Carlos Gonzalezek hitzik gabe utzi ninduenekoa

Gaurkoan ez dut lan askorik egin nahi. Itzulpenera mugatuko naiz. Bada interneten, nirea baino askoz blog interesgarriagoa eta “Búscame en el ciclo de la vida” deitzen da. Han topatu nuen, aspaldi, duela lau urte nire urtebetetze egunean Maria Torres-ek idatzitako testu ederra. Gaur akorda aldia izan dut eta zuekin partekatuko dut. Norbaitek, hemen aipatzen den ankerkeriari buruzko informaziorik balu, eskertuko nioke niri pasatzea. Tira ba…

“Bada herri honen historiaren kapitulu bat itxi gabe dagoena. Jakiteko eskubidea dago, ez norberaren gauza balitz bezala. Jakiteko eskubidea da egia ezagutzeko eskubidea, eta eskubide kolektiboa da, sustraiak historian sartuta dituena, eta etorkizunean horrelako gauzak gerta ez daitezen lagunduko duena. Estatu espainiarrari oroitu beharra dagokio. Herri batek bere zapalkuntzaren historia ezagutzea bere ondarearen parte da, eta horregatik kontserbatu egin behar da.
Bere gorpua, beste asko bezala, kuneta bateko lurra aberasten ari da, hobi komun bat, izenik gabeko leku bat eta jada ia itxaropenik gabekoa. Bere gurasoek, anaiek aurkitzeko galdu zuten itxaropen hura bera. Agian egia da itxaropena dela azkena galtzen dena, baina 75 urte baino gehiago pasa ondoren, erraza da sekula gehiago ez berreskuratzea.
Vicenteren bidez, bere iloba eta nire laguna, niregana iristen da osaba Carlosen historia, sarjentu errepublikanoa, beste askok bezala pentsatzen zuena herri baten askatasuna ezin zitekeela takoi eta fusil kolpez indarrez harrapatu.
Carlos Gonzalez Garcia 1911ko abuztuaren 3an jaio zen Latores-en, Oviedoren ondoko herri batean. Vicente Gonzalez eta Emilia Garciak osatutako hamalau kideko familia ugari bateko seme txikienetakoa zen.
1937ko urriaren 21ean, diktadore txikiak eta bere ejertzitoak Iparreko Frontearekin amaitu eta Asturiaseko Ejertzito Errepublikanoa ihes egitera behartu zutenean, Carlos Garcia preso hartu zuten bere taldearekin batera, kondenatua izan zen eta auzitegi sortu berrietatik pasa beharrik gabe.
Gutxi dakigu bere bizitzako azken momentuei buruz, Brigada Nafarren soldadu taldeek Zestoan  (Gipuzkoa), trenbidearen tunel batean, bizirik erre baino lehenagoko une haiei buruz. 1938ko otsailean hil zuten, seguruenik 12an, hura ikusi zuen lekuko baten arabera. Bere familiak eginahalak egin zituen bilatzeko eta alferrikakoak izan ziren Vicente, bere aitaren, ahaleginak bere gorpua bilatu eta berreskuratzeko.
Militarrek, beste behin, aldatu egin zuten Historia. Beraientzat egokiak ez ziren gertakariak, ideologiak, pertsonak ezabatu egin zituzten”.

Hitzik gabe geratu nintzen irakurri nuenean. Sekula ez nuen gertakari hori entzun. Zestoan inork ez zekien ezer? Ez dut sinisten. Buchenwald-eko (Alemania) kontzentrazio esparruko tximiniak kea dariola zeudela, handik kilometro gutxira bizi ziren herritarrek ez zuten ezer ikusten. Zestoan ere antzeko?

http://www.buscameenelciclodelavida.com/2012/02/carlos-gonzalez-garcia.html

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide