Albisteak

“Egunkaria” itxi zutela 15 urte

Hamabost urte bete dira gaur, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela ETArekin zerikusia zuela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Hamar lagun preso eraman zituzten Madrilera orduan, eta urte bereko urrian beste zortzi.

Zazpi urte beranduago, 2010eko apirilaren 12an, Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ko itxierako kasuko bost auzipetuak absolbitu zituen, euren kontrako frogarik ez zegoela ebatzita.

Mikel Lizarralde Egunkariako kultura sailean lanean hasiberri zen orduan. Guardia Zibila Egunkaria istera sartu zen unean etxean zen Mikel, goizaldeko ordu biak inguruan izan zen. “Goizeko bost eta erdiak aldera deitu zidan Bergarako lagun batek Guardia Zibilaren operazioaren berri emanez eta jakin bezain laster lankide batzuei deika hasi nintzen” azaldu du Lizarraldek.

Margari Eizagirre zestoarra ere bertan zen lanean dokumentazio sailean. Azpeitiko lankide batek gertatutakoaren berri emateko deitu ziola dio Eizagirrek eta goizeko zortzietarako langile ia guztiak han zeudela.

Goizean zehar langile gehiago hurbildu ziren Andoaingo Martin Ugalde parkera. “Dena Guardia Zibilez josita zegoen, gure lantokiko ateak itxita zeuden eta ezin genuen gerturatu ere egin. Bulego barruan gure arduradun eta zuzendariak zeuden eta polizia miaketak egiten ari zen” adierazi dute Egunkaria-ko langile ohiek.

Langileek argi zuten hurrengo egunean egunkari bat atera behar zutela. Garai hartan, Egunkaria-ren zati ziren Egunero izeneko eskualdeko egunkari batzuk zeuden eta  Tolosaldeko Egunero erabili zuten hurrengo eguneko alea argitaratu ahal izateko. Langile batzuk buru belarri hasi ziren egunkari hori idazten eta beste batzuk berriz, pankartak egin eta mobilizatzen hasi ziren.

“Gizarteak izan zuen erantzunarekin gogoratzen naizen bakoitzean hunkitu egiten naiz, oilo ipurdia jartzen zait. Euskal Herriko erakunde gehienen partetik izugarrizko babesa jaso genuen, baina batez ere, gizartearen babes osoa sentitu genuen. Egun haietan gure lantokitik hamarnaka talde pasa ziren, kultur, kirol zein komunikabideetako hainbat ordezkari izan genituen bertan. Itxiera ostegun batean izan zen eta bi egun geroago, inoiz hemen egin den manifestaziorik handiena egin zen Donostian.” azaldu du Lizarraldek.

Zestoako herriak ere sekulako erantzuna izan zuen. Egunean bertan batzar bat egin zen Udaletxe azpian eta Egunkariaren aldeko batzorde edo talde bat ere sortu zen. Inauteriak ziren garai hartan eta jende asko mozorrotu zen Egunkaria-ren itxieran inspiratuz. Gaur egungo Santakutzetako “Aldrebesak” taldea ere orduan sortu zen, hasiera batean Egunkaria-ren aldeko taldea zen.

Guardia Zibilaren operazioaren ostean, langabezian gelditu ziren Eizagirre eta Lizarralde. Hilabete batzuk beranduago ordea, Berria egunkaria sortu zen eta pertsonala osatzerako orduan kontutan hartu zituzten.