Albisteak

Ekintzaz jositako ikasturteari ekingo diote gaur Gaztelekuan

Gaur, hilak 4, ekingo diote ikasturteari Gaztelekuan. Ohiko ordutegia mantenduko du. Ostegun arratsaldetan 3. zikloko haurrentzat zabalduko da, 16:30etatik 19:00era bitartean eta ostiral eta larunbatetan, DBHko gaztetxoentzat, 16:00etatik 19:30era.

Lehenengo egunetan, gaztetxoen proposamenak jasoko dira eta hortik abiatuta, ikasturte osoko plangintza osatuko dute. Gaztelekuko arduradunak azaldu du Zestoako Gaztelekuak herriko haur eta nerabeen parte hartzea sustatu nahi duela eta gaztetxoak euren iniziatibak martxan jartzen trebatu nahi dituztela.

Ekintzaz jositako hasiera

Ez da ekintzarik falta izango ikasturte hasiera honetan. Bihar, ostirala, Barbantxo Aisialdi Taldeak antolatuta, jolasak egongo dira Zestoan eta Aizarnan 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara. Gaztez osatutako taldea da, jolasaren bitartez haurren arteko harremanak sustatzeaz gain, euskararen erabilera indartzea, haurrei taldea integratzen laguntzea edota naturarekiko errespetua sustatzea dute helburu.

Urriaren 9an, “itzalekin jolasean” tailerra egingo dute. Parte hartzeko izena eman beharko da 688 684 029 telefonoan. 18:00etatik 19:00etara bitarteko txandan oraindik leku batzuk geratzen direla azaldu du Gaztelekuko arduradunak.

Urriaren 19rako, berriz, “Kimikarin: zientziarekin jolasean” tailerra antolatu dute. Kultur Etxeko atarian izango da, arratsaldeko 17.00etatik 19:00etara. Haurrek eta gazteek zientziarekiko duten ikusmina pizteko ekimena da. Proiektua “Learning by doing” metodologia finlandiarrean oinarritua dago, zientziaren aspektu ulergarriena erakutsiaz eta “ikasketa” eta “dibertsio” kontzeptuekin loturak sortuz. Mondragon Unibertsitateko gazte ekintzailez osatutako talde batek gidatuko du tailerra. Parte hartzeko izena eman behar da 688 684 029 telefono zenbakian.