Erregeak Zestoan

Gauza jakina da, historian zehar, Espainiako hainbat errege eta haien familiak Zestoan izanak zirela. Oso atzera joan gabe, 1830eko uztailaren 8an Francisco de Paula printzea (Fernando VII.aren anaia), bere emazte Maria Carlota, seme-alaba eta zerbitzariak (guztira 23) Zestoara heldu ziren, Gesalagako urak hartzera.

Jakina da, baita ere, 1883an eta 1884an Isabel II.a erregina izan zela Zestoan, Pedro Egaña bisitatzen, Laranjadin.

1928ko abuztuan, berriz, Maria Cristina erreginak bisitatu zuen Zestoa, bere seme Alfonso XIII.a erregearekin batera. Besteak beste, Oyarzabal hotelean tribuna bat eraiki zuten eta bertatik bibaka aritu ziren hoteleko bezeroak.

Bisita horiek denak oihartzun dezente izan zuten orduko egunkarietan baina bada, ordea, beste bisita bat komunikabideentzat zeharo oharkabean pasa zena. Izan ere, artean errege izendatu gabe bazegoen ere, 1975eko abuztuaren 14an, Juan Carlos erregea Zestoan izan zen. Hemengo egunkariek ez dute ezertxo ere esaten bisita hartaz, bai ordea ABCk, nahiz eta labur-labur azaldu. Kontua da ordurako Franco nahiko kaskar zebilela osasunez (urte hartako azaroan hil zen), eta, ondorioz, Juan Carlos bere oinordekoaren ibiliak oso diskretuki eramaten ziren, nola Estatuarekin zerikusia zeukaten gestioak hala Borboiaren bisitaldi pribatuak.

Zestoara etortzearen arrazoia bisitaldi pribatu bat izan omen zen, hain zuzen. Juan Carlosek, 1955etik 1959ra bitartean, batxilergoa amaitu ondoren, besteak beste, Zaragozako Akademia Militarrean jaso zuen instrukzio militarra eta han ezagutu zuen, nonbait, soldaduska egiten ari zen zestoar bat. ABCk ez digu ematen soldadu horren nortasunaren berririk, eta ahaleginak egin ditudan arren, ez dut gauza garbirik ateratzerik izan. Dirudienez, Zestoako soldadu gaztea hango Akademiako agintari baten zerbitzari zegoen, eta Juan Carlosek agintari hari egin zion bisitaldi batean ezagutu zuen zerbitzari hura. Denborarekin, konfiantza hartu zioten elkarri eta “amistadea” egin zuten (normala den bezala, Juan Carlosek irekiko zuen bidea, zestoarrak jakingo zuen-eta bestea zein familiatakoa zen eta ez zen asko ausartuko-eta).

Kontua da, 1975eko abuztuaren 14 hartan, errege izateko hiru hilabete falta zitzaizkion hartan, Juan Carlos Zestoara etorri zela soldadu laguna bisitatzera. Esan dugun bezala, egunkariak ez du zehaztasun handirik ematen baina gauza orokor batzuk kontatzen ditu: egun haietan Juan Carlos Donostian omen zegoela, egun batzuk pasatzen Aste Nagusiaren atarian; egun hartan eguraldi bikaina egin zuela eta arratsalde erdian iritsi zela Zestoara kotxe beltz batean baina “de incognito”, alegia, inolako ezaugarririk gabe. Lehendabizi, herriko handiki batengana joan omen zen; dirudienez, handiki hura abisatuta zegoen aurrez. Ondoren, Juan Carlos, herriko handiki hura eta txoferra soldadu lagunaren baserrira joan omen ziren. Han ere, aurrez abisatuta zeuden, nonbait, eta atariko zuhaizpean egin omen zien ongietorria familiak. Bertako ohitura den bezala, sagardo pixka bat eta gazta pixka bat intxaurrekin eskaini omen zieten eta ondoren kafea eta likore pitin bat. Eta ordu erdi eskas pasa ondoren, denei eskerrak eman eta hala joan omen ziren.

Zertaz hitz egin zuten eta gainerako xehetasunik, batere ez. Eta ez dut uste une hartako argazkirik inork gordeko duenik. Tira, biziko ote da Juan Carlosen soldadu lagun hura? Asko eskertuko nuke argibide gehiago ematea.

 

Argazkia: Eski praktikaldiak soldaduskan; atzean honako testu ulertezina dakar: etnet anatzub karrukaxt, etnezuñi”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide