Esbastikak Urola aldean

Gaurko honetan naziak ditugu aipagai. Norbaiti arraroa egingo bazaio ere, nahiko ohikoa zen Gipuzkoan naziak batera eta bestera ibiltzea, are gehiago 1940an Frantziako ipar-mendebaldea, gure Iparraldea barne, okupatu zutenetik. Gehienak Donostia aldean ibiltzen ziren, beren uniforme eta guzti, baina herrietara ere hurbiltzen ziren, hala nola, Irunera, Pasaiara, Lasartera, Hernanira, Oriora, Zarautzera, Getariara… edo Urola aldera. Hemengo familia alemaniarrengana joaten ziren bisitan, leku turistikoak bisitatzen zituzten, tragoxka batzuk hartzen zituzten… Donostian, esate baterako, denda edo establezimendu mordoxka ireki zituzten alemaniarrek, batez ere optika alorrekoak, esbastikekin dotoretzen zituzten eta, batzuetan, naziei diruz laguntzen zieten.

Gure inguruei dagokionez, Danbolin batean kontatu genuen, 1941ean, Gollwitzer jenerala eta beste nazi batzuk Loiolako basilika bisitatu zutela tenplarioen arrastoen bila. Azpeitia eta Azkoitia aldean ere ibili omen ziren. Oilo-ipurdia jartzen zait nazi hauek gure herritik pasa zirela pentsatzearekin bakarrik. Norbaitek ba ote zekien edo esan ote zieten Aizarnan ere bazirela tenplarioen istorioak? Ez dut uste hara joango zirenik baina ez da baztertu behar gure bainuetxean sartu-irtentxo bat egin izana. Non-eta Azkarate aldetik edo Urraki aldetik ez ziren sartu Loiolara. Baina ez, ez dut uste: askoz logikoagoa da Zestoatik barrena joan zirela pentsatzea. Hala balitz, Estazio aldetik sartu eta Etxabe fundizioa, Elosegiren txaleta, Laranjadi eta Erdikale barrena, Kristina eta Oiartzabal hotela… horiek denak pasako zituzten eta hotelez hotel Bainuetxera iritsiko ziren.

Naziek Loiolara egin zuten bisitaz ari ginen. Urte hartan bertan, ekaitz ikaragarri batek Zumaian zubian behera, Urola ibaira, eraitsi zuen kostaldeko trena eta han ere baziren naziak, jendeari laguntzen edo bazterrak nahasten, nork daki. Bosten bat argazki badira, artxibo alemaniarretan, une hura jasotzen dutenak.

Azkenik, naziak gure lurraldean zein erraz ibiltzen ziren erakusten duen beste adibide bat badugu. 1938ko azaroaren 27an, kotxez doa Itziarko errepidean barrena Walter Hilkemann, Kondor Legioko brigada, hegazkinlaria. Gernika bonbardatu zuen Legioa da Kondor, baina ez dakigu Walter haien unitate berekoa ote zen. Arratsaldeko 17:00ak dira. Kotxe istripua izaten du Walterrek eta besahezurra apurtu eta gainera barruko hemorragia izaten du. Zestoako Bainuetxeko ospitale militarreko mediku-zuzendariak egiaztatzen du heriotza, eta hurrengo egunean Zaragozara eramaten dute gorpua. Ez dakigu hango hilerrian lurperatuko zuten; han bada, udalak lekua debalde emanda, alemaniarrentzat propio egindako kanposantua. Akaso han utziko zuten edo agian bere lurraldera, Alemaniara, eramango zuten. Misio ofizial batean ote zebilen gure brigada Itziar-Deba aldean? Bazterrak ikustera joana ote zen? Ez dugu horren berririk.

Adibide txiki batzuk besterik ez dira hemen eman ditugunak. Ikerketa zehatzago batek –ni seguru nago– berehala erakutsiko liguke naziekin lotura zuen makina bat jende lasai asko bizi izan zela estatu espainiarrean zahartzarora arte. Ez da hainbeste denbora hil zela, esate baterako, Wilhelm Beisel Heuss, Donostian nazien partiduko ordezkari izan zena. Eta 93 urterekin hil zen. Hark ederki azalduko zukeen zenbaterainoko babesa jaso zuten Francorengandik Hitlerren laguntzaile haiek, baina jada berandu da. Eta zeinek esaten du jende hura ibili ez zenik gure herrian, gure hoteletan, firin-faran, ezer gertatu ez balitz bezala? Esaten dute kontzentrazio esparruetako –judutarrak eta abar gasarekin hiltzen zituzten esparru haietako arduradunak– oso alaiak eta maitekorrak izaten zirela beren etxeetan, familian eta lagunartean. Tira, hamaika ikusteko jaio gara!

Argazkia: Gollwitzer jenerala eta abar Loiolan. Jatorria: Bundesarchiv – Koblenz

Gai honi buruzko informazio gehiago: Barea Unzueta, Ramón: Gipuzkoa 1940.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide