Dezibelioak: nire solidaritatea, ‘corta-pega’ batzuen bidez, larunbat gauean lo egin ezinik ibili zirenentzat

Vicente Davila nire lagunak, pasa den igandeko goizeko ordu txikitan, honako hau idatzi zuen Zestoako Udalaren facebook-en:

“Hemen nago, zuen gau zoragarria disfrutatzen. Ezin da lo egin zuen iskanbilarekin eta gaueko ordu biak dira. Gurutzeaga kaleko auzokideok zergatik sufritu behar dugu zuen musika eta dezibelioak? Leihotik sartzen zait soinua: “Esta es una noche, esta es una noche de rock and roll”… Bai, ederra!

Neure paper zaharren artean gordeta neuzkan bi hausnarketa etorri zaizkit burura. Broma gisa har daitezke, baina aldarte serioarekin kopiatu ditut nik hemen. Gazteek ondo pasatzea, kontzertuak egitea, disfrutatzea, ondo dago –pozgarria da, gainera– baina neurtu dezibelioak, demonio!; kontuan hartu ingurukoak!.

 

Megafonia=mega aforia (Jose Ignazio Ansorena). Argia, 1999ko urriaren 17a

MEGAFONIA deitzen zaio arma merke eta oso kaltegarri bati. Aldaera asko ditu, baina gero eta indartsuagoak eta merkeagoak saltzen dira. Edonork eros ditzake –baita umetxoek ere!– eta etxeetan eta kaleetan erabili inongo eragozpenik gabe. Ondorioak, ordea, oso gogorrak dira. Urtero jende asko gaizki bizi da arma horien erabilpenaren ondorioz. Beste asko gaixotu egiten dira eta, bera dela medio, botika lasaigarri ugariak hartu behar izaten ditu jendeak.
Gaur egun hemengo hauek dira modelo erabilienak:

Gaztemobilpunpun: Automobiletan kokatzen dira, gorri eta beltzetan batez ere. Masokistek erabiltzen dituzte gehienbat beren buruei min emateko. Kaleko ibiltariengan gidariarenganako kupida sentimentuak sortzen dituzte.

Puberogoikoa: Pub izeneko taberna berezi batzuetan jartzen dira. Pub horietan oso kontu harrigarriak gertatzen dira. Esaterako, insonorizazio obra garestiak egiten omen diren arren, ateak eta leihoak zabalik uzten dituzte. Inguruko auzokoak sikiatren adiskide izaten dira.
Barraka borroka: Herriko festetan jartzen diren barraketan aurkitzen dira. Txotxona zozketatzaileak armaren potentzia igotzen du, Txutxu trenak berea estaltzen diolako. Honek, berriz, hura garaitzeko eta ondoan duen Izuaren Etxekoa menperatzeko berea igo behar. Eta horrela «Zarataren espirala» deitzen den fenomenora iritsi arte: bertan egoterik ez dago (osasuna arriskuan jarri gabe behinik behin) eta inork ez du ezer ulertzen.

Koñtzertu (Koñazoa zertu): Tamainaz handienak hauek dira. Zerraldo moduko kaxa handiak ezartzen dituzte oholtza baten gainean eta atsalde osoz teknikari izeneko borreroek astinduak ematen dizkiote (bateria kolpez edo meseoye?-ka) auzoko siesta gogoari. Borreroak afaltzera joatean grabazio bat jartzen dute martxan gaitzak bere lana jarrai dezan. Eta gaua iristean leherketa etortzen da: Hiroxima-Nagasaki dezibelioetan. Bereziki kaltegarriak gertatzen dira herri gehienetan dauden enparantzetan antolatzen direnean: Richter-en eskalan 7. mailara iristen dira sarri.

SUZKO armetan Ameriketako Estatu Batuetan dagoen joera bera omen dago Espainian megafonia arma arriskutsu honekin, ikerketa eta inkesta guztiek aditzera ematen dutenez. Eta euskaldunok honetan, gazteak batik bat, oso espainolak omen gara (baita abertzale ustekoak ere). Agintariek zer egiten dute arazo honen aurrean? Gehienetan ezer ez. Arrazoi onez diote beraiei ez dietela hainbesteko molestiarik ematen. Egia da gorrarena egiten ohituta daudela.
Nik uste dut kontu honetan Unibertsoko Lege Nagusietako bat gertatzen dela: ez da ona arrazoia goizegi izatea. Eta oraindik, gertutik sufritzen dutenez gainera, inor gutxi konturatzen da arma honen arrisku potentzialaz. Berrogei urte barru, arma horien erabiltzaile gehienak (bizirik geratuko direnak) gortuta egongo direnean, orduantxe hasiko dira arazoaren tamainaz jabetzen.
Bitartean kontuan hartu honetaz foniatra guztiek ematen duten kontseilua: hitz egin nahi diogunak zenbat eta bolumen handiagoz zarata sortu, guk hainbat eta gozoago hitz egin diezaiogun. Entzun agian ez digute egingo, baina Megafoniak ez digu berarekin Mega Afoniarik ekarriko.

 

Ez, musika gehiagorik ez, mesedez! (Beraien esku dago nire bizitza 2014-03-27 20:49) http://blogak.eus/tortura/ez-musika-gehiagorik-ez-mesedez

Goizeko zazpiak dira, iratzargailuak esnatu egiten gaitu gure abesti gogokoenarekin. Altxatu, prestatu, eta lanera goaz. Lanerako bidean, astia nahikoa daukagu gogoko ditugun beste hainbat abesti entzuteko. Lanetik atera bezain pronto, berriz ere musika jartzen diogu geure buruari, erlaxazio momentu hori izateko, gure gauzetan pentsatzeko, hausnartzeko… baina, zer irudituko litzaizueke abesti bat, gogoko izan arren, orduen eta orduan buruan, etengabe, entzungo bazenute?

Guantanamon, esate baterako, presoengandik informazioa lortzeko honako metodo hau erabiltzen dute, non aurikularren bidez, abesti bat entzutera behartzen dituzte, haien urduritasuna eragiteko eta, modu horretan, informazioa eskuratzeko.

Oro har, zigorrerako armatzat edo torturatzat erabiltzen diren abestien artean, honako hauek izan dira gehien erabili direnak Guantanamon edo beste hainbat kartzelatan, ABC egunkarian 2012an argitaratu zenaren arabera:

1. “Dirrty”, Christina Aguilera / 2. «Bulls On Parade», Rage Against the Machine. / 3. “I love you”, Barney y sus amigos / 4. “Hells Bells, Shoot to Thrill”, AC/DC. / 5. “Sunny Days”, Barrio sésamo / 6. “Voodoo Child”, Jimmy Hendrix. /7. «Stayin’ Alive», Bee Gees.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide