Bizitzaren udaberrian hildakoak gogoan

Argazkia, batez ere urte batzuk baditu, beti da gauza interesgarria. Izaten dira, ordea, argazkiak, interesa baino harago izua eragiten dizutenak. Niri, gaur aurkezten dudan honek eragin zidan bezala. Ehiztaria oilagor bila edo/eta perretxiko biltzailea gibelurdin bila bezalaxe, hor nenbilen ni ere, interneten, Zestoako gauzen bila eta han topatu nuen argazki izugarri hau.

Gertakaria ezaguna da. 1928ko ekainaren 9an, larunbata, Zestoako gizaseme batek 17 gaztetxo eraman zituen Azpeitira, egun pasa, kamioneta batean. Denak Zumaiako arrain gazitze lantegi bateko langileak omen ziren. Etxera bueltakoan, bainuetxeko txalet parean (Arocena hotela zen orduan), Gesalagako zubia hartzera zihoazela, azkar nonbait, eta kotxearen kontrola galdu eta ibaira erori ziren denak, kamioi eta guzti. 8 gaztetxo hil ziren istripuan, 18 eta 12 urte bitartekoak.

Astelehenean, ekainak 11, autopsia egin ondoren, Zestoako kanposantutik Zumaiara eraman zituzten, han hileta egin eta lurperatzera.

Garai hartako prentsan oihartzun handia izan zuen albisteak, eta nik hemen jarri ordez, egunkari haiek begiratzera gonbidatzen dut irakurlea. Esate baterako, inolako publizitaterik egiteko asmorik gabe (ez, baldinbaitere!), ABC egunkariak 1928ko ekainaren 10ean (33. orrialdea) eta 12an (37. orr.) argitaratutakoa interneten dago (nahikoa da “hemeroteca ABC” jartzea Googlen; eta bide batez, “Cestona” hitzak dituen 2.021 aipamenak ikusi ahal izango ditu pazientzia handiko irakurleak).

Nire argazki horiek –Ojangurenek eta Manso de Zúñigak eginak– ekainaren 20an argitaratutako “Mundo Gráfico” aldizkarian argitaratu ziren. Izugarriak dira, benetan, gauza askogatik. Alde batetik, jakin badakigulako hilkutxa horietan neska gazteak doazela (bat bakarrik mutila), 12 urtekoak (2), 14koak (3)… Bestetik, heriotza tragikoa izan zelako (zein heriotza ez da tragikoa, baina tira!). Azkenik, argazkiek, ateratzeko moduagatik edo enkoadraketagatik, izugarrizko solemnitatea eta seriotasuna ikustarazten dutelako (nola bada bestela?). Zuri-beltzak, berez, ematen dio seriotasuna argazkiei, baina, hortik aparte, ilara zorrotz horiek, arropa serioak… errespetu izugarria eragiten du.

Bestalde, argazkioi begira gaudela, gure gazte denborako oroitzapenenak etortzen zaizkigu burura eta horiek ere azaleratu egiten ditugu argazki hauek ikusterakoan. Esate baterako, ni akordatzen naiz, gure amama hil zenean (1972), etxeko jangelan jarri zutela hilkutxa, baina, aurrez, gela guztia oihal beltzez estali zuten eta hilkutxaren alde banatan bi kandelero handi piztuta eta abar… Zortzi urteko ume batentzat irudi latza zen hura.

Bada, horixe, orain argazki hauek ikusten ditugunean irudi eta oroitzapen haiek ere etortzen zaizkigu burura, eta berez tragikoa den egoera are eta latzagoa bihurtzen da.

Zestoako kanposantu inguruko argazki horrek badu, ordea, beste alderdi alaiagoa ere, nahiz eta, begiratu batean kosta egiten den ikustea. Hilkutxen “desfilearen” seriotasuna eta heriotzaren belztasunari kontra egin nahian bezala, Arteagagaraiko etxearen zuritasuna nabarmentzen da. Eta horrekin batera, ez da ahaztu behar, argazkian ez antzeman arren, paisaia bere ederrenean dagoela uda atarian eta, horrenbestez, berdearen alaitasuna eta naturaren indarra nagusituko ziratekeela, argazkiaren ordez, errealitatea edukiko bagenu gure begi aurrean.

Heriotza eta bizitzaren arteko lehia horretaz gain, zestoarrok beste gauza batzuei ere erreparatu beharko genieke argazkian. Esate baterako, zein xumea, esentziala den argazkian ikusten dugun paisaia; kanposantua ere zein soila ikusten den (artean egin gabe zeuden gaur egun pareten kontra ikusten diren hainbat panteoitzar); altzifreak zein gazte diren argazkian (30en bat urte besterik ez; gaur egun 120 bat badituzte).

Bukatzeko, kanposantuko argazki horrek beste antzeko argazki eta gertakari batzuk imajinatzera garamatza: handik zortzi urtera (1936), bide horretatik bertatik eta tankera beretsuko ilaran, Azkoitira eraman zituzten zazpi erreketeak; eta handik 25 urtera (1953), bide horretatik bertatik eta tankera beretsuko ilaran, eraman zituzten uholdean hildakoak.

Honelako argazkiei esker, egunkariei esker, jendearen testigantzei esker… finean, memoriari esker, gogoan ditugu eta gure oroimenean bizirik daude, modu batean edo bestean, tragikoki, hil diren guztiak. Horiei guztiei eskaini nahi nieke, umiltasun osoz, gaurko hausnarketa xume hau.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide