Albisteak

Ekainberriren 10. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu dute

10 urte beteko ditu Ekainberri museoak datorren irailaren 11n. Atzo aurkeztu zuten urtemugaren harira antolatuko dituzten ekitaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zestoako Udaleko, Araziko, Aranzadiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Otsaileko bigarren astean hasi eta urtemugako egunera arte izango dira ekintzak.

Otsailaren 18an Kobaz Koba Trail probaren III. edizioa ospatuko da. Aurten ere bi proba izango dira bertan, Artzei bidea (13 km) eta Zaldei bidea (25 km). Izen ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean. Martxoaren 18an Lurpea IX. Koben eguna ospatuko da Ekainberrin eta hilabete guztian zehar tailer bereziak izango dira bertan.

Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunaren baitan programazio berezia izango da museoan. Ekainean aldiz, urtero legez, Ekainfest jaialdia ospatuko da. Aurtengoa IX. edizioa izango da eta eguna aurrerago zehaztuko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Uztailaren 7an Ekain gizateriaren ondare izendatu izanaren ospakizun festa izango da eta hilaren 20an Europako arte labarren errepliken kongresuan hartuko du parte Ekainberrik. Azkenik, irailaren 11n museoaren 10. urtemugako festa ospatuko da.

Zestoako hainbat tokitan kobazuloaren barruan dauden margoak ikusgai izango dira eta herrigunean zapiak jarriko dituzte. Ekainberriko logoari berrikuntza bat gehituko diote gainera, 10 zenbakia jarriz.

 

 

Bisitari kopurua gora 

Ekainberrin izandako bisitari kopurua hazi egin da beste urte betez, 31.382 erabiltzaile izan dira bertan. 2016arekin alderatuz %11,13ko igoera izan du bisitari kopuruak. Ekainberri bisitatu dutenek “Ekain Abentura” edo “Hartza Gipuzkoan” erakusketa ikusteko aukera izan dute, besteak beste. Erreplika zabaldu zenetik 293.779 erabiltzaile izan dira bertan

Ekainberri bisitatzeko aukera asteartetik ostiralera 10.00etatik 18.00etara eta asteburu eta jai egunetan 10.00etatik 19.00ra duzue.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide