“Erraustegiaren kontrako eta osasunaren aldeko” giza-katera joateko deialdia

Erraustegiaren kontrako eta osasunaren aldeko giza-katea egingo da maiatzaren 29an Donostian, Onkologikotik Aldundira. Gipuzkoako herri guztietan ari dira bertaratzeko deialdiak egiten, eta Zestoan ere herritar talde bat ari da giza-katera joateko autobusa antolatzen. Guneka egongo da antolatuta katea, eta zestoarroi Urgentziak eta Ilunbe arteko gunean egotea tokatu zaigu. 11:30ean izango da eta milaka pertsona elkartuko gara bertan.

Ezetz esango diogu erraustegiari, ez dugula behar eta ez dugula nahi; ez Zubietan eta ez inon. Ez dugu gure eta gure ondorengoen osasuna arriskuan jarri nahi, eta ezin diegu gure seme-alaba eta bilobei etorkizuna lapurtu.

Esan diezaiogun guztion artean erraustegiari ez! Eta egin dezagun guztion osasunaren alde!

Larunbat honetan, maiatzaren 21, giza-katera joateko apuntatzeko mahaia jarriko dugu Erdi Kalean eguerdian eta arratsaldean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide