urtean zehar antolakuntzan taldean ibiltzen denetako bat da Pedro Cabanillas. Mahairen beste hiru hankak Antselmo Astiazaran, Jone Irureta eta Imanol Esnalek osatzen dute. Egunean bertan laguntzeko jendea lortzea “erraza” dela diote. “Krosaren aurretik jendeak kaletik ikusten zaitu eta kontatu nirekin edo laguntzeko prest nago esan dizu”. Antolatzeko jenderik ez dela falta ikusita, datozen egunetan partaidetzak gora egingo duela espero dute. “Ez gara kanpoko jendearen bila joaten, etortzen direnak ongi etorriak dira baina kanpoko jende pila bat baina herriko bi edo hiruk irtengo balute porrota izango litzateke eta herritarren parte hartzerik gabe guzti hau antolatzeak pena merezi duen ikusi beharko genuke”, dio Antselmok. 40 urteren ondoren probak bere gorabeherak izan ditu eta etorkizunean zer gertatuko den asmatzea ez da erraza baina guztiak bat datoz “herrikoia” izaten jarraitu behar duela.

“Gaur egun lasterketen mundu honetan dagoen lehiakortasunarekin dirua sartzen baduzu gauza indartsuak egin ditzakezu eta alde batetik jendea erakarri dezakezu baina urte askoan antzerako aurrekontu eta boluntarioen laguntzarekin ateratzen dugu aurrera lasterketa hau eta ematen dugu ematen duguna”, baieztatu du Jonek.

“Lasterketa hau Diego Garcia, Ricardo Toro edo Apalanza mailako jendeak irabazi duela esaten hari gara. Euskadiko edo Espainiako txapeldunak izan diren korrikalariak izan ditugu baina hori beste lasterketa bat zen. Agian antzerako zerbait antolatzeko beharrezkoak diren baliabideak lortu daitezke baina baliteke hori ez izatea interesgarria izaera popularra bai du probak”, dio Antselmok.