Albisteak

[ELKARRIZKETA] Enaitz Ibarguren “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere” proiektuaren inguruan

Kontxi Lopetegi eta Mikel Ibarguren zestoarren seme Enaitz Ibarguren, “Oxigenoa euskarari 6000 metrotan ere” proiektuan murgilduta dabil. Hemen proiektuaren inguruan Enaitzi egindako elkarrizketa:

Proiektua nola sortu da, noren ideia izan da eta zeintzuk dira helburu nagusiak ?

Ideia hau « Mendiak eta Herriak » elkarteko Felipe Uriarte mendi gidariari bururatu zitzaion. Bere asmoa da Euskal Herriko herrialde guztietako gazteez osatutako talde bat Himalaiara eramatea. Proiektuaren izena « Oxigenoa euskarari 6000 metrotan ere » da eta helburua euskara Himalaiara eramatea da eta euskara mendiaren unibertsoarekin lotzea. Eta bide hori egiten laguntzeko Nepalen xerpa gazteez osatutako talde batekin harremanetan jarriko gara geure hizkuntzak elkar trukatzeko. Asmoa da guk xerpa hizkuntzaren oinarrizko hiztegi bat ikastea eta haiek euskarazkoa, gure artean komunikatzeko. Pixkanaka ari gara xerpa hizkuntzako hitz batzuk ere ikasten : milesker  « Xe xe », bai « leu », ez « uxi », ura « txu », esnea « oma » etabar. Zeharkaldia urriaren 11tik azaroaren 10era izango da eta Imja, Khumbu, Gokyo eta Thame bailarak zeharkatuko ditugu eta Island Peak eta Lobuje Peak 6000 metrotako mendiak igoko ditugu.


Orain proiektuaren zein fasetan zaudete edo zertan ari zarete, nola finantzatuko duzue proiektua ? Proiektua gizarteratzeko babes taldeak osatu ditugu eta momentu honetan finantzaketa eta komunikazio fasean gaude eta horretarako komunikabide ezberdinekin harremanetan gara gure proiektua ahalik eta gehien zabaltzeko eta kamisetak saltzen ere ari gara dirua lortzeko. Bestela, hilabetero gure arteko bilkurak egiten ditugu proiektuaren jarraipena egin eta gure artean ere ezagutzen joateko. Bilkura horietan alde batetik  bidaiari buruzko xehetasun guztiak  zehazten  joaten gara, hegaldirako txartelak, mendiko materiala, aseguruak, Sagarmatha Parke Nazionalean sartzeko baimena, bisa eta bestelakoak lotzen joateko eta bestaldetik finantzaketaren eta mediatizazioaren jarraipena egiten dugu. Finantzaketarako babesle kanpaina bat jarri dugu abian eta instituzio, denda eta enpresa ezberdinetara joaten gara sustengua eskatzera. Crowdfunding edo finantzaketa parte-hartzailea osatzen ari gara eta gure proiektuaren jarraipena egin nahi duenak Facebook orrialdea ere badugu « Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere ».

Proiektuan zenbat lagun zaudete, zein adinetakoak eta nongoak zarete ?

Proiektuan momentu honetan 13 lagun gaude, 16-18 urte bitartekoak gara guztiok. Oñatiko 4, Laudioko 2, Orozkoko 2, Irunako 2 eta Lapurdiko 3 gaztek parte hartzen dugu proiektuan. Gurekin batera ere Mikel Fernandez kameralaria dago eta berak proiektuaren filmaketa guztia egingo du gero bideo bat egiteko asmoarekin.

Eta zu zergatik animatu zinen edo nola jakin zenuen proiektuaren berri ?

Proiektu honen berri Lizeoan izan nuen Felipe Uriarte etorri baitzen proiektuaren berri ematera. Hasiera batean jende gehiago zegoen baina azkenerako Eneka, Gexan eta ni gelditu ginen proiektuan aurrera egiteko gogoarekin. Proiektu honen berri izan nuenean berehala sentitu nuen bertan sartzeko gogoa, izan ere mendia maite duen batentzat Himalaiara joatea eta adin honekin gainera, sekulako aukera dela uste dut. Bizitzan askotan izaten ez diren aukera bat dela iruditzen zait. Mendia gustuko dudanez Himalaia ezagutzea eta hango xerpa gazteekin hilabete batez elkarrekin bizitzea aberasgarria izango dela ez dut dudarik. Ametsa errealitate bihurtuko litzateke.

Zein paper jokatzen du euskarak proiektu honetan?

Euskara gure proiektuaren ardatza da, proiektua euskaraz eta euskaratik egiten baitugu. Proiektu honetan gazte euskaldunez osatutako talde batek euskara eramango du Nepalera eta hango gazteekin harremanetan jarriko da elkartruke kulturala egiteko. Hor dago desberdintasuna, ez goaz trekking huts bat egitera, ez goaz esku hutsik, baizik eta euskara ahoan hartuta beste kultura baten bila goaz, bi herri eta bi hizkuntza elkar gurutzatu eta gure arteko topaketa egiteko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide