Albisteak

[ELKARRIZKETA] Aimar Etxeberria: “Estaturik gabeko nazioen arteko elkarlanak urrea balio lezake balizko independentzia erreferendum baten bidean”

Aimar Etxeberria kazetari zestoarra Qebecen dabil egunotan, bere egitekoa GARA egunkariarentzat Eusko Jaurlaritzaren bidaia instituzionalaren berri ematea da.

  • Zer dela eta zabiltza Quebecen egun hauetan?

Igande arratsaldean iritsi ginen Quebecera, eta ostiral arratsalde arte izango gara bertan. Lakuako Gobernuaren bidaia ofizial bat da Quebecekoa, IƱigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua buru dituena. Ni, berriz, bidaia bertatik bertara jarraitzen ari den kazetarien taldeko kidea naiz, GARA egunkariarentzat lan eginez.

Bidaiaren helburu nagusia da Quebec eta EAEren arteko harreman politiko, ekonomiko eta kulturalak sendotzea. Hori horrela, eragile politiko, enpresa eta abarrekin ari dira biltzen Lakuako Gobernuaren ordezkariak.

  • Jaurlaritzak justu orain Quebecera bidaiatzeak esanahi handia al du?

Lehenagotik pentsatutako bidaia zen Quebecekoa, agenda kontuak medio orain arte gauzatu ez dena. Quebec, Euskal Herria bezala, estaturik gabeko nazio izateak egiten du bidaia are interesgarriagoa. Bi independentzia erreferendum egin dituzte Quebecen, bata 1980an eta bestea 1995ean, eta biak galdu ditu independentismoak. Katalunian gertatzen ari denarekin, gainera, arreta berezia hartzen du bidaia honetan erabakitze eskubidearen kontuak, Quebec, maiz, aipatu eskubidearen egikaritzeari dagokionez eredu bezala hartu izan baita.

Quebecek, baina, Eskoziak ez bezala, ez du behin ere Kanadako Gobernuarekin aldebiko akordiorik egin erreferendumen harira; alegia, Quebec ez da, saldu izan diguten bezala, aldebikotasunaren adibide perfektua. Beste gauza bat da Ottawak Madrilekin alderatuta mantendu izan duen jarrera demokratikoa.

  • Zer azpimarratuko zenuko oraingoz bidaiatik?

Alde positibo eta negatiboak ikusten dizkiot gaur arte bidaiari. Onerako harritu nau, adibidez, hedabide ezberdinentzat lan egiten duten kazetarien artean dagoen giro sanoa; bakoitzaren ikuspuntua ezberdina izanagatik elkartasun harreman bat gailentzen da. Ugariagoak dira, agian, ikusten ditudan detaile negatiboak.

Hasteko, ez dut jakin ere egin nahi ostatu hartzen ari garen hoteletan gaua igarotzeko ordaintzen ari garenaz. Zeren premia dago, adibidez, Hilton etxearen hotel batean ostatu hartzeko? Gustatzen ez zaidan beste elementu bat da lehendakariaren eta bere taldearen esklusibotasuna. Gaurkoarekin hiru egun egin ditugu elkarrekin eta esku bakarrarekin konta nitzake lehendakariarekin egon naizen aldiak. Ez da kritika politikoa, pertsonala baizik.

Kontuak kontu, baina, EAErentzako positiboa suerta daitekeen bidaia batean nagoela iruditzen zait. Sarri erreparatzen zaio alderdi ekonomikoari gisa honetako bidaietan, baina azpimarra berezia egingo nioke, adibidez, alor kulturalari ere. Eta zer esanik ez politikoari; estaturik gabeko nazioen arteko elkarlanak urrea balio lezake balizko independentzia erreferendum baten bidean, zer esanik ez hurkoak azken 40 urteotan bi egin dituenean.

Argazkiak: Mikel Arrazola | Irekia




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide