Albisteak

EH Bilduk atzo Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldiaren inguruko balorazioa egin du

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten atzo, osteguna, Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeak bidegorriaren proiektuaz galdezka. Diputazioak proiektua egintzat eman  eta bidegorriaren inguruan erantzunik ez jasotzea salatu dute. Gaur arratsaldean, Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak; Mikel Arregi ‘Ertxin’ Zestoako EH Bilduko Udaleko zinegotziak; eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak agerraldi honen inguruko balorazioa egin dute Arroabeko Kultur Etxean.

Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak azaldu du euren asmoa alderdikeriak alde batera utziz benetako saiakera bat egitea dela. Horretarako, ebazpen proposamen bat sartuko dute Batzar Nagusietan, ahal izanez gero, aho batez onartutako proposamena. “Batzordetan gai honek bailararentzat duen garrantzia azalduko dugu. Ebazpen horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat legealdi honetan bidegorria egitea lehentasunezkoa izan beharko lukeela agertuko da” adierazi du Albizuk. Hau lortzen ez badute, Ahal Dugu-rekin testu adostu bat lotzen saiatuko direla azaldu du batzarkideak, testu horrek bailara guztiko babesa izatea. “Adostasun zabala lortu behar dugu hau aurrera ateratzeko. Hiru urte ondoren ezin dugu itxaroten jarraitu, orain da momentua” azaldu du Albizuk. Uda baino lehen gai honen inguruan Batzar Nagusiek duten iritzia jakin nahi dutela adierazi du batzarkideak. “Uda ostean, diru hori aurrekontuetan ikustea nahi dugu, diru hori ez badago, 2019an ez da gauzatuko proiektua”.

Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak adierazi du, ” Zumaiako Udal Gobernuari dei bat egin nahiko genioke beste erakundeekin batera eta modu koordinatuan ahalegin guztiak egin ditzan, hurrengo Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuetan Bidegorria aurreikusia izan dadin. Benetan indarrak hor jar ditzala PNVek eta dagokion botereak”.

Mikel Arregi Zestoako EH Bilduko zinegotziak bidegorriak herritarren ongizatean duen garrantzia azpimarratu du. Aurreko legealdian Zestoako Udalean aurrekontu parte hartzaileen bitartez eta beraz, herritarrek hala erabakita, diru partida bat bidegorriarekin jarraitzeko lanei esleitzea erabaki zela azaldu du. Legealdi aldaketan partida hori bertan behera gelditu zela eta aurrekontu parte hartzaileetatik zetorren diru kopuru hura Udalak Aldundiari ez ziola exijitu adierazi du Arregik. “Ez da inolako kudeaketarik egiten eta diru hori ez berreskuratzeaz gain, utzikeria dezente dagoela ohartzen gara”.

“Arroako herri ekimenari esker lortu da gaia berriz ere lehen planora ekartzea eta guk ez dugu axolagabekeria hau ulertzen” azaldu du zinegotziak. Udaletxe batean Udal Gobernuak gai honi benetako garrantzia eman beharko lioke, “egitea posible dela iruditzen zaigu”. “Gipuzkoako Aldundiak mugitzen dituen diru kantitateak eta aurrekontuaren bolumen orokorra ikusita, hau egingarria da eta gainera epe motzean. Beraz, instituzio guztiei, Zestoako Udal Gobernua barne gai honi behar bezalako garrantzia emateko eskatzen dugu” adierazi du Arregik.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide