Erentxun eta liburu xarmangarriak

Atzo asteazkena, Bilboko Arte Eder museoan, Morales pintoreari buruzko bigarren eta azken hitzaldia entzuten. Aurretik, ordea, Astarloa liburu zaharren dendara joan nintzen shopping pixka bat egitera. Oso gustukoa dut liburu artean zokomiran ibiltzea eta, bidaietan-eta, nahi izaten dut liburu-dendatara sartu-irtenen bat egitea, endemas bakarrik banaiz bidaian. Txiki-txikitatik atsegin izan ditut liburuak, objektu gisa (usaina, papera, koadernazioa, diseinu grafikoa…), eta zer esanik ez irakurtzeko.

Askotan jarri naiz pentsatzen eta pena ematen dit nire liburutegiak zer etorkizun izango duen ikusita: martxa honetan nirekin batera hilko da nire liburu bilduma, eta liburu zaharren saltokietan sakabanatuta amaituko du. Baina batzuetan esaten diot neure buruari: “Zer kezkatzen haiz? Heuk orain bezala, etorkizunean beste batzuk ere une eder askoak pasako ditiztek liburu artean ikusmiran, tartean hire liburuetan”. Hala izan dadila!

Kontua da Astarloan ibili nintzela ordu pare bat, den-dena arakatzen, baina batzuk garestiak zirelako, beste batzuk nire interesekoak ez zirelako, ez nuen erosketa ikaragarririk egin. Besteak beste, Joan Erentxunen Apuntes históricos de la villa de Santa Cruz de Cestona erosi nuen, 1948n argitaratua, eta horrexek eman dit lerro hauek idazteko hizpidea.

Liburua, berez –alegia, garai hartan argitaratu zen bezala erosiz gero– oso itxura xumekoa da, azal bigunekoa eta orriak hariz jositako koadernoz osatuak izan beharrean, grapatuta daude. Baina nik erosi dudanari, ordea, koadernazio bikaina jarri dio norbaitek, antzinako modura. Ia oraintxe arte (XX. mendearen erdi aldera arte), liburuak askotan rústican (paper-azalez) eginak izaten ziren, eta erosi eta gero, jabeak koadernatu egiten zituen. Honako honetan, koadernazio ederrak testuak duen garrantzia eta interesgarritasuna bere tokian jartzen ditu, alegia, testua (mamia) eta azala maila berdinean.

Tela itxurako paper marroi argizko azala du Erentxunen liburuak, eta bizkarra larruzkoa; bertan, autorearen izena eta izenburua dauzka, urre kolorekoak hondo beltzean, eta lerrotxo dekoratibo fin batzuk, urre kolorekoak horiek ere. Arte Ederretako museoko hitzaldia hasi bitartean, pixka bat eskuetan ibili nuen liburua eta ekitaldia amaitutakoan poz pozik etorri nintzen etxera.

Liburuek, objektu gisa, duten erakargarritasuna asko handitzen da barruan ere, testuaz aparte, gauza deigarriren bat baldin badauka: ezagun baten sinadura, esaldi aipagarriren bat idatzita, marrazkitxoren bat, testu batzuk azpimarratuta… Nire bizitzan zehar erosi izan ditudan liburuetatik, baditut batzuk oso aipagarriak: esate baterako, Emaus-en erosi nuen Gladys-ek irakurritako eta azpimarratutako Unamunoren San Manuel Bueno Mártir. Buenos Airesen Zweig-en “Cinco momentos estelares...” oso berezi bat erosi nuen; Gasteizen, Jose de Arteche-ren bat ere bai… Azken bi horiei buruz zerbait gehiago kontatuko dizuet, bitxikeriarako aukera ematen dute-eta.

Buenos Aires, 2005eko iraila. Arratsaldea El Túnel liburu-dendan. Hasieran liburu zaharren denda arrunta iruditu zitzaidanak nirekin harremana duten hainbat gauza ditu: Azorinen batzuk (kosta egiten da Azorin aurkitzea Buenos Airesen), De Sanctis-en Historia de la Literatura Italiana, Drioton eta Vandier-en Egipto, Menéndez Pelayo-ren Heterodoxos Españoles. Galdetzen diot saltzaileari ea zergatik ikusten diren liburudendatan Múgica Lainez-en hain liburu gutxi; erantzuten dit arrazoi politikoak daudela tarteko. Barojaren gauza batzuk ere ikusten ditut.

Azkenean, lauzpabost liburu ikusten ditut oso tela ikusgarri batekin enkoadernatuak: bat Dostoievski-ri buruzkoa, bestea idazle beraren obra bati buruzkoa, Le Notre-ren Vida de Napoleón, Zweig-en Cinco momentos estelares de la Humanidad… Horretan, atentzioa ematen dit hasierako orrietan eskuz idatzita daukan testuak, honelako zerbait dioena: “Valentzian irakurria 1938ko urtarrilean, oso eleberri polita da”; Miguel de Molinak sinatzen du. “Hara, zer bitxia!”, pentsatzen dut; gizon honek Buenos Airesera egingo zuen ihes gerra denboran eta liburu hauek ekarriko zituen berekin. Liburu saltzaileak argitzen dit Miguel de Molina kantariarenak zirela. Nire kapritxoak oraindik gehiago irabazten du. Eta ez da garestia, 25 peso (8 bat euro).

Gasteiz, 2007ko ekainak 2. Denbora dezentean nenbilen El abrazo de los muertos-en bila. Artecheren Un hombre de paz idazlan-bilduman irakurri nuenetik nenbilen atzetik. 2007ko ekainaren 2an, Gasteizko liburu zaharren ferian, Iratxe liburu-dendaren txosnan, hantxe, aurkitu nuen. 30 euro ordaindu eta saltzaileak esan zidan: “¿Has visto de quién era el libro?” Bai, konturatu nintzen erosterako: “J. M. Elosegui, G 3, C 130” jartzen zuen. Nik esan nion: “Sí, pero con los Elosegi me confundo porque hay varios: el de Aranzadi…” Berak esan zidan, orduan: “J. M. Elosegui, galería 3, celda 130”. “Ai la ostia! –esan nion– es de Elosegi el político“ eta berehala etorri zitzaidan burura, eta saltzailearekin konpartitu nuen, Franco zegoen lekura salto egin zueneko hura, bere buruari su eman eta Francorengana saltatu zueneko hura.

* * *

Testuko aipamen batzuk hobeto ulertzeko ohar biografiko batzuk (wikipediatik hartuak):

Gladys del Estal donostiar ekintzaile ekologista bat izan zen, guardia zibil batek tiroz erail zuena Tuteran egiten ari ziren protesta antinuklear bat erreprimitzean.

Miguel de Molina oso kopla kantari ezaguna izan zen. Gerra garaian, errepublikanoei laguntzeagatik eta homosexuala izateagatik jipoi gogorra eman zioten kalean eta, horrez gain, arazo handiak izan zituen frankistekin; horregatik Buenos Airesera aldegin zuen.

Joseba Elosegi. 1970eko irailaren 19an, Donostiako Anoeta pilotalekuan, Francisco Franco Munduko Pilota Txapelketako partida bat ikusten ari zela, Elosegik bere buruari su eman zion eta bigarren galeriatik kantxara jauzi egin zuen, «Gora Euskadi askatuta» oihu eginez, diktadoreari Gernika suntsitu zuen su kiskalgarria ikustarazteko asmoz. Hamazazpi egun izan zen hilzorian, eta zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten (horietatik hiru egon zen kartzelan). Presondegian zegoela, Quiero morir por algo liburua idatzi zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide