Albisteak

Eskola Txikien Festako antolatzaileek eskerrak eman dizkiete festa posible egin duten guztiei

Sakulupe Guraso Elkarteko kideak “oso gustora” daude igandean ospatutako Eskola Txikien Festarekin, “aurreko hilabeetan egindako lana azaleratu zela uste dugu” adierazi dute.

Arroara joandako jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek, “ez dakigu zehatz zenbat jende hurbildu zitzaigun, baina asko izan zela argi daukagu. Datu batzuk baditugu: 1300 otarteko saldu ziren gure postuetan, 400 pintxo ere bai. Kantu bazkarian 320 lagunek hartu zuten parte. Beraz, datu zehatzik izan gabe, 2.000 laguneko langa gainduto zela pentsatzen dugu”. Egunean bertan 270 boluntario jardun ziren lanean.

Argazkietan ikus daitekeen moduan, astelehen goizean Arroako eskolako haurrak auzoa txukuntzen jardun dira. Hemen duzue 2017ko Eskola Txikien Festaren antolatzaileek festaren hurrengo egunean argitaratu duten oharra:

Sakulupe Guraso Elkarteko kideak oso gustora gaude atzoko Eskola Txikien Festarekin. Aurreko hilabeetan egindako lana azaleratu zela uste dugu.

Eskerrak ematen hasita zerrenda luzea ateratzen zaigu. Lehenik eta behin, atzo Arroara etorritako familia guztiei. Ez dakigu zehatz zenbat jende hurbildu zitzaigun, baina asko izan zela argi daukagu. Datu batzuk baditugu: 1300 otarteko saldu ziren gure postuetan, 400 pintxo ere bai. Kantu bazkarian 320 lagunek hartu zuten parte. Beraz, datu zehatzik izan gabe, 2.000 laguneko langa gainduto zela pentsatzen dugu.

Egunean bertan lana egin zuten guztiei, auzotar zein kanpotar, 270 boluntario guztira, mila esker, haiek gabe festa ez litzateke posible izango. Zer esan lanean asteak edo hilabeteak eman dituztenei buruz, festaren motorra izan dira.

Gurekin batera orpoz orpo aritu den Arroako eskolari. Bertako irakasle eta langile guztien inplikazioa benetakoa izan da aurrez eta festa egunean, mundial egin duzue.

Gure alboan sentitu ditugu EHIGE eta BAIKARA guraso elkarteak eta eskola txikietako irakasleen koordinatzailea, haiei ere eskerrak.

Gure eskerrik beroenak era batera edo bestera lagundu duten enpresa, talde, edo elkarteei, Egun guztian zehar auzoa girotu zuten musika taldeei, eta tailer ezberdinak antolatu zituzten guztiei.

Eskerrik asko Zestoako Udaletxeari eta bertako brigadako zein bestelako langileei, festa aurretik eta ondoren Arroa prestatu eta txukundu dutenei.

Atzo Arroara etorrita gure festa eta orohar eskola txikiak babestu zituzten Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei ere eskerrik asko. Baita hezkuntza munduko elkarte, sindikatu, eta alderdi politikoei ere.

Muxu potolo batekin eskerrik asko Porrotxi, lehenaz gain, gure umeak buru belarri festari begira jarri zituen bisita sorpresagatik.

Esker ona agertu nahi diegu gure mezua lau haizeetara zabaltzen lagundu duten komunikabideei, bozgorailu bikaina izan zarete eta gurea bezalako auzo txiki batek halako ohiartzuna izateak erabat bete gaitu.

Eskerrak ematen hasita, baita ama lurrari edo naturari ere. Gaur goizean esnatu garenean geneukan euri langarra ikusita atzo jada oso ona iruditu zitzaigun eguraldia are gehiago estimatu dugu.

Eskertza luze honetan inor ahaztu baldin badugu ez gaizki hartu. Oraindik atzoko emozioa eta nekea gurekin ditugu eta baliteke memoriak huts egin izana, baina denok zaituztegu gogoan, bikaina izan baita.

Azken lerroak Oikiara begira idatziko ditugu: gure berotasuna eta hauspoa oikiarrei, guk egindako bidea orain hasiko dute haiek, luzea eta gogorra une batzuetan, neketsua ere bai, baina aberasgarria eta gozagarria zalantzarik gabe. Animo eta eutsi gogor!!

ESKOLA TXIKIAK BIZIRIK, AUZO ETA HERRI TXIKIAK BIZIRIK!!!!!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide