Albisteak

Eskola Txikien Festaren antolaketa aurrera doa

30 bat lagun bildu ziren astelehenean Guraso Elkarteak eskola txikien festari begira egindako herri batzarrean. Lan talde ezberdinetan lanean ari direnez gain, eskolako zuzendari irakasleen ordezkari gisa, eta auzotarrak ere batu ziren.

Sakulupe Guraso Elkarteak balorazio positiboa egin du bileraz: jendearen parte hartze maila eta informazio partekatzea egokiak izan baitziren.

Orain arte egindakoa azaldu zuten lan talde ezberdinek. Lotuta dauden gauzak eta aurrera begira dauden ideiak. Iritzi berriak eta ezberdinak jasotzeko aukera egon zenez, batzarraren helburua bete zela azpimarratu du Guraso Elkarteak.

Hasiera honetan lan gehien egin behar izan duen taldea materialen salmenta taldea izan da. Eskola ezberdinetatik izan den eskaera aztertu zen, baita Arroabean bertan saldutakoa ere, eta salmenta bide onetik doala adierazi zuten. Eskualde mailan festaren berri emateko eta festaren logoa ahalik eta gehien zabaldu dadin, hainbat herritan salmenta puntuak jartzea erabaki da. Hala, abenduan zehar hauek izango dira salmenta puntuak: 21ean Azpeitin egongo dira San Tomasetan, 26an Zestoan Zoroperi egunean, 28an Getarian puzgarriak daudela aprobetxatuz, eta 31an Zumaian San Silvestre lasterketatan.

Azkenik, denek argi adierazi zuten festa ondo aterako bada elkarlanetik izango dela, haurren guraso, eskolako irakasle, eta auzotarrak orokorrean, denak beharrezkoak dira.

Norbaitek antolakuntzara hurbildu nahi badu, batzordeak zabalik daude eta Guraso Elkarteko kideengana ere jo dezake. Hilabete barru inguru beste herri batzarra egingo da prestakuntza lanak nola doazen baloratzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide