Albisteak

Eskola txikian auzolanean

Zestoa Herri Hezitzailea lan-taldetik antolatu da auzolana. Badira pare bat urte Zestoa Herri Hezitzailea lan-taldea osatu zela herrian: Herri Eskolako eta Zestoako Udaleko ordezkariez gain, Ekain Guraso Elkartea eta beste hainbat herritarrek osatzen dute taldea.

Joan den ikasturtean guraso batzuk taldearengana jo zuten eskola txikiko ataria oso egoera kaxkarrean ikusten zutela eta auzolanean espazioari txukundu on bat emateko prest zeudela esanez. Esan eta egin, udalak materiala jarri du eta hogeiren bat lagun elkartu dira gaur goizean.

Datozen hiru larunbatetan jarraituko dute auzolanean. Goizeko 9:00etan elkartuko dira Gaztelekuan materiala hartu eta eskola txikira joateko. Esku bat bota nahi dutenak ongi-etorriak izango direla jakinarazi dute.

Harremanetarako: 688 684 029