Danbolin (apirileko alea) BOTA Librean (Amaiur Aristi Arregi) Zestoako krosari buruz, erantzuna

  • Egia da gaztetxoen lasterketetan neskek eta mutilek bananduta korritzen dutela. Gai hau antolatzaileon artean askotan eztabaidatu dugu eta zuk egiten duzun arrazonamendu bera egiten dugu. Alde batetik badirudi berdintasuna lortzeko hoberena denak nahasian korritzea dela baina aldi berean horrela neskek protagonismoa galtzen dute eta ez luke hala behar. Ziur nago urteetan zehar beste zenbait aldaketa egin ditugunean bezala horrelakoan ere norbait kexatuko litzatekeela. Bestalde, xehetasunetan sartu gabe gogoratu nahi nuke beste kirol gehienetan emakumeen diskriminazioa handiagoa dela…
  • Helduen lasterketari dagokionez, azken urteotan aldaketak egin dira. Lehen, gizonezkoek eta emakumezkoek distantzia desberdinak korritzen zituzten (emakumeek motzagoa). Orduan emakumeek gizonezkoen distantzia bera korritzea eskatzen zuten. Horrela, bi distantziak mantentzea erabaki genuen, bat motza eta bestea luzea baina bai emakume eta bai gizonezkoentzat (gizonezkoek ere lasterketa motza egiteko “eskubidea” dutelako). Lasterketa motza egitearen arrazoia partaidetza bultzatzea da, bereziki emakumezkoena baina baita gizonezkoena ere.
  • Antolatzaileei buruz diozunaz berriz, sari banaketan emakumezkoak (udaletxeko ordezkariak) eta gizonezkoak ere baziren. Helmuga antolatzen emakumeak baziren, haien artean bat idazten duen hau eta izen emateko mahaietan emakume nahiz gizonezkoak zeuden, gaztetxoen gurasoak gehienak. Zestoako kroseko koordinatzaile nagusia emakumea da. Agerian ez egoteak ez du esan nahi ez gaudenik eta ardura posturik ez dugunik!
  • Xehetasun hauek emanez esan nahi duguna da ez dela zuzena idatzitako guztia. Horrelakoetan alde desberdinen iritzi eta arrazonamenduak entzutea aberasgarria izaten da. Gu, Atletismo Taldekook gai hauetaz hitz egiteko prest gaude beti.
  • Dena dela, ados nago emakumearen presentziak handiagoa behar duela esatean. Atletismo taldekook gustura hartuko genuke bai emakume eta bai gizonezkoen partaidetza handiagoa. Nahi duten emakume guztiak gonbidatuta daude antolakuntzan parte hartzera, xentimorik kobratu gabe, noski!

Zestoako Atletismo Taldea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide