Don Pedro eta ergelen urrea

Orain dela 200 urte inguru, arrakasta handia izan zuten Bitxikerien Kabineteek edo bildumek. Gauza bitxiak edo ez-ohikoak bildu ohi ziren bilduma horietan: antzinako gauzak, disekatutako animaliak, maskorrak, eskeletoak, landare lehorrak, fosilak… Eta mineralak ere bai, jakina.

Duela egun batzuk, Madrilgo Natur Zientzia Museoak, bere blogean, “El oro de los tontos” (ergelen urrea) izenburua daraman artikulua argitaratu du. Pirita mineralari buruz ari da. Burdin sulfuro natural horrek distira metalikoa du eta kolore horia edo letoi kolorea, hortik museoak eman dion izenburua. Munduko pirita pieza onenak Errioxan omen daude eta oso erakargarriak izan behar dute beren tamaina, distira eta leuntasunagatik. Itxura denez, Madrilgo museoak iberiar penintsula osoko pirita bilduma oso ona du eta, tartean, Zestoan hartutako pieza bat, Pedro Gonzalez de Velasco mediku segoviarrak eramana XIX. mende bukaeran. Bide batez esanda, museo horrek badu gure herriko beste pieza eder bat ere: Ertxiñatik, ehun bat urte lehenago (1785), atera zuten kristala edo Spath duplicans izeneko harria. Harri hari buruz, Julian Serranok artikulu eder bat egin zuen 2007an, eta bertan aipatu zituen Madrilgo museoko piritak ere, baina ez nion erreparatu Velascorenak zirela. Are gutxiago erreparatu nion beste xehetasun bati: etiketan “Cestona. Don Pedro Diaz” jartzen duela. Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, hasierako datu xume batetik izugarrizko adar piloa duen zuhaitza sortzen zaizu begi aurrean.

Izan ere, Velasco segoviarra (1815-1882) egundoko pertsonaia da, eta zeresan izugarri eman zuena. Mediku eta katedradun ospetsua izan zen eta Madrilgo Anatomia Museoaren sortzailea (1875). 8.000 hildako baino gehiago disekzionatu omen zituen. Legendaz beteriko gizona da Velasco: diotenez, tifus gaitzaren ondorioz hil egin zitzaion alaba bakarra, hamabost urte zituela, eta aitak ezin izan zuen gainditu atsekabea. Baltsamatu egin omen zuen neskatxa, eta urte batzuk pasa ondoren, hilotza hilobitik ateratzeko baimena lortu omen zuen. Hildako momentuan bezalaxe, berdin-berdin, omen zegoen alabatxoa, eta nobiaz jantzita museoko kaperan jarri omen zuen erakusgai, zeresan eta txutxu-mutxu ugari eraginez. Esaten zuten, bazkaldu eta afaltzerakoan bere mahaian esertzen zuela neskatxa baltsamatua, operara edo zezenetara eramaten zuela, eta Retiro inguruetatik paseoan ibiltzen zuela bere kalesan. Legenda horixe izan zuen inspirazio iturri Anjel Lertxundik Azkenaz beste liburua idazterakoan, eta aukera ederra eskaini zion aita baten pena eta nahigabea irudikatzeko.

Velascok Zarautzen pasatzen zituen udaldiak eta han txaleta zeukan, gaur egun musika eskola dagoen etxea (Villa Munda). Lehen kanposantua omen zen han, eta 14.500 erreal ordaindu behar izan omen zituen hango hezurrak kanposantu berrira eramateko. Litekeena da orduan eraman izana Zarauztik Frantziara, Pariseko Gizakiaren Museoan jasota dauden 71 buru-hezurrak. Ikusten den bezala, luzerako ematen du gure Velascok.

Baina goazen berriro artikulu hau egiteko hizpidea eman digun pirita harrira. Esan dugun bezala, “Cestona. Don Pedro Diaz” jartzen du. Harria gure herrian jasoa izan zen, beraz, eta Pedro Diazek eman zion Velascori. Horrek bide berriak erakusten dizkigu Don Pedro (1852-1928) gehiago ezagutzeko. Pio Barojak pertsona liskarzale gisa aurkezten du, behin eta berriro, Diaz, eta arrazoi pixka bat izango zuen; izan ere, urte batzuk geroago, beste mediku batekin ere (Segundo Zurriarain) izan zituen eztabaidak-eta. Baina, ematen du Diazek bazituela alderdi interesgarriago batzuk ere: gauza puntuala, kasualitatezkoa, izan ote zen pirita harri hura ematea Velascori edo ba ote zuen Pedro Diazek mineralogiari buruzko zaletasun eta jakituria sakonagoa? Inguruan bazterrik bazter ibiltzen ote zen mineral berezien bila? Auskalo. Bestalde, kasualitatez ezagutzen ote zuen Velasco edo harreman dezentea ote zuten? Eta harremana baldin bazuten, nola uztartzen ote ziren bien ala bien ikuspegi politikoak? Izan ere, liberal amorratua omen zen Velasco eta Seiurteko Demokratikoan (1868-1874) aktiboki hartu omen zuen parte. Don Pedro, aldiz, karlisten aldekoa zen eta haien alde parte hartu zuen Gerra Karlistan. Ez ote zuten, bada, politikaz hitz egiten? Edota, Don Pedro ez ote zen, bada, Barojak aurkezten zuen bezain itxia eta liskarzalea?

Aztarrikak hori du: harri bat aurkitzen duzu eta horrek ematen dizu hizpidea, baina ari zarela ari zarela, gauza gehiago aurkitzen dituzu, eta azkenean sinpletasunetik atera eta munduaz pentsatzera eramaten zaitu.

Argazkia: Pirita. Natur Zientzien Museo Nazionala, Madril (2485 PYR-E-25 / SULFUROS / PIRITA / LOCALIDAD: CESTONA / 5,5 X 2 cm / 130gr. / MICROGRANULAR / AMARILLO). Julian Serranok lortutako argazkia.