Albisteak

Ekainberrik 300.000 bisitaritik gora izan ditu hamar urtean

Ekainberrik ateak ireki zituenetik hamar urte bete ziren atzo, asteartea. 2008ko irailaren 11ean jaso zituen lehen bisitariak erreplikak eta ordutik, guztira, 302.542 pertsonek ezagutu dituzte Gizateriaren Ondare diren Ekain kobazuloko margoak.

Aurtengo udako datuei dagokienez, bisitarien kopuruak %12,5 egin du gora. Igoera “oso garrantzitsua” dela azpimarratu dute Ekainberriko arduradunek. “Zestoako kultur baliabidearen datuek gora egin dute, aurtengo eguraldiak, eskaintzaren aniztasunak eta berrikuntzek lagunduta” azaldu dute. Ekainberrik, guztira, 5.868 bisitari izan ditu eta Lili Jauregiak, berriz, 646 bisitari.

Uda honetan, bisitariek “Ekain Abentura” esperientziaz gozatzeko aukera izan dute. Hau izan da berrikuntza nagusienetako bat. Esperientzia honetan, bisitariek, Historiaurrea bere osotasunean bizi ahal izan dute. Orain dela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten ikusi, sua nola egin edo nola ehizatzen zuten ikusi dute. Aurten, gainera, pottokak izan dira Ekainberriko zelaian.