Albisteak

[ELKARRIZKETA] Naroa Agirre “Hasieratik genuen buruan hirutik hiru urre irabazi behar genituela eta horri eustea izan da erronka nagusia”

Europako VI. Pilota txapelketa egin zen apirilaren 2tik 7ra Portugalen. Emakumezkoetan hiru modalitatetik hiru urrezko domina irabazita sailkapen orokorreko txapeldun eta gizonezkoetan modalitate guztietan dominak lortuta sailkapen orokorreko azpi-txapeldun geratu da Euskal Pilota Selekzioa. Bertan Euskal Selekzioaren taldekide aritu da Arroagoiko Naroa Agirre. Etxera itzulita txapelketa nola bizi izan duen konatu digu.

1. Zorionak Portugalgo Europako pilota txapelketan lortutako emaitzengatik. Nola sentitzen zara taldean urrezko hiru domina irabazi ondoren?

Eskerrik asko, egia esan sekulakoa egin genuen, hirutik hiru urre irabazi genituen eta mutilek berriz, hiru brontze eta urrezko domina bat lortu zituzten. Euskal selekziokoak izan ginen modalitate guztietan domina bat eskuratu zuen talde bakarra, eta horrekin oso harro gaude.

Nik uste dut jokalari guztiok nabaritu dugula, lehenengo aldiz 2019an Europako Junior txapelketa juniorrean parte hartu genuen lau jokalariek, behintzat, taldea hobetu egin dela. Valentzia eta Herbehereak izan ziren orduan agintzen zutenak, baina lehengo urteko Mundialean baita Europarrean eta aurten ere ikusi da Euskal Selekzioko emakumeak nagusi izan garela.

Orokorrean, hobekuntza sumatu dugu eta beste herrialdeek talde fuertetzat gaituzte Euskal Herrikoak.


2. Esango al diguzu zer modalitatetan lehiatu eta irabazi zenituen dominak? Zein izan zen erronka handiena zuretzat eta zure taldearentzat?

Aurtengo txapelketan, bi modalitatetan parte hartu dut nik, Joko internazionala eta Pilota portugesa. Gutaz aparte beste taldeak ere hobetu egin dira, bereziki Italiak sorpresa handia eman zigun guztioi. Lehenengo erronka pilota Internazionalean irabaztea izan zen, baina hasieratik genuen buruan hirutik hiru urre irabazi behar genituela eta horri eustea izan zen erronka nagusia.

 

3. Zure ustez, zer rol du talde-lanak euskal pilotaren arrakastan? Nola deskribatuko zenuke zure taldearen dinamika txapelketan zehar?

Txapelketa bukatzean, nik uste dut, guztiok hausnarketa bera egin dugula: talde lanak pisu izugarria daukala. Azkenean, txapelketan jolastu ditugun modalitateetan gu ez gara urtean zehar ibiltzen eta presio handia dago jokatzen ari zarenean. Tentsio handia bizitzen da batez ere berdinduta zoazenean edo partida gogorra doanena. Joko Internazionalean adibidez, jokalari guztiek egiten dute sakea. Sake ona egiteko karratu batetik beste karratu batera bota behar duzu pilota eta jokalari guztiak pasatzen garenez hortik, denok dakigu ze presio eta tentsio pasatzen den. Horregatik oso ondo jakin izan dugu elkarri animatzen eta behar den lasaitasuna transmititzen, kale egin ezkero taldekideari ez leporatzen, animatzen eta partidan kontzentratuta mantentzen. Emaitzaren zati handi bat jokalariek egin dugun talde lanari dagokio, guztiok bat egin dugu, bai mutilak bai neskok horretan saiatu gara.

4. Nolakoa izan zen euskal taldearen prestakuntza txapelketa honetarako? Izan al zen jolasetan zehar bereziki hunkigarri edo zaila bezala azpimarratuko zenukeen uneren bat?

Lehenengo, aukeraketa bat egon zen, hasieran jokalari gehiago gauden eta sei neska izan ginen aukeratuak. Orduan Gipuzkoan eta Bizkaian entrenatzen jarraitu genuen. Bereziki zaila izaten da eta tentsio une gehien bizitzen dira, berdinduta zoazenean. Italiaren kontra bost sei irabazi genuen, Valentziaren kontra ere beti oso justu ibili ginen. Une horiek, tentsioarekin bizitzen dira zergatik nahiz eta set bat nahiko erraz irabazi, gero gertatu daitezke hurrengo biak besteek irabaztea. Azkenean une bat baino gehiago izan da zaila eta pixkana pixkanaka guztion artean egin dugun lan hori izango litzateke txapelketa honetan azpimarratuko nukeena.

5. Europako txapelketan arrakasta izan ondoren, zeintzuk dira zure hurrengo helburuak edo erronkak pilotari gisa? Etorkizunean nazioarteko beste txapelketa edo lehiaketa batzuetan parte hartzea duzu buruan?

Azken txapelketa Europarraren ostean 2026ra begira jarri gara denok, Argentinan izango da mundiala. Nere helburua izango litzateke Argentinarako prestatu eta aukeratua izatea. Baina bitartean Euskal Herrian jarraituko dut pilotari gisa dena ematen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide