Ekainen negarrez

Pasa den ostiralean, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barruan, haitzuloen erreplikei buruzko ikastaro bat antolatu zen Zestoako bainuetxean. Besteak beste, Altamira, Chauvet, Lascaux eta, nola ez, Ekain izan zituzten hizpide. Ekaingo erreplikaren lanek izan zituzten gorabeherek doktoretza tesi bat egiteko adina emango lukete, eta gauza asko etorri zitzaizkidan burura lehen aipatutako ikastaro horretan, baina bat bakarra ekarriko dut hona: 2001. urtean, Jean Marie Auel Ekaingo haitzuloa ikustera etorri zenekoa. Zein da Auel? Ba, Auel idazle estatubatuar bat da eta sei liburuko saga edo historia bat idatzi zuen (Los hijos de la tierra).

Leize hartzaren klana zuen izenburua lehendabiziko aleak. Ayla Cro-Magnon neskatoak lurrikara baten ondorioz bere familia guztia galdu eta Neanderthal talde edo klan batek babes emango dio. Creb xamanak eta bere arreba Iza kuranderak alabatzat hartu eta euren klanaren ohitura eta bizimoduan heziko dute. Hastera doan neurrian, neskatoak hainbat arau urratu egiten ditu, esate baterako, emakumeek ehizan egiteko debekua, baina denboraren poderioz tribuak onartu egingo ditu Aylaren jarrera ez-ohiko horiek. Lehen liburu haren ondoren, beste bost argitaratu zituen, denak historiaurreko Europan kokatuak. Mundu osoan 45 milioi ale saldu omen ditu dagoeneko eta hizkuntza mordo batera itzuliak daude (euskaraz oraindik ez, nik dakidanez). Auel-en lanak ikaragarri dokumentatuak daude eta hainbat ikerlariren aholkuak kontuan edukitzeaz gain, kokapenak zuzenean, bertatik bertara, aztertzea gustatzen zaio idazleari. Horrek egundoko benetakotasuna eta zehaztasuna ematen die bere liburuei eta, jakina, izugarrizko arrakasta izateko aukera.

Ba, kontua da, 2001eko uztailaren 9an, astelehen buruzuri batean, Auel Ekain ikustera etorri zela, beste hainbat ikerlarirekin, Jesus Altunaren gidaritzapean. Idazlea aberatsa zen ordurako (1980eko hamarkada hasierakoa da Leize hartzaren klana) eta hegaldi pribatuan etorri zen Gipuzkoara. Prentsak orrialde osoak eskaini zizkion bisitaldiari eta handik dozena bat urtera ere, artean ahaztu gabe zeukan momentu hura Jesus Altunak, Ahotsak proiekturako egindako grabazioan hainbat xehetasun ematen ditu-eta.

Hunkitu egin nau, negar egin dut zaldien multzoa ikustean”, esan omen zuen haitzulotik irtendakoan, dio prentsak, eta hala baieztatzen du Altunak: “Zaldi multzo handiaren aurrean jarri zenean, negarrez hasi zen. Hura bakarrik ikusi dut negarrez zaldi haien aurrean”. Emakume handia zen Jean Marie eta nahiko lan izan omen zuen haraino joaten, baina ahaleginak merezi izan zuen. Ordubete inguru egon omen zen barruan, zaldiak, hartzak, oreinak eta gainerakoak ikusten. Harrituta geratu omen zen haitzuloa oso egoera onean, ezer aldatu gabe, ikusi zuelako. Batez ere, zaldi haiek margotu zituen artista goraipatu zuen, zaldiak perfektuak zirelako kolorez eta formaz.

Jean Marie Auel penintsulako iparraldeko hainbat kobazulo ikustera etorria zen, eta lehendabizi Ekain bisitatu omen zuen. Altunak dioenez, bisita eta gero, denak bainuetxera joan omen ziren txokolatea hartzera eta hala bukatu omen zen abentura. Hurrengo egunetan, Asturiasera, Kantabriara, Bizkaira joango zen: Leku horiek ikusten ari naiz, datorren liburuan, Aylak –liburuko protagonistak– toki horietaz hitz egin dezan eta hainbat esperientzia bizi ditzan toki horietan”.

Ekainen eta gainontzeko kobazuloetan inspiratuta idatzitako liburuak Margotutako haitzuloen lurraldea du izena (gazteleraz La tierra de las cuevas pintadas). Ayla, protagonista, emakume ezkondua da dagoeneko eta alabatxo bat du. Buru-belarri sartua dago, ordea, gauzak aztertzen eta ikasten, eta ez dio arreta handiegirik eskaintzen bere bikoteari, eta hortik etorriko dira bien arteko hainbat tirabira. Aylak izadia aztertzen du eta leku ezezagunetara bidaiatzen du, horien artean hainbat haitzulotara. Ikaragarri hunkituta geratzen da Ayla lehenengo aldiz margo eder haiek ikustean –Auel bera Ekainen gelditu zen bezala– eta bere arbasoen arte hura ikusteak Amalurrarekin bat sentiarazten du.

Ez dizuet gehiago kontatuko. La tierra de las cuevas pintadas Zestoako liburutegian duzue. Hain liburu mardula izateak (800 orrialde) izutzen ez bazaituzte, proposamen aparta udarako. On egin dagizuela!

Argazkia: Gara, 2001eko uztailak 10 (gainean, gaur egungo argazki berri bat).

Informazioa gehiago, egun haietako prentsan eta Ahotsak proiektuak Altunari egindako elkarrizketan




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide