Erloju eta ermitaren zaharberritzea ospatzeko ekitaldia

Espresuki beretzat eginiko txoko berrian hasi da lanean  berriro Santa Engraziako   erloju zaharra. Berrestrukturatze lanak direla eta 10 hilabetez kanpoan egon ondoren itzuli da bere txokora.  Seguru  irrikitzen zegoela  bere etxera  itzultzeko, gizakiak erietxetik  itzultzeko gogoa izaten duenean bezala.

Gertakari hau ospatzeko ekitaldi berezia zegoen antolatuta uztailaren 2an: meza, bedeinkapena, hitzaldiak, musikariak, pintxoak eta abar.  Jendea ermitara igotzeko garaian eguraldiak ere  lagundu zuen, esan behar  eguna nahiko txukuna irten zuela. Hau egiaztatzen duen bideoari egin begirada bat behean, bertan ondo ikusten da egun horretan tontorrean zegoen giroa.Irudiak ez dira hain onak, barneko argia ermita guztietan bezala iluna baita.

Berrikuntza honetan lanean jardun direnei  oroigarri bat oparitu zien alkateak eta eskertu ere bai egindako lanak. Apaizak ere  eskerrak eman zituen  Aizarnako Parrokiaren   izenean. Honek garai bateko sermoi aspergarriak utzi eta gaur egun gizarteak dituen baloreak goraipatu zituen, nahiz sinestunak edo bestelakoak izan.  XXI. gizaldiak behar dituen apaizetako bat dela esango nuke. Yeregik erlojuaren berri eman  zuen eta  ermitak duen itxura berria lortzeko zenbat ordu lan egin diren  azaldu ere bai. German Zelaia, bailarako bertsozaleak,  bertsotan azaldu zuen  auzolanak duen balorea eta ermitak hartu duen balio erantsia lortzeko lan egin duten guztiei eskerrak eman ere bai.

Ekitaldia  aurkezten  Fernando Arzailus izan genuen.  Honek gai hauetan eskarmentu handia baitu eta aipatu gabe ezin utzi tontorra alaitu zuten trikitilari, txistulari, txalapartari eta Aizarnako parrokiko korua. Aldi berean mokadu goxoak prestatzen aritu zen taldea ere bai. Ekitaldia amaitzerakoan, Fernando Arzailusen  eskutik, merezitako eskerra jaso zituzten lan talde guztiek eta bertara hurbildu ziren guztiek ere bai.

Aspaldian erloju honekin egin diren lanen berri asko idatzi eta entzun dugu komunikabideetan,  gehiegi behar bada. Erakusketak direla, jasotze prozesuko dokumentalaren  grabaketa dela, inauguratze eguneko ekitaldia… Batek baino gehiagok esango zuen honez gero, hauek erlojua konpontzen ari dira edo propaganda egiten  erlojuarekin.  Pixka bat luzea egin dela esan beharra dago, baina  amaitu dira lanak eta beste urte pila batean jarrai dezala isil-isilik, ordua adierazteko kanpai hotsekin bakarrik.

Beti ere nire ikuspegitik jakina, kanpai hots hauek  gustuko izango direlakoan nago bailaran.   Betidanik ermita ezagutu eta  entzun dituztenentzako  batik bat, eta  ermitak jaso  duen balio erantsia datozen belaunaldiak ezagutu ahal izateko alegia. Denok dakigu ermita honen jabegoa elizak duela, baina elizarena edo publikoa izan,  Aizarnak duen historia luze bat darama barruan eta  zaintzea merezi duena.

Mendi tontor honek duen xarma ermita dagoelako bakarrik ez luke izan behar, lagundu egiten du jakina eta erlojua ikusteko aukerarekin gehiago oraindik.  Seguru   gure arbasoek  eraikuntza hau ez zutela egin jainkoarekin bakarrik pentsatuta.  Beraz,  fededuna izan edo ez, denok daukagu eskubidea  eraikuntza eta tontor honetaz gozatzeko.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide